«‘Auzoko’ egitasmoak osotasuna lortzeko beharrezkoa da elkarlana»

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 7a, 10:45

Arantxa Arrillaga (Orio, 1978) Orioko Auzoko egitasmoko dinamizatzailea da. Topaguneak, Uemarekin elkarlanean, jarri zuen martxan programa Orion, aurreko urtean. Euskal hiztunek euskaraz ez dakitenei laguntzen diete, jolas eta bestelako ekintza dinamikoen bitartez. Arrillagaren ustez, egitasmoa «esperimentua» da, eta oraindik metodologia eratzeke badute ere, pixkanaka «forma hartzen» doa proiektua. Datozen asteetan bigarren ikasturteari helduko diote herrian. Zer da Auzoko egitasmoa? Topaguneak duela bi urte jarri zuen martxan Euskal Herriko hainbat lekutan; Zestoan, esaterako. Egitasmo hura pilotoa zen, eta hortik abiatuta, aurreko urtean beste hainbat herritan jarri zuten. Orio da horietako bat. Iaz astean bitan elkartzen ginen. Egitasmoak euskaraz ez dakitenak eta euskal hiztunak elkartzen ditu, eta haien arteko kohesioa sortzen da. Lehenengoei auzokideak deitzen diegu, eta bigarrenei auzotarrak. Hala, auzotarrek auzokideei erakusten diete euskaraz. Zer helburu du Auzoko-k? Hasieran, etorkinei nahi zieten zuzendu egitasmoa, baina ondoren euskaraz ez zekiten edonorengana zabaldu zuten. Orion herrialde askotako gero eta pertsona gehiago dago, beraz, hizkuntza asko daude herrian. Oraindik orain,auzoko eta auzotarren arteko lehen hizkuntza gaztelania da, hizkuntza horretan aritzeko ohitura dugulako. Horri buelta eman nahi genion, eta harremanetarako hizkuntza euskara izatea da gure helburua. Gaztelania ikasi beharrean, edo gaztelania ikasteaz gain, euskara ikastea da asmoa. Zer jarduera egiten dituzue? Ekintza dinamikoak egiten ditugu, eta askotan inprobisatu egiten dugu. Topaguneak utzitako materiala dugu. Mahai jokoak egiten ditugu, guztiak didaktikoak dira, eta euskara barneratzea dute helburu. Gaztelaniara jotzea saihestu nahi dugu. Horregatik, gramatika eta eduki teorikoak baino, intuizioa erabiltzen dugu. Jolasez gain, zenbait emanaldi egin dugu. Hainbat lekutara ere joan gara, eta herriko egitasmo askotan ere parte hartu izan dugu. Modu xumean egiten ditugu gauzak. Hizkuntza poliki-poliki barneratzea da Auzoko egitasmoaren gakoetako bat. Saioetan askotan errepikatzen ditugu esamoldeak, eta, beraz, denbora gehiago behar da helburuak betetzeko. Asmo horiek betetzen al dituzue? Bete ditugu, neurri batean. Batetik, baliabideak ere askoz gehiago dira gaztelaniaz ikasteko, eta beti lehenengo hizkuntza hori ikasten dute. Gainera, hemen euskaraz ikasten badute ere, ondoren ohitura hori galtzen joaten dira. Nolako esperientzia ari da izaten? Orain arte polita izan da. Euskarari dagokionez, agurrak eta oinarrizko bestelako esaldiak barneratu zituzten. Orio bezalako herri batean programak nahiko ongi funtzionatzen du. Zein dira aurtengo erronkak? Aurreko urteko taldearekin jarraitu eta pertsona berriekin ere hasiko gara. Esperimentu bat da, eta denbora behar du proiektuak erabat gauzatzeko. Izan ere, saioak kudeatzeko metodologia bat zehaztea falta zaigu. Egitasmoari eusteko eta aurrera ateratzeko beharrezkoa da hori. Zentzu horretan badugu hutsunea. Edozer irakatsi dezakegu, baina hori egituratu egin behar da. Ditugun esperientzietatik jasota, dinamikak finkatu behar ditugu. Taldeak eta eragileak elkartuta programa bat eratzea ondo legoke. Halaber, aurtengo beste erronka kalera ateratzea da. Esaterako, merkatariekin euskaraz jarduteko haiengana hurbilduko gara. Denetik dago. Batzuk ez dute euskaraz ikasi nahi, baina orokorrean badago motibazioa. Euskaraz eginez gero euskal hiztunak poztu egiten direla ikusten dute, eta hori ere bada beste motibazio bat. Auzoko batzuk halako programetara etortzea beharrezkotzat jotzen dute; euskaraz ikasteaz haratago, jendea ezagutzeko eta taldean biltzeko modu bat da programa hau. Talde polita sortu genuen aurreko urtean: hogei inguru hasi ginen, eta bostek amaitu zuten. Saioak irekiak dira, eta edonor nahi duenean ager daiteke. Bestetik, euskaldunak mantentzea ere zaila da. Halako egitasmoetara herriko saltseroenak etortzen dira, baina bakoitzak bere erantzunkizunak ditu, eta ez da erraza jarraipena izatea. Zentzu horretan, euskaraz dakitenei gehiago kostatzen zaie halako egitasmoetara joatea. Hasieran herriko eragileak bildu nahi nituen, baina zaila da. Hasieran ongi pasatzen genuen, baina behin aspertzen hasten badira, taldea murrizten joaten da, eta normala da hori. Herriko euskaldun guztiek honetan esku hartzea da nire ilusioa, bakoitzak bere erara. Baina horretarako formula asmatu behar dugu. Beharbada, hori da egin behar dugun lehenengo lana. Izan ere, egitasmoaren asmoa euskaldunok euskaraz irakastea da, eta horretarako euskal hiztunak kontzientzatu behar dira, pazientzia izanaz, edo euskaraz eginez. Aurreko ikasturtea proba izan da, eta balorazioa positiboa da. Baina osotasuna lortzeko asko falta zaio. Horretarako elkarlana beharrezkoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide