Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak eta Azti-Tecnalia Fundazioak lanpernen biomasa babesteko proiektu pilotua jarri dute martxan Orio eta Igeldo artean. Espezie hori berreskuratzeko plana ari dira aurrera eramaten, eta, horretarako, lanperna hartzeko debekua beste urte batez luzatu dute, besteak beste. Hasiera batean, 2012era arte egongo da debekatuta, eta ordurako lanpernen «biomasa berreskuratzea» espero dute. Horretarako biomasaren inguruko datuak biltzen ari da Azti-Tecnalia. Behin hori lortuta, lanpernaren Ustiatze Plana martxan jartzeko asmoa azaldu dute.
Getariako kofradiarena izan zen Ustiapen Plana martxan jartzeko ekimena. Lanpernen arrantza itsas bazterreko eguneroko arrantzaren osagarria izan zedin nahi zuten kofradiako kideek. «Ustiatze hori Espainiako Estatuko gainontzeko erkidegoetan egiten den bezala egitea proposatu zuen Getariako kofradiak. Horretarako, eremu horretako baliabidei eta arrantzari jarraipen berezia egitea proposatzen zuten», dio Azti-Tecnaliako ikertzaile Juan Baldek. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, debekualdia eta gutxieneko arrantza kupoa besterik ez dagoela gogorarazi du Baldek, baina ez da arrantzaren jarraipen berezirik egiten. Balden ustez, hasierako ekimen hori «ideia ona» da, baina egun ezin da aurrera eraman, lanperna «gehiegi esplotatuta» eta «biomasa oso gutxi» dagoelako. «Orio eta Igeldo arteko lanpernaren biomasa aztertu genuen, ustiapen plana abian jartzeko. Urte batzuk barru, etekin ekonomikoak izango balira, eta biomasa mantenduko balitz, ekimenak aurrera egiteko aukerak izango luke. Hala ere, egungo egoerarekin ezinezkoa da».
Egun datuak biltzen ari direla jakinarazi du ikertzaileak. Hasiera batean, ekimena urte amaieran amaitzen bada ere, «ziurrenik» luzatu egingo dutela adierazi du Baldek. Proiektu pilotuak lortzen dituen emaitzen arabera egingo dute aurrera Ustiapen Planarekin. Izan ere, proiektuaren helburua «lanpernen baliabideak kudeatzeko plan berria» balioztatzea da. Hori, arrantzaleen jardunaren, erakunde publikoen edota ikerlarien esku dagoela esan du Baldek. Izan ere, lanpernen egoera «txarra» da Kantauri itsasoan: «Ezkutuko arrantza asko egiten da, eta jende asko joaten da arroketara. Zaila da hori kontrolatzea, lanpernak txikiak direlako, eta errazak direlako ezkutatzen. Baina inguruko biomasaren inguruko kontzientzia sortu behar da».
Arduradunek Orio aukeratu dute proiektua martxan jartzeko, zonaldea ondo ezagutzen dutelako, besteak beste. «Bertako biomasaren egoeraren berri dugu, eta gainera gure egoitzatik gertu dago». Horrez gain, Getariatik hurbil dagoelako ere aukeratu dute Orio eta Igeldoko eremua.