Joxe Ramon Salsamendi: «Oso gustura nago, 87 urterekin margotzeko pultsu eta ikusmen ona baititut»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko api. 19a, 10:00

(Aiora Larrañaga/Hitza) Joxe Ramon Salsamendi (Orio, 1925) margotzen ezagutu dute oriotarrek beti. Orioko txoko ugari marraztu ditu, eta azken hamarkadetan herriak izandako aldaketa ikusi daiteke kultur etxean jarri duen erakusketan. Zer motatako margolanak aurkeztu dituzu erakusketan? Bi motatakoak daude, olio margoz egindakoak batzuk, eta plumillarekin egindakoak besteak. Niri teknika hauek dira gehien gustatzen zaizkidanak. Akuarelarekin ere margotu izan dut, baina ez dit grazia handirik egiten. Erakusketan ba al dago gainontzekoak baino gehiago gustatzen zaizun koadroren bat? Hemen erakusgai dauden guztiak atsegin zaizkit niri. Oso gustura nago emaitzarekin, eta erakuskera ikustera etorri direnak ere oso txukun geratu dela esan didate. Zer gai lantzen dituzu normalean? Nik paisaiak eta itsasoko gaiak margotzen ditut normalean. Erakusketan ikusi daitekeen bezala, Orioko txokoak margotzea asko gustatu izan zait. Donostia eta inguruko herriak ere islatu ditut nire margoetan. Orio Frantziako Saint Ciers herriarekin senidetuta dago, eta duela urte batzuk Orioko alkatea etorri zitzaidan Frantzian arte erakusketa jarri behar zutela eta nire koadro bat nahi zutela esanez. Olatu ikusgarri baten koadro zoragarria margotu nuen, Donostiako Paseo Berrian, Igeldo ere ikusten zena. Hainbat herrialdetako artisten koadroak bildu zituzten Frantziako erakusketan, eta lehen saria jaso zuen nireak. Frantziarrak etorri zitzaizkidan, eta koadroa erosi zidaten. Zer margotzen duzu kalean ado estudioan? Niri kalean margotzea gustatu izan zait beti; gustuko paisaia edo txokoa aukeratu, eta poliki-poliki margotzea. Plumillarekin egindakoak, berriz, etxean egiten ditut. Frantzian saria irabazi zuen koadroa Donostiako Paseo Berrian bertan margotu nuen. Hamar minutu inguru pasa nuen itsasoari begira, eta bat-batean olatu handi bat etorri zen, astoa bota zidan, eta ni neroni goitik behera busti ninduen. Kotxera joan, lehortu, eta margotzen jarraitu   nuen. Indar handia zuen koadroa zen hura, oso polita. Erakusketan ikusgai dagoen Toki Alaiko plumillazko koadroa, berriz, bertan marraztu nuen arkatzarekin, eta ondoren etxean tinta txinatarrekin pasa nuen. Afizioz margotu al duzu? Nik jaiotzetik izan dut pinturarako sena. Larunbat arratsaldetan izaten genuen marrazketa klasea. Gure aita bizargina zen, eta aitarekin lan egiten zuten bizarginak gerrara joan zirenean, ni hasi nintzen aitari laguntzen. 12 urterako gizonei bizarra mozten aritzen nintzen aulki batera igota. Garai horretan Orion Euskal Herrian egiten zen azokarik onena egiten zen, eta baserritarrak eta Donostiako harakin asko ere Oriora etortzen ziren ganadua saldu eta erostera. Larunbat arratsaldetan aitari marrazketa klasea nuela esan, eta txorakeriak zirela esaten zidan; baserritarrak ordu baterako bizarra eta ilea moztera etortzen zirela, eta bizartegian egon behar nuela. Beraz, bakarrik ikasi al duzu margotzen? Etxean margotzen nuen nik gaztetan, eta Daniel Bastos margolariaren laguntzarekin egin nuen nik nire lehen koadroa. Kotxea hartu, eta Lokate baserria margotzera joan ginen. Ordutik aurrera igandetan batera eta bestera joaten ginen paisaiak margotzera. Jubilatu nintzenean, berriz, astean hiru edo lautan Donostiara joaten nintzen margotzera. Oraindik ere margotzen jarraitzen dut. Gaur goizean bertan aritu naiz horretan. Oso gustura nago 87 urterekin oraindik ere margotzen jarraitzeko pultsu eta ikusmen ona baititut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide