Arraun mundua doluan dago, igandean hil baitzen Juanito Lizarralde
Altxerri (Orio, 1934), Orion arraunketa modernoa bultzatu zuen patroia eta arraunlaria. Altxerri zaharra aurreko mendeko 50eko hamarkadaren hasieran hasi zen arraunean. Oriok 31 aldiz irabazi du Donostian Kontxako bandera, inork baino gehiago, eta Altxerrik hamar zituen. Oriorekin bederatzi irabazi zituen; hiru arraunlari bezala, eta sei patroitzan. Aita Manuel sanpedrotarraren ondoren Lizarralde izan da patroi bezala Kontxako bandera gehien irabazi duena.
Altxerri aita-semeak, 2012ko irailean, Orioko portuan. Eserita, Juanito Lizarralde Altxerri.(Aitor Manterola/Hitza)
Arraunketari lotutako bizitza izan zen Altxerrirena, eta argi zuen gailurrera iristeko, «behetik hasi beharra» dagoela, bideari ekinez. UROLA KOSTAKO HITZA egunkariari zera azaldu zion iazko irailean: «Gaztetan egun osoa ibiltzen ginen ibai bazterrean bueltaka, eta, azkenean, sartu egin behar. Legea bezalakoa zen. Eta behin hasiz gero, segitu egin behar». Aurreko belaunaldian ez zuen aitona arraunlaririk izan, bera izan zen lehendabizikoa. «Gure osaba bat bazebilen arraunean, baina etxean aurrenekoa izan nintzen». Hasi bazen, hasi zen. Ziurrenik, orduan ez zitzaion burutik pasatu ere egingo arraun munduko eta Orioko historia bizia bilakatuko zenik.
Arraunlari gisa ekin zion ibilbideari. «1970ean hasi nintzen patroitzan, beste arraunlarien artean egokirik ez zegoela eta. Gainera, esan zidaten neuk neramala urte gehien arraunean, eta aproposena nintzela. Ondo atera zen», adierazi zion Hitza-ri. Hala ere, arraunlari izaten segitzea nahiago zuen Altxerrik: «Gehiago gustatzen zitzaidan, nekatu gehiago nekatzen banintzen ere». Garai hartan, patroia izaten zen entrenatzailea; «jefea», berak zioen bezala. «Beti egoten da asko dakien jendea, baina norberak bereari eutsi behar dio, besteek esandako denari kasu egin gabe. Gero, denak isildu ziren, irabazi egiten genuen eta».
Historia egin duen arraunlaria
1960eko hamarkada erdialdean eta 1970eko hamarkada hasieran arraunketan iraultza izan zen Orion. Arraunlari izatetik kirolari izatera igaro ziren. Iraultza horren sustatzaileetako bat izan zen Juanito Lizarralde
Altxerri, Patxi Sarasuarekin batera. «Garai horretan gainontzeko arraunlariak baino 10-15 urte zaharragoak ginen, eta guk hartu genuen traineruaren ardura», azaldu dio HITZA-ri Patxi Sarasua arraunlari ohiak. «Espainiako Arraunketa Federazioak zortzikoa osatu zuen Herrialde Katalanetako Banyolas taldeko lau arraunlarirekin eta sei oriotarrekin, eta oriotarren
jefe joaten zen Altxerri. Europan zehar aulki mugikorreko estropadak jokatzen zituzten, eta bertan ikusitakoak Orion aplikatzen hasi ginen. Horrek arrauna ulertzeko moduan aldaketa sakona ekarri zuen. Aurreko joerak alde batera utzi eta Orion arraunketa modernoa abiatu genuen».
1970eko hamarkada hasieran Altxerri joaten zen patroi, eta Sarasua ezker hanketik. «Arraunlari eta patroi ona zen, erresistentzia eta indar handikoa; oso saiatua, gainera. Argi zuen zer nahi zuen eta gogorra zen», dio Sarasuak Lizarraldez. «Hala ere, beti iristen ginen erdi bideko akordio batera».
Kaikuko entrenatzaile Jose Luis Kortak gogoan du garai hura. Lizarralde eta Sarasuaren gidaritzapean arraunean egin zuen 70eko hamarkadan, izan ere. Lizarralde patroi esperientziaduna zen, eta Korta arraunlari gaztea. Gizon «saiatua» zela gogoratu du Kortak. «Zorte handia izan genuen traineruan maisu handiak izan baigenituen. Horietako bat izan zen Altxerri. Hogei urte inguru genituen, eta 30 pasa zituen hark. Harrigarria zen entrenamenduetan jartzen zuen grina. Arrauna barrutik bizi zuen».
Kaikuko entrenatzailearen iritziz, arraunlari eta patroi «onenetakoa» hil da; arraunaren historian erreferentea. «Kirolari handia izan zen, jenio bizikoa, gainera. Arraunlari eta patroi ona izateko ezinbestekoa da berak zituen jenioa eta grina».
Portugaleteko entrenatzaile Joxean Olaskoaga
Aizperro beste belaunaldi batekoa bada ere, Altxerrik arraun munduan izan duen garrantzia oso presente du. «Altxerri erreferentea izan da beti Orioko arraunarentzat. Mitikoak dira Lujanbio, Korta, baita Altxerri ere. Arraunlari eta patroi handiak izan dira, eta aro bat markatu zuten. Juanito Lizarralde
Altxerri-ren izena arraunaren historian nabarmenduta geratuko da beti».
Orioko Arraun Elkarteko lehendakari Ibon Huegun ere iritzi berekoa da, eta Orioko arraunarentzat «oso pertsona garrantzitsua» hil dela adierazi du. «Orioko arraunketarentzat eredua izan da Altxerri. Oso oriotarra zen, eta kolore horia barrutik bizi zuen. beti defendatu zituen Orioren interesak».