Unanue, Lizaso eta Huegun Kantu Txapelketako finalean izango dira etzi

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 25a, 08:30

Azken hilabeteetan oholtzaz oholtza ibili dira Eli Huegun aiarra, eta Intza Unanue eta Olatz Lizaso oriotarrak, Gipuzkoako XV. Kantu Txapelketa medio. Pasa den urritik hainbat kanporaketa gainditu dute, finalera iritsi arte. Igandean, hilaren 27an, izango da Gipuzkoako Kantu Txapelketako finala, Donostian, eta aiarrak eta oriotarrek ahotsik onena erakutsi beharko dute. Hemezortzi lehiakidek —bakarlari, bikote nahiz talde— eskainiko dute emanaldia Antzoki Zaharrean, 18:00etatik aurrera. Huegun bakarlari gisa arituko da, eta Katamaloren Betazalak erauzten abestia kantatuko du. Unanue eta Lizaso oriotarrak, berriz, Rolf Lovlanden eta Olatz Zugastiren Zuk gora naramazu abestiarekin lehiatuko dira. Abeslari gazteak plazara Txapelketa hasi zenetik, guztira 40 musikari lehiatu dira, eta tartean eskualdeko ordezkariak ere izan dira; Mattin Azpitarte eta Rita Aldabaldetreku zarauztarrak, eta Maialen Urbieta getariarra, hain zuzen. Euskal Kantuzaleen Elkarteak urteak darama txapelketa antolatzen, euskal errepertorio «aberatsa berreskuratzeko eta ezagutarazteko». Kantari berriak plazaratzea ere badute helburu. Asmo horrek eman du fruitua. Izan ere, txapelketan aritu diren abeslari batzuk diskoak argitaratu dituzte dagoeneko; Lain taldeko kide batzuk, esaterako, duela hiru urte lehiatu ziren txapelketan. Igandean, sari banaketa baino lehen, taldeak disko berriko lau kantu eskainiko ditu. Euskal Kantuzaleen Elkarteak adierazi du txapelketako parte- hartzaileek «kanta ezagunak eta sorkuntza lanak» aurketu ohi dituztela. Horiei «merezitako garrantzia» emateko, lehiaketan aurkeztutako sorkuntza lanekin eta saridunekin diskoa grabatu ohi dute, 2008. urteaz geroztik. Aurten ere kaleratu dute diskoa, eta bertan eskualdeko abeslariek hartu dute parte: Sara Larrañaga azkoitiarrak, Felipe Murillo azpeitiarrak eta Orioko Olaxka taldeak, hain justu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide