'Infinitura goazen', Iturzaeta herri eskolaren abesti berria

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 8a, 11:34

Getariako herri eskolak abesti berria ondu du eskolako komunitatearekin, eta bideoklipa ere argitaratu du. "Ikasturtea bukatzearekin batera, zuzendaritza taldea aldatu da, eta gure aldiari amaiera emateko modu polita zela iruditu zitzaigun", azaldu dute.

Iturzaeta Eskolak bazuen 25. urteurrenerako egindako txistu ereserki bat, baina eskolako zuzendaritza taldekoek aitortu dute inork ez zuela hura ezagutzen, eta Getariako hezkuntza komunitateko parte sentitzen direnak batuko zituen kanta baten beharra sumatzen zutela duela urte batzuetatik. "Ikasturtea bukatzearekin batera, zuzendaritza taldea aldatu da, eta gure aldiari amaiera emateko modu polita zela iruditu zitzaigun", azaldu dute –lau urte egin dituzte zuzendaritzan, eta zazpi, Nagore Etxabe zarauztarrak, zuzendari karguan–. "Ikasturtea eta Zuzendaritzako urteak alai eta irribarre batekin bukatzeko modua izan da", gaineratu dute.

Hala, eskolaren abestia sortu dute: Infinitura goazen izena jarri diote, eta bideoklipa ere ondu dute. Abestia "etxean bertan" sortu dute, bai letra, bai doinua, eta Antxon Sarasua musikari zarauztarra arduratu da ekoizpenaz eta konponketez. Abestiaren bideoklipa egiteko proposamena Beñat Gereka getariarrari egin zioten, eta azaldu dute Iturzaetako ikasle ohia izanda, "berehala batu" zela proiektura. "Kantuaren izenburuak oso ondo irudikatzen du kontatu eta kantatu nahi genuena", uste dute zuzendaritzakoek.

Grabaketei dagokienez, ahotsak eta bibolina Zarauzko Villa Mundan grabatu zituzten ekainaren hasieran, eta bideokliperako irudiak hartzeko ere balio izan zien hitzorduak. Gainerako grabaketak ere ekainean egin zituzten, eskolan bertan eta herriko moilan.

Abestian "Iturzaetako ahots ezberdinak" agertzea nahi izan dute: ikasleak, ikasle ohiak, irakasleak, gurasoak, irakasle eta guraso ohiak… Taldeak uste du "ukitu berezia" eman diola estribilloan denen ahotsa elkarrekin entzuteak. Bideoklipean, berriz, eskolako eta herriko irudiak sartu dituzte. "Moilan grabatzea bereziki polita eta hunkigarria izan zen", gogoratu dute. "Ordurako aurkeztu genien ikasle, irakasle eta gurasoei abestia, eta ekaineko arratsalde batean moilara agertzea eskatu genien. Jende pila bat elkartu ginen, giro ezin hobean. Eta LH 6. mailako neskak arraunean agertu ziren, ikasle ohiak patroi zituztela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide