Joxean Olaskoaga Aizperro Donostiako Estropadako lehen jardunaldian arraunean. (Lide Ferreira/Irutxuloko Hitza)
Igandean bukatu zuten traineru estropaden denboraldia, eta Urdaibai izan da aurten San Miguel Ligako txapelduna. Eskualdeko taldeei dagokionean, Zumaia mailaz jaitsi da, eta datorren denboraldian KAE 1 Liga jokatuko du. Orio, berriz, bosgarren sailkatu da, baina Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza taldea ez dago gustura lortutako emaitzarekin. Hori dela-eta, elkartetik jakinarazi dute Joxean Olaskoaga
Aizperro datorren denboraldian ez dela Orioko gizonezkoen traineruko entrenatzailea izango.
Orio Arraunketa Elkartearen zuzendaritza eta Joxean Olaskoaga denboraldiaren balorazioa egiteko bildu ziren pasa den astean, eta Olaskoagak ez jarraitzea adostu zuten bi aldeek. Elkartetik jakinarazi dute aurreko postuetatik gertuago ibiltzea espero zutela, «baina emaitzak ez dira onak izan». Iritzi berekoa da Olaskoaga entrenatzailea ere: «Egia esan, denboraldiaren hasieran hobeto ibiltzea espero genuen, baina oso maila altuko taldeak daude gaur egun San Miguel Ligan, eta edozein hutsegite txikik atzera bidaltzen zaitu sailkapenean. Oso zaila izaten da gero horri buelta ematea, eta horrek presio handia sortzen du. Nik ere ez nuen nire burua datorren denboraldian jarraitzeko indarrarekin ikusten», azaldu du.
Dena dela, Orio Arraunketa Elkarteak «egoki» baloratu du
Aizperro-k arraunlari gazteekin egindako lana, «baina aurrerantzean salto bat eman nahiko genuke», azaldu dute elkartetik. Aizperroren iritziz, «harrobian oinarritutako talde lehiakorra sortzeko denbora behar izaten da. 2-3 urte behar dira gutxienez, eta denbora horretan argi izan behar da emaitzak ez direla nahi bezain onak izango» azaldu du.
Hala ere, Orio Arraunketa Elkarteak eskerrak eman dizkio
Aizperro-ri egindako lanagatik eta izandako jarreragatik. Orain arrauna uztea da Aizperroren asmoa. «Oso nekatuta bukatu dut, eta aldaketa behar dut. 42 urte ditut eta urte asko daramazkit arraunean. Nire lana dut, eta beste bizimodu bat jarraitu nahi dut aurrerantzean». Dena dela, etorkizunean zer egingo duen ez daki oriotarrak.
Herritarrekin bilera
Azken hilabetean Orion zalaparta sortu duen 1939ko Kontxako Banderaren auziarekin ere burubelarri lanean ari dira Orio Arraunketa Elkartean. Donostiako Estropadaren bezperan arraun munduko hainbat lagunek agerraldia egin zuten Donostian banderaren baliogabetzea salatzeko, eta ordutik gaia lantzen ari dira. Espresuki 1939ko banderaren auzia aztertzeko batzordea sortu dute, eta behar diren izapideak egiten ari dira. Alde batetik, Donostiako alkate Eneko Goiarekin harremanetan jarri dira, eta gaia aztertzeko bilera egiteko borondatea erakutsi duela azaldu dute batzordetik; bilera eguna eta ordua jarri zain daude orain.
Bestetik, oriotarrek ere batzordean parte hartzea nahi dute, eta ostegunean bilera irekia egingo dute Salatxo aretoan. 19:00etan bilduko da batzordea gaian interesa duten herritarrekin. Epe laburrean emango diren pausoen berri eman eta herritarrak hizketan jartzea dute helburua. Izan ere, batzordekoek uste dute 1939ko Kontxako Banderaren inguruan informazio asko izango dutela oriotarrek. Jakin badakite garaiko oriotarrek bandera horren bueltan kontatutakoa ez dagoela idatziz jasota eta ikerketarako baliatu nahi dute.