analisia

Irteerak eta hasierak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko uzt. 11a, 11:00

Emakumezkoen bi traineru lehian, asteburuko estropadetako batean. (Aitor Arrizabalaga)

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du bigarrengoa.

Lehengo astean faroltxo gorria ezarri zion Galizian igarotakoari batek baino gehiagok, baina oraingoan ere, semafororik gabeko irteerak ikusi ditugu. Galiziar nesken lanak irteeran kokatzeko eta Hondarribikoek egoera horren aurrean mantentzeko ahalegina egin ondoren, zuzentzeko astirik gabe eman behar izan zuten irteera. 

Atzera begiratuz, gogoan dut liga goreneko lehen urteetan zenbat ikasi genuen. Irteeran kokatzen, deserosoak ziren ontziratze nahiz lehorreratzeak egiten, seriotasuna eta protokoloa kontuan izan beharra, herrian entzun beharreko kritikak eta abar luzea. 

Goi mailako estropadetako esperientzia falta zaie talde batzuei, baina ez badira espabiltzen, ingurukoen pazientzia ez da handia izango.

Hortik pasatu garenok entzun behar izan genituen eta, era batera edo bestera, espabilatu denborak aurrera egin ahala. Hala ere, batzuek patxadaz hartzen dutenaren sentsazioa ematen du, eta horrek ingurukoen pazientzia mugan jartzen du.

Talde berrien zailtasunak alde batera utzita, azken urteetan emakumezkoen ligan postuak definituegi zeudela kexatu izan gara, beti talde berak irabazten zuela eta beti talde bera geratzen zela azkena. 
Gogoan dut duela urte batzuk nola esan genuen ederra litzatekeela txanda bereko taldeak EITBko kameraren plano berean sartzea. Badirudi azken urteetan aldaketa bat gertatu dela egoera honen aurrean, eta aurten, irabazleetan eta postuetan gorabehera gehiago izango ditugula. A zer nolako itzulerako luzeak eskaini zizkiguten azken asteburuan.

Eta, gaurkoan, hasierei buruz hitz egiten dudan honetan, tartetxo hau baliatuko dut infantil mailako Espainiako Txapelketako finaletan sartu direnak zoriontzeko, hori ere beren hasiera izan baita!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide