Erreportajea. Giza-probek neska izena dute

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 12a, 15:07

Iluntzean Orioko biribilgunetik pasatzen diren asko harrituta geratuko dira, neska koadrila bat harritzar bati tiraka ikustean. Emakumezkoen giza-proba taldeko kideak dira denak, erronka botata mundu horretan murgiltzea erabaki dutenak. Historikoki giza proba gizonezkoen kontua izan bada ere, zortzikoteak emakumeak ere giza proban aritu daitezkeela erakusten ari dira herriz herri. «Indarra beharrezkoa da, baina erresistentzia da garrantzitsua, 20 minutuz harriari tiraka jardun behar baitugu», azaldu dute giza-probako parte-hartzaileek. Parrandan botatako erronka Zarautzen parranda giroan sortu zen emakumezkoen giza proba taldea sortzeko ideia. «Udan harri-jasotzen erakustaldi asko izan ditut, eta ez dut parranda egiteko aukera gehiegirik izan. Hala ere, goiz batean anaiak komentatu zidan Aiako neska koadrila batek desafioa bota zuela aurreko gauean parrandan zela; gainera, ni ere tartean izango nintzatekeela ere aipatu omen zuten. Hortik taldetxoa elkartu, eta zortzikoa osatzeko jende bila aritu ginen», azaldu du Idoia Etxeberria harri-jasotzaile oriotarrak. Udan hainbat erakustaldi eman badute ere, emakumezkoen giza-proba taldea hasi berria da oraindik, eta egonkortzen ari da. «Zotzikoa osatu genuen, baina normala den moduan, edozein ezustekorekin hanka motz geratzen gara, justu-justu baikaude», azaldu du Etxeberriak. Neska koadrilak izan du laguntza giza-proba munduan murgiltzerakoan. «Oso garrantzitsua da zortzikoteak kanpoko laguntza izatea. Gure botileroa Imanol Etxeberria da. Lehenengo egunetik lagundu izan digu, eta Helduko! taldearekin ere bera dabil txapelketa prestatzen». Idoia Etxeberriaren iritziz entrenamenduetan egiten diren akatsak identifikatzeko eta hobetzen joateko «ezinbestekoa» da kirola ezagutzen duen pertsona bat laguntzaile izatea. Udan lehen erronka Emakumezkoen giza-proba taldeak lehen desafioa Orioko Heldu! giza proba taldeko zortzikoaren aurka jokatu zuen Orion. «Lehenengo erronka txapeldunen aurka jokatu genuen. Jaialdi ederra izan zen, giro paregabea izan genuen, eta oriotarrek ere harrera beroa egin ziguten». Lehenengo desafio horretatik, giza-proba taldearekin jarraitzeko harra piztu zitzaien neskei, eta harrezkero beste hainbat erakuskaldi izan dituzte. «Gure moduko emakumezkoen giza-proba talderik ez dago,. Horregatik, erronkak beharrean erakustaldiak egiten ditugu nagusiki. Jokatu izan dugu desafioren bat gizonezko laukote baten aurka edo zaldi baten kontra, baina gehienetan erakustaldia egiteko hots egiten gaituzte herrietatik», aitortu du Etxeberriak. Euren mailako aurkaririk ez izateak taldearen etorkizuna zaildu egiten duela uste du harri-jasotzaileak. «Gu gogoz gabiltza, baina prestatzen jarraitzeko pizgarriak behar izaten dira, erronkak jokatzea. Guk aurkaririk ez dugunez, zaila da taldea bere horretan mantentzea, pixkakana erakustaldiak egiteaz aspertzen joaten baita». Giza-proba taldeko kideek uste dute Euskal Herrian emakumezkoen beste giza-proba talderen bat egongo balitz, asko aldatuko litzakeela egoera. «Gure artean lehiatzeko aukera izango genuke, helburua beste taldeari irabaztea izango litzateke eta». Harrera ona Herritarrengandik izandako erantzunari dagokionean emakumezkoen giza-proba taldeko zortzikotea oso gustura dago herritarrengandik eta herri kirol munduan izan duten harrerarekin. «Oso ondo hartu gaituzte, egiten dugun esfortzua kontuan hartu digute, eta hori pozgarria da guretzat. Esan daiteke pixkanaka-pixkanaka emakumeak herri kirol munduan murgiltzen joan garela. Azken urteetan giza-proba taldeak ezagutarazten joan dira herritarren artean, eta emakumezkoen taldea sortzeak ez ditu herritarrak harritu; beste urrats bat izan da ibilbide horretan», zehaztu du gazte oriotarrak. Askotan indarra izan da giza-probak gizonezkoekin erlazionatzeko faktorea. Dena dela, jende gehienak kontrakoa uste badu ere, Etxeberriaren iritziz erresistentzia da faktore garrantzitsuena. «Guk tiratzen dugun harria ez da ikaragarria, 650 kiloko hormigoizko harria erabiltzen baitugu entrenatzeko. Beraz, indarra behar da, baina gakoa 20 minutuz harriari tiraka jarduteko gaitasunean dago. Indarra eta erresistentzia izanez gero, primerakoa da», zehaztu du Etxeberriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide