Gure Bazterrak ekimeneko antolatzaile Eñaut Marti eta Maider Villaverde. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Gure Bazterrak egitasmoak musika udalekuak antolau ditu ekainaren 28tik uztailaren 5era bitartean Getariako Askizu Aterpetxean; musika ulertzeko beste ikuspuntu bat eskaini nahi die 8-14 urte bitarteko haurrei udalekuetan. Eñaut Marti Gure Bazterrak egitasmoko antolatzaileak hala uste du: «Guk sinesten dugu musika teorikoki ikasi baino, praktikotasunetik ulertu eta gozatu behar dela. Udalekuetan parte hartzen duten haurrek alderdi hori jorratuko dute. Elkarrekin entseatu, inprobisatu eta musika tresnak elkarbanatuko dituzte».
Horretaz gain, musika talde baten funtzionamendua zein den ere ikasiko dute. Gure Bazterrak egitasmoaren helburuetako bat euskal musika eta musika taldeak ezagutzera ematea izan da hasieratik, eta udalekuetan arlo hori ere jorratuko dute. «Euskal musikariak eta musika taldeak etorriko dira udalekuetara, zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte eta haurrekin hitz egingo dute, musika talde baten egunerokoa nolakoa den eta taldea sortzeko zer urrats eman behar dituzten azaltzeko».
Finean, haurrek musikarekiko duten hautematea aldatzea da musika udalekuen helburua. «Askotan haurrek betebehar bat bezala ulertzen dute musika, ez dute jolasten beren musika tresnarekin. Guk hori aldatu nahi dugu, musikarekin gozatu eta ondo pasa dezaten». Horregatik garrantzitsua da udalekuetan parte hartzen duten gaztetxoek musika tresnaren bat ezagutzea pixka bat bada ere.
Bide berriak jorratuz
Iaz azaroaren 29an Orioko Kiroldegian egin zuten jaialdiarekin biraka hasi zen Gure Bazterrak egitasmoa. Hasieratik azaldu zuten antolatzaileek
Gure Bazterrak «musika festibal bat baino gehiago» izatea nahi zutela. Euskal Herriko musikari «buelta bat» eman eta oraindik ezagutzen ez dituzten bide berriak jorratuz musikaren mundua hobetzea delako egitasmoaren asmoa. Haurrei zuzendutako udalekuak horretarako urrats garrantzitsua direla uste du Martik. «Gizarte bateko aldaketa guztiek hezkuntzan dute gakoa. Haurrengan musika ulertzeko modua aldatzen badugu eta musikarekin gozatzeko bidea erakusten badiegu, etorkizunean gizarteak musikarekiko joera berria izango duela uste dugu».
Musika udalekuen inguruko informazio gehiago edo izena eman nahi dutenek musikalaborategia@gmail.com helbidera idatzi behar dute.