Hossain Kaanache: "Oihartzuna eman nahi diot etorkinen sufrimenduari"

Iñigo Gaiton 2017ko api. 4a, 09:38

'5560 laranja azal' proiektua abiatuko du larunbatean Hossain Kaanache oriotarrak. Gurasoek egin zuten bidaia aurkako noranzkoan egingo du korrika eta bizikletan.

Hossain Kaanache. (Iñigo Gaiton) Marokoko Taza herrirantz abiatuko da Hossain Kaanache larunbatean. Korrika eta bizikletaz egin nahi ditu Orio eta bere aitona bizi den herriaren arteko kilometroak. Lanpetuta dabil egunotan, besteak beste, bidaia txukun grabatzeko modua topatu nahian, itzuleran dokumentala osatu ahal izateko. Herrian dagoeneko norbaitek esan du: "Hara, Hossainen beste harrikada bat…". Denok ditugu halakoak, ezta? Harrikada baino, ametsa da niretzat, barru-barrutik atera zaidan proiektua. Zein helburu du bidaiak? Munduan gertatzen ari diren bidegabekerien inguruko kontzientzia pizteko ahaleginean, nire hondar alea jarri nahi dut, eta inguru hurbilean eragiten saiatu. Ia 50 urte pasa dira gurasoak Marokotik Oriora etorri zirenetik; bidaia bera egitera zoaz kontrako noranzkoan, korrika eta bizikletaz. Gurasoek, etorkin guztiek bezala, asko sufritu zuten moralki, espiritualki eta psikologikoki. Beraiek pairatutako minari oihartzuna eman nahi diot, nire ahalegin fisikoa metafora gisa erabiliz. Erronka fisikotik haratago, beraz, aldarri kutsua ere badu proiektuak. Bai, guztiz. Mundu justuago eta jasangarriago baten aldeko mezua zabaldu nahi dut. Egungo bidegabekerien amorru edo suminduratik jaiotako bidaia al da? Pena edo bihozminetik gehiago du. Gizarteak duen norabidearen inguruan hausnartu eta erabaki sendoak hartzen ez baditugu, mundua pikutara joango da. XXI. mendean legezkoa da oraindik gari tonak erosi, gorde, eta Afrikan lehorte batek lehengaiaren prezioa igotzen duenean, orduan saltzea. Gosea sortzeaz gain, bertakoak moralki hondoratzen ditu horrek. Legeek moralaren eta etikaren pare joan beharko lukete. Eta dokumentalarena? Izena ere badu dagoeneko: 5560 laranja azal. Nire gurasoek bidean pasa zituzten eskasia uneekin du zerikusia. Azalduko dugu aurrerago. Ibilbidean zehar geldialdiak egin eta hitzaldiak emateko asmoa ere baduzu. Sortzen ari diren hezkuntza eredu berriei buruzko saioak izango dira. Nire lantokian, Agintzarin, egiten dugunaren berri ere emango dut: baldintza egokietan hazteko zailtasunak dituzten haur, nerabe eta umezurtzen errealitateaz arituko gara. Eskasiaren gaia ere landuko dugu, ikuspegi ekonomikotik. Bide zuzenena hartuta 1.600 kilometro izango zenituzke Tazaraino, baina 2.600 kilometrotako ibilbidea aurreikusi duzu. Gurasoek egindako bidaian, bizi zituzten esperientziengatik, leku batzuk oso bereziak bihurtu ziren beraientzat. Toki horietako istorio asko kontatu dizkidate urtetan, eta ezagutu egin nahi ditut. Lehen etapan, esaterako, Oriotik Donostiara joateko ia 100 kilometro egitea espero dut. Zenbat denboran iritsi nahi duzu Marokora? Hiru aste inguru beharko ditut, egunero 150-160 kilometro eginda. Azkenean, denbora arazoengatik, korrika nahi baino gutxiago egingo dut eta bizikletan tarte gehiago. Zurekin doa Amaia Arteaga neska-laguna ere. Logistikarekin lagunduko al dizu? Bai, eta beste lagun bat ere bai, nik pasa diodan gidoia eskuan duela bidaiako esperientzia guztiak grabatzeko. Amaia eta biok logistika eta produkzio lan handia izango dugu: udaletara deitu, sukaldean egin, lotarako lekuak bilatu… Prest al zaude fisikoki? Espainiako duatloi txapelketa prestatzen aritu naiz buru-belarri. Ustez, nahikoa izango dut entrenamendu horrek emandako sasoi puntuarekin bidaia ondo egiteko; hori bai, sufrimendua ez dit ezerk kenduko. Gogorra izango da. Sare sozialetan aktiboa zara, eta asko erabiltzen dituzu bizipoza, errespetua, ilusioa, itxaropena, hezkuntza eta iraultza bezalako hitzak. Zer da Hossainentzat zoriontasuna? Egunero ohetik jaikitzeko ilusioa mantendu eta proiektu pertsonalak izatea da: txakur bat hezi, liburu bat idatzi edo Everestera igo... Edozerk balio du. Norbera benetan betetzen duten gauzak zeintzuk diren jakin eta horiek egiten bizitzea, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide