Atzo goizean Balentziaga museoan XIII. Zilarrezko Antxoa aipamenak banatu ostean, festak arratsaldean jarraitu zuen Getariako frontoian. 18:30ean hasita, musikaz eta dantzaz bete zen herriko frontoia, musika eskolako trikitilari, Gure Txeruko dantzari eta EinGo taldearekin.
Horiekin batera elkartu ziren dozenaka eta dozenaka herritar, baita beste horrenbeste turista ere, eremu horretan zegoen giroaz txundituta. Bertako antxoa dastatzeko gogoz, luzeak izan ziren udaletxe azpian txartelak hartzeko jarri zuten postura iristeko ilarak, baita gero antxoa eta txakolina nahiz sagardoa probatzekoak ere.
Dena dela, denentzako izan zen jan eta edana, eta bertako txoko guztiak bete zituen jendeak: batzuk lurrean eserita, besteak zutik, frontoiko eserlekuetan beste batzuk... Eguzkia ere lagun izan zuten getariarrek atzokoan, goizean goian eta behean euria bota bazuen ere. Euskaraldiko mahaitxoa ere jarri zuten batzordeko kideek.
Atzokoaz gain, baina, Antxoa Eguneko egitarauak asteburu osoan jarraituko du. Hona hemen gaurko eta biharko antolatutako ekintzak:
Maiatzak 3, larunbata
- Goizean, portuan. Kofradia Itsas Etxearen eskutik, Izan arrantzale, 6-12 urte arteko umeentzat, doan.
- 10:00-11:30. Itsas eskulanak.
- 11:30-12:30. Itsas esperimentuak.
- 12:30-14:00. Arrantza tailerra.
- 10:00-14:00. Getariako saregileen lan erakusketa.
- 11:00-13:30. Sokamakina tailerra, Albaolaren eskutik.
- 12:00. Deiadar txaranga.
- 18:00. Euskal Mitologia haur jokoak, frontoian.
- 19:00. San Salvador eta Ganbara abesbatzak, Salbatore Deunaren elizan.
Maiatzak 4, igandea: Arrantzale eguna
- 10:45. Arrantzaleen meza Getariako abesbatzak lagunduta. Zuzendaria: Jesus Aldalur.
- Ondoren, Itsas Bedeinkapena, Artzapen.
- Jarraian, arrantzale zaharrei omenaldia.
- 11:00. Gipuzkoako Trainerilen jardunaldia.
- 18:00. Herri Kirol Jaialdia, frontoian.