Trikiti doinuekin, oriotarrak dantzan eta saltoka jarri zituen San Pedro jaietan Loretxu Berbena Belarra erromeria taldeak. Izen aproposa jarri diote erromeria taldeari. «Loretxu izena jarri nahi genion hasiera batean, baina buelta batzuk ematen hasi ginen, eta berbena taldea denez, oriotarren artean oso erabilia den berbena belarra hitza jartzea bururatu zitzaigu; herritarrei grazia handia egin die izenak berak», azaldu du taldeko kide Ander Beldarrainek.
Abenduan bururatu zitzaien taldea sortzea. «Zaldibarreko Trikitilari Txapelketa izan nuen abenduan, eta handik bueltan Manex Barrenetxeak erromeria taldea sortzearena bota zidan. Bateria-jotzailea da, eta azken hamarkadan musika munduan murgilduta egon da. Nik txikitatik izan dut berbena talde bat izateko ametsa, eta hortik hasi zen dena», dio Beldarrainek.
Lehen urratsak, abenduan
Beldarrain batukada taldean kide zituenekin bildu, buruan zuena azaldu, eta zazpi laguneko taldea sortu zuten. «Adin askotako jendea bildu gara, eta oso gustura hartu dugu proiektu berria. Gainera, San Pedro jaietan herriko plaza jendez gainezka ikusteak asko animatu gaitu. Esne Beltza, Etzatik eta Gozategi moduko taldeen abestien bertsioak egiten ditugu, eta trikiti eta panderoarekin, gitarra, baxua, bateria, tronpeta eta tronboia uztartu ditugu. Egia esan, harrera ezinhobea izan du taldeak», adierazi du.
Errepertorioa osatzen
Beldarrainek erromeria mundua ederki ezagutzen bazuen ere, gainontzekoek beste musika estiloak jorratu dituzten orain arte. «Eskarmentu handia dute taldekide askok musika munduan, baina rock musika jo dute gehienbat, eta berbena giroa ez zuten gehiegi ezagutzen. Hala ere, oholtza gainera askotan igo izan direla nabari da, baita entseatzerako eta abestiak lantzerako garaian ere».
Taldea pixkana joan da errepertorioari abestiak gehitzen. «Lehenengo entseguetan genekizkien abestiekin hasi ginen, eta pixkana abesti berriak gehitu ditugu. Entzun, tritikitian melodia atera, eta horren baitan gainontzeko musika tresnen moldaketak egin ditugu».
Aiako jaietan emango du hurrengo kontzertua Loretxu Berbena Belarra taldeak. «Aurrera begira gustatuko litzaiguke kontzertu gehiago ematea, baina pixkanaka joan nahi dugu».
------------------------------
Ander Beldarrain: «Asko gustatzen zait berbena-erromeria giroa»
Txikitatik zuen ametsa bete du azken hilebeteetan Ander Beldarrain (Aia, 1995) gazte oriotarrak. Trikitia lagun duela Euskal Herriko plaza askotan jo izan du txapelketa eta erromeriatan. Orain, ordea, Loretxu Berbena Belarra berbena taldea sortu du hainbat lagunekin. San Pedro jaietan eman zuten lehen kontzertua, eta harrera ezinhobea izan zuten oriotarren eta festetara hurbildu zirenen artean.
Txikitatik izan duzun ametsa betetzea pozgarria izango da, ezta?
Oso zoriontsu nago, asko gustatzen baitzait berbena-erromeria giroa. Orain arte, trikitixa txapelketetan hartu izan dut parte, baina azken urtean nekatu egin naiz. Izan ere, txapelketa gehienetan Etxalarko Itsaso eta Irune Elizgoien ahizpekin lehen postua
lortzeko norgehiagoka estua izan dugu; horrek presio asko sortu digu, eta beste bide bat jorratzeko gogoa dut orain. Orioko txapelketan eta besteren batean parte hartuko dugu, baina nahiago dugu horrela utzi. Uste dut Eider Iraola pandero-jotzaileak eta nik erakutsi dugula erakutsi beharrekoa, eta orain atzetik datozen trikitilari gazteei utzi behar zaie aurrera egiteko aukera.
Erromeriatan ere jo izan al duzue?
Bai, noizean behin afarietan jotzeko ere hots egiten digute, baina nik neuk nahiago dut musika-tresna asko biltzen dituen berbena musika taldearen proiektuan zentratu.
Berbena-erromeria musika taldeetan erreferenterik ba al duzu?
Esne Beltza taldea oso ona iruditzen zait, eta ez dakit inoiz maila horretan jotzera iritsiko naizen. Dena dela, gaztea naiz, eta etorkizunari begira hobetzen joatea da nire asmoa, ea aurreratzean lan polita egitea lortzen dugun.