Orioko plaza, kultur topagune

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko eka. 26a, 04:00

Orioko kaleetan barrena berriketan zihoazen bi lagun, jatorriz senegaldarra den oriotar batekin gurutzatu eta elkar agurtu zutenean. «Inoiz pentsatu al dun nolakoak izango ote diren etorkizuneko oriotarrak?», galdetu zion batak besteari. «Anitzak, kultura, erlijio edota ohitura desberdinak izanda ere, denak batera elkarbizi direnak», erantzun zion bigarrenak. Izan ere, Orioko plazan eseri eta aurretik igarotzen direnei begiratu besterik ez dago, azken urteetan Orioko gizartea aldatzen ari dela ohartzeko. Astero bildu dira hainbat komunitateko ordezkariak niztasunaren festa antolatzeko (Aiora Larrañaga/Hitza) Orioko Udala aldaketa horren jakitun izan da hasieratik, eta ildo horretatik, duela lau antolatu zuen lehen aldiz Kultur Aniztasunaren Festa. «Hasieran festaren asmoa etorkinak euskarara erakartzea izan zen», dio Jabier Zabaletak, Orioko Udaleko Euskara teknikariak. «Garai horretan etorkinek euskararen oinarrizko ezagupena izan zezaten Aisa ikastaroa antolatu genuen, eta arrakasta handia izan zuen. Hiru talde sortu ziren. Parte-hartzaileak oso gustura aritu zirenez, ikastaroari amaiera emateko Kultur Aniztasunaren Festa antolatu genuen». Jaiak oriotarren artean, oro har, izan zuen «harrera ona» ikusita, ordutik urtero-urtero antolatu dute. Hasierako helburua presente badute ere, beste hainbat helburu ere badu egun jaiak. «Jatorri askotako oriotarren kultura eta gastronomia gainontzekoei ezagutaraztea, eta Orio anitza dela aldarrikatzea». «Oinarrian denok berdinak» Oinarrian, barru-barruan, berdinak gara./ Izadian naturak bezalaxe,/ gizadian kulturak aniztasun izugarria du;/eta aniztasun horrek,/harremanean, hartu eta emanean,/ errespetuan eta bakean,/ elkarren osagarri egiten gaitu/elkar aberasten gaitu. Hala dio ekainaren 30ean euskaraz, wolofez, gaztelaniaz, arabieraz eta portugesez irakurriko duten manifestuak. Itxuraz desberdinak iruditu arren, bene-benetan munduko pertsona guztiek nahi berak dituztela aldarrikatuko dute festan. Gorputzaren kasuan, azalak bezala,/bereizten gaitu, kulturarenean, axalak,/ axaleko formak//.Desberdin dugu jaten eta edaten, desberdin kantatzen eta mintzatzen;/ baina premia berdina dugu jateko, edateko, kantatzeko eta komunikatzeko. Orioko Udaleko zinegotzi Amaia Dorronsororen ustez, itxuraz desberdinak izanda ere presente izan behar da kanpotik etorri direnak ere Orioko herritarrak direla. «Udalak baliabideak jarri behar ditu jatorri askotako oriotarren arteko elkar ezagutza eta integrazioa sustatzeko. Igandeko jaia Orioko aniztasunaren erakusleihoa izango da. Euskaldunok gure bizilagunen kultura eta ohiturak ezagutuko ditugu, eta gainontzekoekin harremanak sendotzeko aukera aproposa izango da». Dorronsororen iritziz, askotan egunerokotasunean jatorri anitzeko oriotarrek «ez dute izaten elkar ezagutzeko aukerarik», eta jaiak lasai hitz egin eta elkar ezagutzeko aukera emango die oriotarrei. «Esperientziak eta ezagutzak konpartitzeko unea izango da; kultura desberdinak izan arren denok pertsonak garela eta nahi oso antzekoak ditugula ezagutzekoa, alegia». Integrazio prozesuan «elkar ezagutza» da giltza, Dorronsororen arabera. «Kanpotik etorri direnek gure kultura eta bizimodua errazago ezagutzen dute gure artean bizi direlako, eta errespetu osoz jokatzen dute. Ildo horretatik, gurentzat ere oso aberasgarria izango da haiena ezagutzea, aurreiritziak eta beldurrak gainditzen lagunduko baitigu». «Asko dugu haiengandik ikasteke, bizitzeko beste filosofia bat dutelako eta sufrimenduaren aurrean erantzuteko eta jokatzeko beste modu bat dutelako». Aniztasuna aberastasun Kultur Aniztasunaren Jaian bederatzi postu jarriko dituzte, eta hainbat herrialdetako gastronomia dastatzeko aukera izango da. Eta munduko hainbat txokotako musikak, dantzak eta hizkuntzek toki berezia izango dute. Jatorri bereberreko Ouarda Mallal dantzari eta koregrafo oriotarra izan da arratsaldeko jaialdia antolatu duena. «Ikuskizun ikusgarria eta aberatsa izango da. Ekialdeko dantzen fusioa ikusteko aukera izango dugu». Youssef Batanero, Leire Mendez eta Leire Hator dantzari ezagunak, edota Sahamaliats konpainia eta dantza afrikarren Artexivu taldea igoko dira oholtza gainera igandean. Mallalek aurreko urteetan ere parte hartu izan du aniztasunaren festan, eta haurrek kulturekiko izaten duten interesak «harritu» izan du beti . «Umeek jakin min handia dute. Askotan gurasoei zerbait eskaintzen diegunean, eurei bertako gastronomia soilik atsegin zaiela erantzuten digute, eta ez dute kanpokoa probatu nahi izaten». Haurrek, ordea, jarrera irekiagoa izaten dutela uste du bereberrak. «Gainera, azken urteetan eskolan kultur aniztasuna handiagoa da, eta guraso euskaldunak dituzten haurrek ere asko dakite munduko beste kulturen inguruan. Belaunaldi berriak kultur aniztasunean murgilduta hazten ari direla antz ematen dugu, joerak aldatzen ari baitira». Orion bizitzen bederatzi urte daraman Francis Bermudezen iritziz, Kultur Aniztasunaren Jaiak kultura askoren arteko harremanak sortzen laguntzen du. «Zenbaitetan hainbat pertsona egunero ikusten baduzu ere, ez da izaten haiekin hitz egiteko aukerarik edo aitzakiarik. Kultur Aniztasunaren Festak hori ahalbidetzen du, eta kultura askotako lagunen arteko harremanak bideratzen laguntzen du». Nikaraguarraren iritziz gainontzekoek behin euren kultura ezagutzen dutenean, «gehiago ezagutzeko» eta euren herrialdeetan nola bizi diren eta zer gertatzen den ezagutzeko interesa izaten dute. Iritzi berekoa da Sidya Bodian senegaldarra ere. 2007tik Orion bizi da, eta zera dio: «Egia esan behar badut, ni hasieratik oso ondo hartu naute oriotarrek. Ez dut kexarik alde horretatik. Antzeman dut azken urte hauetan jendea irekiagoa bihurtzen ari dela». Senegaldarraren iritziz, Kultur Aniztasunaren Festa beren kultura ezagutarazteko aukera aproposa da, eta oriotarrak jaian parte hartzera animatu ditu. «Guk postuan Senegalen ezagunak diren jatekoak eskaintzen ditugu: arroza arrainarekin, yassa, brochet edota esnez eginiko edari tipikoa, esaterako. Arrakasta izaten du bertakoen artean, eta oso azkar amaitzen da». Bodianek argi utzi du Kultur Aniztasunaren Festak ez duela irabaziak lortzeko asmorik. «Gure helburu bakarra, gurea dena oriotarrei ezagutaraztea da, hartu-eman hori denontzat aberasgarria baita», azaldu du, garbi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide