Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia Zumaian jokatu da gaur, igandea, Urola ibaiko uretan. Bi asteko atsedenaldia izan dute arraunlariek, bertan behera geratu baitzen hirugarren jardunaldia urtarrilaren 24an. Gaurkoan bai, 79 batel aritu dira lehian zortzi kategoriatan banatuta, tartean, Getariakoak, Zarauzkoak, Oriokoak eta Zumaiakoak. Kale bakarrean jokatu dute estropada, erlojuaren aurka.
Emaitza onak lortu dituzte Zumaian eskualdeko arraunlariek. Orio Arraunketa Elkarteko mutilek, esaterako, garaipena eskuratu dute infantiletan, promesetan eta absolutuetan.
Etxeko batelen artean, emaitza esanguratsuenak promesa mailako ontzi mistoak eskuratu ditu; hirugarren egin du. Getariako ontzien artean, berriz, infantil neskak sailkatu dira laugarren. Gorengo postuetan sailkatzerik ez dute lortu gaurkoan zarauztarrek; bosgarren egin dute mutilek promesa mailan, eta atzeragoko postuetan sailkatu dira gainerako ontziak. Ikusi hemen sailkapena osorik.
Hurrengoa, zapatuan
Urtarrilean hasi eta martxo amaierara arte, ligak 11 jardunaldi izango ditu aurtengoan. Laugarren jardunaldia izan da gaur jokatutakoa, eta gainerakoak otsailaren 7an, 14an, 21ean eta 28an izango dira, eta martxoan, berriz, 14an, 15ean, 21ean eta 22an.
Finalak noiz jokatuko dituzten ere zehaztuta dute: martxoaren 29an izango dira, igandearekin. Finalerako sailkapenak, berriz, bezperan egingo dituzte. Finalak eta sailkapena kontuan hartuta, denera hamahiru hitzordu izango ditu Gipuzkoako Batel Ligak.
Traineruak Sestaon
Batelek ez ezik, traineruek ere izan dute beren hitzordua gaurko egunean. Sestaon (Bizkaia) izan dira Orioko zein Zarauzko arraunlariak, Julian Enrike Oroimenean XVII. Traineru Jaitsieran.
OAEko zein ZAEko emakumezkoek lan oso txukuna egin dute; bigarren zeharkatu du helmuga Orioko traineruak, Hondarribiaren atzetik, eta hirugarren postuan amaitu du Zarauzkoak. Gizonezkoei dagokienez, ZAEko mutilek soilik jokatu dute lehia, eta zortzigarren amaitu dute.