Vicent Guillem (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1974) biokimikan doktoreak larunbatean hitzaldia emango du Orioko Ikastolako areto nagusian, 18:00etatik aurrera, Mandalara taldeak antolatuta. Bizitzaren zentzuaz ariko da bertan, eta heriotzaren ondoren gertatzen dena ere izango du hizpide. Hitzaldia doan izango da, eta gaiarekiko interesa duen oro bertara gonbidatuta dago.
Maitasunaren garrantzia izango duzu ardatz datorren larunbateko hitzaldian.
Unibertsoa maitasunaren legearekin bateratzen da. Espirituak maitatzeko gaitasuna ematen digu, zoriontsu izan ahal izateko, eta norbanakoaren garapena maitatzeko gaitasunaren eboluzionarekin erlazionatuta dago. Nik uste dut maitatzera etorri garela mundu honetara, eta bizitza desberdinetan egoismoa pixkanaka alde batera utzi, eta maitatzen ikasten dugula. Ereiten dugunaren araberako uzta bilduko dugu, baina bi horiek ez dute zertan bizitza batean gertatu. Nik uste dut bizitza batean bizi dugun hainbat egoera, aurreko bizitza batean egin dugunarekin erlazionatuta dagoela.
Zure hitzaldiak arazoak dituzten pertsonei lagun al diezaieke?
Uste dut hitzaldiak itxaropen handia eman diezaiokela pertsona maite bat galdu duenari, edo gaixotasun edo krisi espiritual edo materialengatik sufritzen ari denari. Nire azalpenek bizitza beste modu batera ikusten lagunduko diete herritarrei. Herritarrek sufritu egiten dute gertuko norbait hiltzen denean, usten dutelako pertsona horren heriotzarekin harekin zuten harremana bukatu egin dela. Hitzaldian azalduko dut heriotza ez dela existitzen, beste bizitza baterako igarobide bat baino ez baita. Heriotzaren ondoren bizitzak jarraitu egiten du.
Ez da ohikoa zientzialariak emozioez hitz egiten aritzea, ezta?
Normalean zientzialarietan pentsatzen dugunean gogora etortzen zaigu bizitzaren ikuspegi materialista duen norbait. Ni neu bizitzari zentzua aurkitzen saiatzen naiz, eta zentzu hori aurkitu dut konturatu naizean izaki espiritualak garela. Uste dut gero eta gehiago garela espiritualtasunaz hitz egiten dugun zientzialariak. Zientzia arloan formazioa izateak gai anitzen inguruan ikertzeko erraztasuna eskaini dit. Izan ere, zientziak egia aurkitzea du helburu, eta uste dut ez duela egon behar zientziaren bidez aztertu ezin daitekeen esparrurik.
Emozioek eta gaixotasunek erlazioa dutela uste al duzu zuk?
Nik neuk uste dut badirela hainbat gaixotasun arazo emozionaletan jatorria dutenak. Izan ere, pertsona batek arazoak dituenean, horiek zuzenean eragiten diote lotarako duen gaitasunean. Jende askok ez badaki ere, lo egitean atseden hartzeaz gain, gorputzeko zelulak osatu ere egiten ditu gorputzak. Norbaitek arazo batengatik ezin badu lo egin, eta egoera hori denbora askoan luzatzen bada, ahul dauden organoei eragingo die, eta gaixotasunak sor daitezke.
Uste duzu ezinezkoa dela gaixotasunak sendatzea jatorrizko arazoa sendatu gabe?
Gaixotasun guztiek ez dute jatorria arazo emozinaletan. Beraz, lehenik eta behin hori aztertu behar da. Hori eskaner bat eginez jakin daiteke, shok emozionalak ikusten baitira eskanerretan. Gaixotasunak jatorri emoziala badu, lehenik eta behin hori sendatu beharko da. Sendatzen ari den heinean lo egitea lortuko du gaixoak, eta pixkanaka gaixotasun sendatuz joango da.