Jon Ander de la Hoz: "Nahiago dut pentatloiko finala ikustera joan, Txapeldunen Ligako finala ikustera joan baino"

Ekaitz Etxabe 2025eko azaroaren 27a

2018. urtean hasi zen Jon Ander de la Hoz herri kiroletako kazetari lanetan. Ordutik, ehunka txapelketatan, apustutan eta erakustalditan egon da. Herri kirolak deskubrimendu "ederra" izan direla aitortu du. Herri kirolen inguruko gehigarri bereziko edukia da honako hau.

Andres Osa Sakona kazetariaren erreleboa hartuta hasi zen herri kirolen inguruko kazetaritza egiten Jon Ander de la Hoz (Getaria, 1992). Euskadi Irratian eta beste hainbat hedabidetan aritu da lanean azken urteotan, eta herri kirolen mundua gertutik ezagutu du. Arraunlari eta kirolzale amorratua izanik, herri kirolen munduarekin "harrituta" jarraitzen duela adierazi du.

Nolatan hasi zinen herri kirolen inguruko kazetari lanetan?

2018an erretiroa hartu zuen Andres Osa Sakona kirol kazetariak, eta Euskadi Irratiko kiroletako zuzendariak, Txetxu Urbietak, haren erreleboa hartuko al nuen proposatu zidan, batez ere herri kiroletakoa. Kazetaritza ikasketak egindakoa naiz, eta ordurako Euskadi Irratian aritzen nintzen lanean.

Hasi zinenean ba al zenuen herri kirolekin harremanik ala lanak eraman zintuen mundu horretara?

Batez ere, lanak eraman ninduen herri kiroletara, eta gaur egun, oraindik ere, ez naiz erabat aditua sentitzen. Izan ere, kazetaritza ikasi nuen, eta gerora kirolari buruz aritzea tokatu bazait ere, ez neukan harreman zuzenik mundu horrekin. Dena den, betidanik gustatu izan zait herri kirolak ikustea, eta figura handienak ezagutzen nituen. Gero, denborarekin, jendea ezagutu dut, eta gehiago murgildu naiz mundu horretan.

Herri kirolen esparruan sartzearekin, zerk harritu zintuen gehien?

Harritu ezerk ere ez. Banekien gutxi gorabehera euskal kulturari estuki loturiko mundu bat zela, eta horixe frogatu dut. Horrez gain, ikusi dut kirolari peto asko dagoela, baina hori ere espero nuen, egia esan. Oro har, kirolak badu teknologiari lotuta egoteko joera, kronometroari lotuta egotekoa, eta, akaso, hori izan da gehien harritu nauena: gauzak zehatz-mehatz neurtuta dituztela; pisuak, denborak... dena. Banekien herri kirola ez zela folklorea, eta hori frogatu dut.

Gogoratzen al duzu zein izan zen herri kiroletan egin zenuen lehen lan nabarmenena?

Herri kiroletan hasi orduko Europako edo Munduko sokatira txapelketak izan ziren. Euskal Herritik urrun izan ziren, eta euskal kirolariekin hartu-emana izatea ez zen erraza izan. Sokatirarekin ez nuen aparteko harremanik orduan, eta kontaktuak egin behar izan nituen. Eskerrak Sakonak lagundu zidan, galdu samartuta ibili bainintzen. Oraindik ere, zenbaitetan hala sentitzen naiz, baina kirolariek eta ingurukoek izugarri lagundu izan didate, eta hori azpimarratzekoa da. Horrez gain, Iker Vicentek eta [Xabier Orbegozo] Arria V.ak Tolosan igande eguerdi batez jokatu zuten apustuarena da oroitzen dudan beste egun handi bat. Han izan nintzen, eta hura izan zen bertatik bertara jarraitu nuen lehen hitzordu garrantzitsua, 2018ko urrian Iruñean jokatu zuten Euskadiko Aizkolari Txapelketaren finalarekin batera.

"Kirolariak eta horien ingurukoak molde berrietara egokitzen ari dira"

Herri kirolak lantzerakoan, zeintzuk dira erronka handienak?

Ikusgarritasuna. Argi eta garbi. Egia da azken urteetan herri kirolen gorakada izan dela, baina ez da futbolaren edo txirrindularitzaren parekoa. Udan arraunak duen tiradatik ere dezente urrun daude herri kirolak. Horregatik, eman egin behar zaio ikusgarritasuna. Batez ere, kontuan hartu behar da herri kirolak ez direla soilik aizkora, harri jasotzea eta sokatira; federazioaren barruan diziplina ikaragarri daude. Aitortzen dut guri ere kostatu egiten zaigula zenbait diziplinatara iristea, eta erronka nagusia horixe izango litzateke: denei lekua egitea. Ikusten da jende ugari mugitzen dutela herri kirolek eta horien bueltako zaletasun handia dagoe a, baina komunikabideetan agian ez dute merezi duten adinako oihartzuna.

Zure ustez, herri kirolek ez daukate behar adinako lekurik gaur egungo euskal kazetaritzan?

Ez. Leku gehiago izan behar lukete, batez ere, oso gurea den zerbait delako. Sokatira, esaterako, mundu osoan egiten da, nahiz eta oso gurea den. Kirol horren bueltako lehen lekukotzak oso aspaldikoak dira, eta Euskal Herritik urrunekoak. Oso hedatuta dago sokatira, baina oso gurea da aldi berean. Gainera, Euskal Herrian lorpen handiak izan dira sokatiran; Gaztedirenak eta Beti Gazterenak, esaterako. Kontuan hartu beharreko talde asko daude, kirol asko ere bai, eta gureak izanik, zaindu egin behar ditugu.

Gaur egungo erronka nagusia ikusgarritasuna dela aipatu duzu. Horrek lotura izan al dezake belaunaldi berriekin?

Posible da. Mallabiko [Bizkaia] zelaitarrek sortu dute herri kirola kaleratzeko modu bat, crossfitarekin lotuta. Sare sozialek ere saldu egiten dute. Esaterako, duela pare bat urte Martins Licis etorri zen Abadiñora [Bizkaia] harria probatzera; sare sozialen amorratua da. Paulo Azpiazu ere hala da. Mikel Lopetegi Urra, bestalde, ez da izango halako kontuetan abilena, baina askotan ikusi dugu hura ere sare sozialetan harria jasotzen. Eduki hori iritsi egiten da publikoarengana, eta erakargarria da onenak sare sozialetan ikustea.

Sare sozialen eta komunikabide digital berrien garaian, nola aldatu da herri kirolak tratatzeko modua?

Kirolariak eta horien ingurukoak molde berrietara egokitzen ari dira. Bere garaian ere egin ziren saiakera batzuk, eta gaur egun badaude sare sozialetan oso sartuta dauden herri kirolari batzuk. Horiek, askotan, dibulgazio lana egiten dute: Andoni Iruretagoiena Izeta-k, Xabat Olaizolak... Jende gaztea da, sare sozialak ezagutzen dituena. Lan handia ari dira egiten herri kirolen presentzia areagotzeko.

Herri kirolen ikusgarritasuna handitzeko gako izango al dira aurrerantzean sare sozialak?

Bai, baina gaur egun, sare sozialak herri kiroletan ez ezik, denean dira gakoa. Esaterako, maratoi bat egiten baldin baduzu, baina ez baduzu sare sozialetan argitaratzen, egin izan ez bazenu bezala da. Tristea da, baina horrela da. Herri kirolen goraldia sustatzeko oso tresna egokiak iruditzen zaizkit sare sozialak, gizarteko edozein gauzetarako ere hala direlako. Kirolzalea eta arraunzalea zara.

Sekula parte hartu al duzu herri kirolen munduan?

Bai, 2011. urtean. Garai hartan giza probak oso modan zeuden, eta ni arraunean ibiltzen nintzen, Getariako traineruan. Nola edo hala erronka bat sortu zen, eta Getariako bost arraunlari eta hiru getariar aritu ginen Orioko giza proba taldekoen aurka. San Anton festetan egin genuen apustua, Getarian. Galdu egin genuen, plaza baten aldearekin. Lan ederra egin genuen, itsasoko entrenamendua ere lagun baikenuen, eta gustura aritu ginen. Dena den, konturatu ginen halakoak ez zirela guretzat, eta itsasoan hobeto moldatzen ginela [barrez].

Arraunaren eta herri kirolen artean antzekotasunik ikusten al duzu?

Bai. Gaur egun harreman handiena dudan herri kirola aizkora da, zale gehien ere kirol horrek erakartzen duelako. Hainbat aizkolarirekin daukat harremana, eta ikusi dut zer-nolako entrenamenduak egiten dituzten: erritmoa, bihotz-maiztasuna, denborak, pisua... Batez ere arlo horretan ikusten diet herri kirolei arraunarekin lotura.

Herri kirolen inguruan lan egiterakoan, zer da gehien gustatzen zaizuna?

Jendea, dudarik gabe. Astean zehar hainbat gai jorratzen ditugu erredakzioan, eta editoreak herri kirolak lantzeko esaten didanero, irribarrea ateratzen zait, izugarri gozatzen baitut. Hori, hein handi batean, jendeagatik da. Herri kirol munduko jendea oso eskertua da. Euskadi Irratian herri kirolei tarte handia ematen saiatzen gara, eta bueltan jasotzen dugu emandako guztia. Beti ateak irekita izaten dituzte guretzat, eta asko laguntzen digute; dituzten pasioa eta grina izugarria dira. Zentzu horretan, futboleko Txapeldunen Ligako finala ikustea baino nahiago dut pentatloiko finala ikustea. Herri kiroletan lanean hasi nintzenean, kazetari batek esan zidan kontuz ibiltzeko, herri kirolen mundua oso itxia zelako eta gerra ugari egoten zirelako, baina niri oraindik ez zait horrelakorik bizitzerik tokatu. Oso-oso gustura aritzen naiz. Hori bai: araudia ikasi egin behar izan dut, ondoren erakusteko, eta dakienari entzun ondoren saiatzen naiz besteei erakusten. Eta jendearekin liluratuta nago: izen batzuk esatearren, Joseba Otaegik, Ugaitz Mugertzak, Julen Alberdi Txikiak, Mikel Larrañagak, Aitzol Atutxak, Iker Vicentek, izetatarrek, Joseba Ostolazak, Belamendik, Iñaki Irulegik... Izugarri lagundu eta afizioa sorrarazi didate horiek.

Zer-nolakoa da herri kirolen egoera orokorra Euskal Herrian?

Duela bi urte bikotekidearekin Ipar Euskal Herrira joan nintzen bi egun pasatzera. Bidarten ginela, astelehen gau batez, herri kirolak zeudela ikusi genuen. Joan egin ginen eta frontoia gainezka zegoen. Egia da Paristik eta Frantziako Estatuko beste hainbat lekutatik ere joan ohi dela jendea halako hitzorduetara, baina asko harritu gintuen hainbeste jende ikusteak. Astean zehar hainbat erakustaldi egiten dira toki desberdinetan, eta jendea mugitzen da horietara. Ez dakit zaletasuna al den, baina ikusgarritasuna behintzat badago. Hego Euskal Herrian ere gazte eta emakume asko sartu da herri kirolen mundura. Ikaragarria da hori, eta horrek izugarrizko indarra ematen die herri kirolei. Iruditzen zait Euskal Herrian herri kirolak ari direla bidea egiten, eta hala jarrai dezan nahiko nuke, batez ere, gure eskualdeko dinamikak.

Emakumeen presentzia gero eta handiagoa da herri kiroletan. Nola bizi duzu hori kazetari izanik?

Pozik. Nabarmendu beharrekoa da eskola desberdinek egin duten lana harri jasotze, sokatira... arloetan. Kasu batzuetan segida egon ohi da, eta beste batzuetan ez, eta agian, hori da gakoa; segida izatea lortu behar da. Azken urteetan sumatzen da jendea gogotsu dagoela, eta emakumeak tartean egoteak goratu egiten duela kirola. Horrek beste indar bat ematen dio herri kirolari.

Herri kirolen munduak zer beharko du datozen urteetan indartsu jarraitzeko?

Babesa. Izan ere, ez dira kirol merkeak. Hasteko, material aldetik oso garestiak dira. Bestalde, kirolariek kilometro asko egiten dituzte errepidean, ikaragarri. Horretan laguntzeko babesleak lortzea komunikabideen lana izaten da askotan, eta horretan, agian, hedabideek badute erantzukizuna. Badaude ederki laguntzen duten enpresak ere, eta horiek asko ikusten dira kirolarien arropetan. Bultzada emateko denon beharra dagoela uste dut.

Zer egin daiteke kazetariak herri kirolak lantzera bultzatzeko?

Askotan pentsatu dudan gauza da. Ahalik eta goren iristea izaten da askotan gure helburua; askok edozer emango lukete futboleko Txapeldunen Ligako finalean egoteagatik, esaterako. Niretzat, hori ez da erakargarriena. Horretarako milaka lagun daude prest, baina herri kiroletarako, aldiz, ez. Benetan diot: oso mundu polita da herri kirolena. Duela zazpi urte hasi nintzen herri kiroletan, eta harrituta nago oraindik ere. Merezi duen zerbait dela iruditzen zait, ondoan daukagun zerbait, altxor bat. Kazetari gazteak pausoa ematera ausartzen baldin badira, seguru nago ez direla damutuko. Deskubrimendu eder bat izan dira herri kirolak niretzat, eta edozeini gomendatuko nioke mundu horretan barneratzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide