[caption id="attachment_47431" align="aligncenter" width="350" caption="Beñat Solaberrieta (Argazkilaria: Ane Olaizola)"]

[/caption]
Beñat Solaberrieta (Orio, 1982) Orioko alkateak urtebete egin du udal gobernuan. Udaleko funtzionamendua «ezezaguna» izaki, lehen urtea «egonkortzeko» epea izan dela adierazi du. «Kokatu» dira, ordea, eta hauteskunde programan zehaztutako planak gauzatuko dituztela aurreratu du.
Zer moduzkoa izan da lehen urtea?
Balorazioa positiboa da. Udalean sartu ginenean kosta egin zitzaigun dinamika hartzea, batez ere udal barruko administrazioa ezezaguna zelako guretzat. Azkenean, kokatu gara, eta plan estrategikoak integratzeko ariketa egiten ari gara. Egitekoak garen planak ere finkatuta ditugu. Funtzionamedua ezezaguna izanik, langileekin koordinatu gara, lana optimizatzeko.
Oztopo nagusia horixe izan da: ezagutza eza. Argi dugu zer egin nahi dugun, baina nahi dugun hori nola egin, ikasi egin behar izan dugu.
Bildu gutxiengo da Orioko Udalean. Nola eragiten du horrek?
Minorian egoteak eragina izan du, noski. Hiru alderdi —Bildu, EAJ eta Orain— gaude udalean, eta bakoitzak %33ko boterea du. Orainekin sinergia polita lortu dugu,egia da, eta gai puntualetan aliantzak lortzeko jarrera erakutsi dugu.
Proiektuak gauzatzerako orduan eraginik izan al du gutxiengo izateak?
Momentuz ez. Estrategikoki aurreikusita genuen proiekturik ez zaigu erori arrazoi horregatik. Baina gerta daiteke, eta jabetzen gara horretaz.
Bilduk alkatetza lortu zuenean lehentasunezko proiektuak zehaztu zituen: teknifikazio zentroa, etxebizitzak, euskara plana eta turismoa ziren, besteak beste. Zer egin duzuen horien inguruan?
Teknifikazio zentroa ia bukatutzat dugu. Proiektua aztertu egin behar izan dugu, oinordetu egin dugulako. Teknifikazio zentroa 5.000 biztanleko herri batera egokitutako proiektua izan behar zela pentsatzen genuen. Zenbait gauzatarako berandu izan da, baina ahal izan dugun neurrian guraizea sartu, eta egokitu egin nahi izan dugu. Orain, kudeaketa aztertzen ari gara. Turismo planaren inguruan, proiektu estrategikoa kanpina da. Fasekatutako obrak planteatu ditugu, urtean zehar kanpinaren bizitza luzatu ahal izateko, eta beste turismo mota bat erakartzeko. Euskarari dagokionez, hasieratik zehaztu genuen eguneroko jardueran eta lanean euskara erabiliko genuela, eta ondo ari gara. Baditugu proiektu puntualak, herriko harnasgunea indartzeko. Etxebizitzei dagokienez, berriz, Munto eremuan udalak etxe bat du, eta babestutako etxeak egin behar dira. Horretarako formulak ari gara aztertzen, eta herritarrentzat egokitutako etxebizitzak egin nahi ditugu. Hala nola, etxebizitzak sozialak egitea ari gara aztertzen.
Lehen urtean hondakinen bilketaren inguruan bestelako apustua egin duzue. Presazko erabakia izan al da?
Hondakinen kudeaketa jasanezina bilakatu da Gipuzkoa osoan. Hemen, Urteta zabortegia dugu, eta laster iraungiko da. Beraz, gaiai heldu egin behar zitzaion. Eztabaida bilketa sistemaren ingurukoa da, baina eredu aldaketaren zergatia jarri behar da mahai gainean. Egungo ereduarekin ez da birziklatzen, baina egin, egin behar da, eta zabortegien eredua agortua dago. Gero etorriko da bilketa sistemaren eta amaierako tratamenduaren inguruko eztabaida. Birziklatzea derrigorrezkoa dela jakinarazi behar dugu, eta horretarako Hondakinen Mahaia osatu dugu hiru alderdiok. Guztiok elkartzen gaituen ideietatik abiatu gara. Gero, bilketa sistemaren inguruan hitz egin beharko dugu, eta eztabaida egongo da.
Zer egin du orain arte mahaiak?
Lauzpabost bilera egin ditugu, eta birziklatzea helburua dela eta guztion ardura eta betebeharra dela zehaztu dugu. Hortik abiatuta, birziklatzearen inguruan informatzeko bideak ari gara aztertzen. Orioko zabor ontzien inguruan ere lanketa ari gara egiten.
Zer egoeratan aurkitu duzue udala?
Ez da egon botere eskualdatzerik; hau da, aurreko alkatearen eta nire arteko bilerarik ez da egin, esaterako. Sartu ginen, eta udala nola zegoen gure kasa ikusi behar izan genuen. Informazioa berreskuratzerako orduan oztopo handiak izan ditugu, horren eraginez. Baina badu alde ona, ezerezetik hasi garelako eta gure erara funtzionatu dugulako. Udalaren egoera ekonomikoki ez da txarra.
Nolako harremana duzue beste alderdiekin?
Orainekin sinergia ona dugu, zenbait kasutan ildo beretik goazela uste dugulako. EAJrekin, berriz, prentsaren bidezko harremana dugu, oro har. Udaletxean ikusten ditugu, baina harreman guztia paper bidezkoa, eta batzordeetan eta osoko bilkuretan izaten duguna da. Bestelako harremanik ez dago.
Zein dira aurrera begirako erronkak?
Kanpinaren proiektua estrategikoa da guretzat, baita Motondo berreskuratzeko plana ere. Proiektua idatzita dago, eta horren bideragarritasuna ari gara aztertzen. Orain arte adreiluaren inguruan inbertitu da, baina guk bestelako eremuak indartu nahi ditugu. Horrez gain, parte hartze prozesuak ireki nahi ditugu, eta falta diren parte hartze mahaiak osatuko ditugu. Aurrekontu parte-hartzaileak ere egin nahi ditugu. Kirolaren, euskararen eta festen inguruan ere lan egingo dugu. Bilduk hauteskundeetarako osatu zuen programarekin jarraituko dugu, eta helburua da programaren %99 gauzatzea agintaldian zehar, eta bide horretan goaz.