Orioko ‘Karkara’ aldizkaria berritu egingo dute, eta urtarriletik aurrera hilabetekaria izango da

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko abe. 17a, 04:00

Lore Berasaluze 'Karkara'-ko zuzendaria, ale batzuk eskuetan dituela (Aiora Larrañaga/Hitza) Berritzea ezinbestekoa da aldaketak etengabeak diren garaian. «Kazetaritza ereduak eta gizartea etengabe aldatzen» ari direla jakin badakite Karkara-ko kideek, eta urrats bat aurrera egitea erabaki dute. Duela 14 urte hilabetekari izatetik hamabostekari izatera igaro zen Karkara, eta egoerak bultzatuta hilabetekari izatera pasakoko da, berriz, urtarriletik aurrera. «Krisi ekonomikoa eta kazetaritzaren eredu krisia dira aldaketa egiteko arrazoi nagusiak. Ikusi dugu indar gehiago eskaini behar diogula euskarri digitalari, eta paperekoa gehiago landu behar dugula. Aldizkaria hamabostekaria izanda, ordea, ez dugu bi euskarriak indartzeko nahikoa baliabide ekonomiko eta giza baliabide», azaldu du Lore Berasaluzek, Karkara-ko zuzendariak. Hedabideko kideak oraindik behin betiko proiektua lantzen ari dira, baina zenbait puntu zehaztuta dute jada. Orioko urteko egitaraua kontuan hartuta, hilabete amaieran aterako dute aldizkaria, «gaurkotasuna ahalik eta gertuena jaso ahal izateko». Hamar zenbaki aterako dituzte urtean, eta uda garain bi hilabeteko etenaldia izango du. 2014tik aurrera aldizkaria hilabetekaria izango bada ere, ez dute Karkara proiektuarekin hautsi nahi izan. Hamabostekariaren «jarraipena» izango da, eta hainbat atal mantendu egingo dute papereko aldizkari berrian. Hilabetekaria izateak paperean elkarrizketak eta erreportajeak sakontzeko eta lantzeko aukera emango dio Karkara-ko lan taldeari. «Hamabostekaria izanda ez dugu denborarik erreportajeak eta elkarrizketak nahi genukeen bezala lantzeko, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu paperari denbora eta pazientzia eskaintzea», adierazi du zuzendariak. Eguneroko albisteak karkara.com-en bitartez iritsiko dira herritarrengana. «Hilabetekarian webgunean hilabetean argitaratu ditugun albiste nagusiak sartuko ditugu, oriotarrek herrian zer egosten ari den jakin dezaten». Laguntzaile bila Etorkizunari begir,a Karkarako kideek uste dute «herritarren babesa ezinbestekoa» dela proiektuak aurrera jarrai dezan. «Euskarri digitalak oraindik ez du dirurik ematen. Horregatik, proiektua babestuko duten herritarrak behar ditugu». Igandean merkatarien azokan postua jarriko dute, Gabon garaian herritarrei Karkara oparitzeko mezua zabalduz. Horretaz gain, 2014an etxez etxeko kanpaina abiatuko du hedabideak, laguntzaileak lortzeko. Iban Egiguren Karkara-ko publizitate arduradunak egingo du kanpaina.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide