Azti-Teknalia zentro teknologikoak aingiraz birpopulatu nahi du Oria arroa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, eta Ur Agentziaren (Ura) eta Biodiversidad Fundazioaren laguntzarekin ari dira proiektua garatzen. Proiektuaren bidez aingiraren hiru faseetako aleen populazio hazkundea (angula, angula zaharra eta aingira) aztertuko dituzte ibaian.
Azti-teknaliak adierazi duenez, Europako Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoan Ibai-aingira Kudeatzeko Plana onartu zuen iaz. Eta bertan jasotako kontserbazio helburuak lortzen laguntzeko asmoz ari dira egiten ikerketa. Horren bidez, Oria arroko hiru erreketan angularen, angula zaharraren eta aingiraren biziraupena eta hazkuntza aztertzea dute helburu, hala proiektuaren eraginkortasuna lor dezaten.
Proiektua pilotua izango da, eta uztaila bitartean garatuko dute zientzialariek ekimena. Aingira berreskuratzeko tresnak garatzeaz gain, espeziearen inguruko informazio gehiago ere bildu nahi dute proiektuaren bidez. Informazioa eskuratzeko, hainbat datu kalkulatuko dute; hala nola, zenbat aingirak ihes egiten duen zehaztuko dute, baita ugaltze fasean daudenean turbina elektrikoek eragiten dieten hilkortasun tasa ere.
Azti-Teknaliak adierazi duenez, Europako Batzordeak 2010eko urrian onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan Ibai-aingira Kudeatzeko Planak ibai-aingiraren populazioa hazteko neurriak zehazten ditu.
Ibaietako aingira gutxiago hiltzea du helburu planak, eta horretarako neurri zehatzak hartuko dituzte. Besteak beste, arrantza baimenak berritzeko neurriak «zorrotz» bete beharko dituzte arrantzaleek; hala jakinarazi dute adituek. Halaber, arrantzale bakoitzak egunean bi kilo angula arrantzatu ahalko dute gehienez. Bestetik, arrantza denboraldia ere murriztu egingo dutela adierazi dute. Hiru hilabete murriztuko dute denboraldia. Egun, urriaren 15etik martxoaren 15era arrantza daiteke, eta plan horren bidez azaroaren 15etik urtarrilaren 31era egin ahal izango da arrantzan.
Arrantza murrizteaz gain, aingiraren habitata hobetuko dute, eta harrapakatzeen aurka egingo dute, besteak beste.
Igai-aingirak tradizio handia izan du Oria ibaiko arroan, baita Gipuzkoako beste eremutan ere. Hala ere, azken hamarkadetan espezieak gainbehera izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat faktore aipatu du gainbehera horren arrazoi gisa; tartean, «gehiegizko arrantza» eta «kutsadura». Hala ere, erakundearen ustez, uraren kalitatea hobetu denez, aingira itzuli egin da.
Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak Indicang Europako egitasmoan parte hartu du azken urteetan, eta horren bidez Orian ibaian aingiraz populatzen jarraitu duela adierazi du.
Hurrengo hilera arte izango da martxan egitasmo pilotua. Eta Oriako proiektuan jasoko informazioa eta proposamenak beste arro batzuetarako ere baliatuko dituztela esan dute Azti-Teknaliako kideek.