Tokiko energia komunitateak bultzatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, eta Getarian iazko otsailean aurkeztu zuten herritarren aurrean TEK Getaria energia komunitatea. Orduan azaldu zuten herriko hiru gunetan jarriko zituztela eguzki plakak –Sahatsaga kiroldegiaren teilatuan eta Askizuko eta Meagako frontoietan –, eta horri esker, bazkide egiten ziren herritarrek beren energia kontsumoaren zati bat aurreztu ahal izango zutela. Bada, atzo ekitaldia egin zuten Zarautz jauregian aldundiko eta udaleko ordezkariek, herritarrei jakinarazteko martxan direla hiru guneak, eta bazkide diren herritarrak dagoeneko ari direla aurrezpenaz gozatzen. 253 familia eta dendari txiki egin dira bazkide, baina aurrerago herritar gehiagok izango dute proiektuan parte hartzeko aukera, Haritz Alberdi Getariako alkateak Gukari azaldu dionez. Alberdi bera izan zen atzoko ekitaldian, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuarekin batera.
Alberdik jakinarazi zuen iaztik martxan zirela Askizuko eta Meagako eguzki plakak, baina Sahatsaga kiroldegikoetan atzerapena egon dela Iberdrolaren baimen kontu batzuek tarteko, baina jada martxan daudela horiek ere.
Hasierako asmoa 432 eguzki plaka jartzea zen eta 194 kWekoa izatea instalatutako potentzia. Atzo emandako datuak, ordea, apur bat apalagoak dira, 338 eguzki plaka jarri baitituzte, eta instalatutako potentzia osoa 170 kWp baita. 871 metro koadroko azalera hartzen duela ere zehaztu zuten atzo.
Proiektu honek ingurumenean duen eragin positiboari buruzko datuak eman zituen Asensiok: "Ekoizpen horri esker, urtean 71,4 tona CO2 isurtzea saihestuko da, hau da, urtean 2.858 zuhaitz landatzearen baliokidea. Era berean, energia komunitateak 127.827,76 euroko laguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentutik instalazio fotovoltaikoak egiteko".
Bestalde, azpimarratzekoa da energia komuniate mota hoonetan herritarrek ez dutela dirurik jarri behar izan bazkide egiteko, eta kuotarik ere ez dela ordaindu beharko aurreneko bost urteetan –ondoren ere kuota hori oso baxua izango zela azaldu zuten iaz egindako aurkezpenean, herritar guztiek aukera berak eduki ahal izateko–. Aurreneko urteak pasata, komunitatearen esku geldituko da instalazioa, eta Alberdik uste du positiboa izango dela hori, eta helburua ere horixe dela, "herritarrak ahalduntzea eta erabakiak hartzea energiari dagokion kontuetan".