Leandro Azkue Arrantza zuzendaria (Aiora Larrañaga/Hitza)
Duela hilabete eskas izendatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak Leandro Azkue (Orio, 1968) oriotarra Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendari. Orain arte Gipuzkoako Arrantzale Elkarteko idazkaria izan da, eta ederki ezagutzen du sektorea. Lanpostu berriaren nondik norakoak eta baxurako arrantzaren etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide Azkuek.
Arrantzarekin zerikusia duten ikasketak egin ez bazenituen ere, azken urteetan mundu horrekin lotura estua izan duzu.
Zuzenbide ikasketak egin nituen, eta bukatu ondoren enpresa aholkularitzan master bat egin nuen. Garai hura ere krisi garaia zen, eta oso zaila zen lana aurkitzea. Orioko kofradiako idazkaria
zenak lana aldatu zuen, eta lanpostua libre geratu zen. Hamabost oriotar inguru aurkeztu
ginen probara, eta ni aukeratu ninduten. Dena dela, itsasoaren mundua ez zen berria niretzat, etxetik bizi izan baitut txikitatik; aita, aitona, osaba, anaia, lehengusuak... arrantza munduan lan egin izan dute, eta itsasontziak ere izan ditugu etxean. Orioko kofradian hainbat urtean lanean jardun ondoren, Gipuzkoako Arrantzale Elkarteko idazkari izatera pasa nintzen duela lau urte, eta orain Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria naiz.
Ezustean harrapatu al zaitu kargurako zu aukeratu izanak?
Bai, ezustean harrapatu nau; dena oso azkarra izan da. Gabonak inguruan egin zidaten proposamena, eta ez nuen bi aldiz pentsatu, aukera ona zela iruditu baizitzaidan. Ordura arte nire nagusiak izan ziren arrantza munduko jendearekin hitz egin nuen, eta denak bat etorri ziren; ni Eusko Jaurlaritzan izatea Gipuzkoako arrantzarentzat eta batez ere baxurako arrantzarentzat aukera ona izango zela uste genuen, eta proposamena onartzea erabaki nuen.
Zer moduzkoa izan da hasiera?
Egia esan kargu berrira ohitzen ari naiz orain. Nik neuk baxurako arrantzaren munduan esperientzia handia dut, baina alde bateko ikuspegia dut. Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak ez du baxurako arrantza soilik kontuan hartzen, Ondarruko arrastreroak, Afrikan arrantza egiten duten atunontzi-hozkailuak, kontserberoak eta beste hainbat azpi sektore biltzen baititu. Oso mundu konplexua da, eta orain arte jorratu ez ditudan beste alde horiek ezagutzen ari naiz orain.
Zein izango da zure lana hemendik aurrera?
Orain arte Eusko Jaurlaritzak Arrantza eta Nekazaritza Saila zuen, baina krisi ekonomikoaren ondorioz murrizketak egin dira, eta sail hori desagertu egin da. Hala, azpisailak dira orain, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren baitan daude. Ni Arrantza eta Akuikultura gaietan Eusko Jaurlaritzako ordezkaria naiz, eta Espainiako Gobernuko Arrantza Saileko ordezkariekin gure arrantza eta kudeaketa eredua defendatzea eta negoziatzea egokituko zait.
Orain arte baxurako arrantzaleen interesak defendatzea eta eskatzea egokitu zaizu. Orain, ordea, mahaiaren beste aldean zaude.
Orain arte mahaiaren beste aldean zeudenei gure eskaerak egiten nizkien, eta behar zenean, baita kritika zorrotzak egin ere. Orain kritika horiek jasotzea dagokit, eta ahal dudan heinean gure arrantzaleei laguntzen saiatuko naiz. Aitortu beharra dago, Eusko Jaurlaritzak askotan ez ditu nahikoa eskumen eta baliabide sektorearen egoera hobetzeko, Espainiako Arrantza Sailak baitu erabakitzeko eskumena. Kasu askotan eskuak lotuak ditugu. Nahiko genuke guk gure antxoa eta hegaluzearen kuota, kudeaketa eredua eta ustiaketaren inguruko gaiak erabakitzeko eskumena izatea. Zoritxarrez, gauzak ez dira horrela, beste erakundeen menpe gaudelako, eta negoziazioak luzeak izaten dira.
Orain arte arrantzaleekin zuzeneko harremana izan duzu. Hurbiltasun horri eutsiko al diozu aurrerantzean ere?
Lehen ezinbestekoa iruditzen zitzaidan Arrantza sailburuak sektorearen errealitatea ezagutzea, eta hilabete Gasteizen daramadan honetan inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zait harreman hurbil hori mantentzea. Gasteiz urruti geratzen da, eta arrantzaz gain, sektoreari eragiten dien beste hainbat gai jorratu beharra ere izaten denez, ikuspuntua galdu egiten da. Horregatik, ahal dudan neurrian moilatik buelta batzuk eman eta arrantzaleen errealitatea gertutik jarraitzen saiatuko naiz.
Nola ikusten duzu baxurako arrantza?
Errealitatea portutik paseotxo bat emanda ikus daiteke, gero eta itsasontzi gutxiago baitago. Dena dela, bost urtean antxoa arrantzatzea debekatuta egon da, espeziearen etorkizuna ziurtatzeko, eta behin errekuperatu denean, esan daiteke antxoa eta hegaluzearen kosterarekin baxurako arrantzak baduela etorkizuna hortik ateratzeko aukera ona. Baxurako arrantzari dagokionean, Getariako portua Espainiako Estatuko garrantzitsuena da, Ondarrukoarekin batera. Getariako eta Orioko itsasontziek bertan lehorreratzen dute arraina, eta itsasontzi kopuruari eta harrapaketari dagokionean ontziteria garrantzitsua da gurea. Baxurako arrantzak etorkizun ona izango du, bi espezie nagusiak, antxoa eta hegaluzea, azken urteetan zaintzen ari garen bezala zaintzen baditugu.
Baxurako arrantzak ba al du beste erronkarik?
Baxurako arrantzaren etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa da belaunaldi berriak itsasora hurbiltzea, eta horretan saiatu behar dugu. Gazteek arrantza probatzea nahiko nuke nik, eta izandako esperientziaren arabera jarraitu ala ez erabakitzea. Azken urteetan gazteek uko egin diote baxurako arrantzari, eta belaundaldi ordezkatzea bermatzen ez bada ez du etorkizunik izango sektoreak. Gaur egun baxurako arrantzan ez da duela 30 urte bezala irabazten, egia da. Garai batean lehorrean baino hiru aldiz gehiago irabaztera ere iritsi ziren arrantzaleak. Dena dela, egungo egoerarekin arrantzatik bizi daiteke, eta gazteei arrantzarako grina sortzen saiatu behar dugu. Azken urteetako krisi
ekonomikoarekin, lehorreko lanaren egoera ikusita, agian gazteak anima daitezke itsasoan lan egitera.
Baxurako arrantzan belaunaldia ez da ordezkatu azken hamarkadetan. Testuinguru horretan, etorkinen lana garrantzitsua izan da modalitateari eusteko, ezta?
Duela hamar urte inguru lehorrean lan aukera asko zegoenez, arrantzale askok lehorreko lantokietan lan egitea erabaki zuten, bizimodu erosoagoa izatearren. Oso bolada txarra izan zen
hori baxurako arrantzarentzat, bat-batean arrantzalarerik gabe geratu baitzen ontziteria. Bizpahiru urte oso gogorrak izan ziren, eta etorkinei esker aurrera jarraitzeko aukera izan zuten itsasontziek. Izan ziren itsasontziak tripulazioa osoa etorkinez osatuta zutenak ere. Orain, berriz, lehorrean lanik ez dagoenez, bada itsasora lanera itzuli nahi duen jendea. Kontuan hartu behar da gero eta itsasontzi gutxiago dagoela, eta tripulazioak osatuta dituztela armadoreek. Etorkinek gure itsasontzietan lanean jarraitzen dute, baina bertakoek itsasora itzultzeko interesa dutenez, arrantzaleren bat erretiratzen denean edo lanposturen bat libre geratzen denean, bertako arrantzaleak hartzen ari dira.