Hamahirugarrenez ospatuko dute gaur hasi eta asteburu osoan zehar Antxoa Eguna Getarian (hemen ikus daiteke egitarau osoa). Eta, ohi bezala, Zilarrezko Antxoa aipamenak eginez hasi dute eguna, Balentziaga museoan egin duten ekitaldi instituzionalean. Txalaparta doinuak eta Salbatore Deuna abesbatzaren Agur zaharra abestia eskaini dituzte aurrena, eta sariak banatu aurretik, Emeterio Urresti Getariako kofradiako presidenteak hartu du hitza. Gogoratu du duela hogei urte, 2005ean, antxoari geldialdi biologikoa ezarri ziotela, eta bost urtez ezin izan zutela bertako antxoarik harrapatu, eta horregatik hasi zirela Antxoa Eguna ospatzen 2011n, bertako arrainaren kontsumoa bultzatzeko. Antxoa arrantzatzetik herritarren etxeetara iritsi arteko kate osoak duen garrantzia azpimarratu du, eta denen lana goraipatu.
Hiru aipamen izan dira, eta sariak eman aurretik bakoitzari buruzko bideo laburrak jarri dituzte.
Aurreneko saria Balistreri Giroleno antxoa kontserba enpresa siziliarrak jaso du. Enpresa familiarra da, eta urte asko daramatzate Getariako arrantzaleekin elkarlanean. Familiako ordezkari bat igo da oholtzara, eta "hunkituta" jaso du saria. Esan du espero duela urte askoan jarraitzea Getariara etortzen, eta hemengo arrantzaleen lana eta bertako antxoaren kalitatea goraipatu ditu. Urrestik berak eman dio saria.
Bigarren aipamena Roberto Ruiz sukaldariak jaso du "bere sukaldaritzagatik eta lan egiteko orduan bertako produktuekiko daukadan errespetuagatik". Hala azaldu dute bideoan parte hartu duten bi sukaldari getariarrek: Pili Manterolak eta Aitor Arregik. Azken horrek "Getariako itsasargia" dela ere esan dio. Miren Garmendia Opegui Itsas Etxea kofradiako zuzendariak eman dio saria.
Ruizek esan du "plazera" dela halako sari bat eskuratzea, "antxoak errepresentatzen duen guztiagatik".
Azkenik, Kantabriako kofradiako idazkari ohia den Enrique Paz Setieni egin diote aitortza. Norberto Emazabel Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko lehendakariak eman dio saria, eta Emazabalek kantabriarraren lan ibilbidea eta profesionaltasuna goraipatu ditu. Horrek hunkituta eta apaltasunez jaso du saria: "Harro eta pozik nago sari hau ez didalako edonork ematen, Gipuzkoak eta Getariak baizik; baxurako arrantzan erreferente zarete, eta niretzat balio handia du honek", esan du.
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordea izan da hitza hartzen azkena. Horrek ere lehen sektorea osatzen duten lanbide guztien garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta gogorarazi du asko borrokatu eta negoziatu ondoren, hemendik aurrera bertako kofradien esku egongo dela arrantza kuota. "Zuen esku egongo da hemendik aurrera antxoa kuota, zeuek izango zarete arduradun nagusiak, nahiz eta Eusko Jaurlaritza hor egongo den, beti bezala, zuek babesten".
Ekitaldia amaitzeko, aurtengo omenduei aurreskua dantzatu diete, eta ondoren, Antxoaren ereserkia eta Boga boga abestiak eskaini ditu herriko abesbatzak.
Datuak antxoaz eta berdelaz
Goizean, Balentziaga museoko ekitaldia baino lehen, antxoaren kosterari buruzko datuak eman dituzte Kofradia aurrean Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak eta Miren Garmendia Opegui Itsas Etxea kofradiako zuzendariak.
Antxoaren kanpaina erdia igarota dago –ekain amaieran amaituko da–, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek 2,9 milioi kilo harrapatu dituzte, ezarritako kuotaren % 36 inguru. Esan dute 2024ko kanpainarekin alderatuta, % 63 gutxiago porturatu dutela. Horren aurrean, Azkuek azaldu du "harrapaketa gehienak Bizkaia eta Kantabria arteko uretan" egin dituztela, eta ondorioz, "kanpoko ontzi askok Kantabria aukeratu dute arrantzatutakoa saltzeko, gure lonjen kaltetan". Salmenta prezioak gora egin du, berriz eta batez beste 2,27 euroan saldu da kiloa —iaz, 1,51 euroan saldu zen— . Balorazio zehatzagoa kostera amaitutakoan egingo dute, dena den.
Berdelaz ere hitz egin dute. Azkuek esan du kostera "oso txarra" izan dela. Guztira, 5,7 milioi kilo harrapatu dituzte, "oso irregularra" izan dela esan du sailburuordeak. "Arrastre eta inguraketa arrantzari dagokionez, harrapaketa esanguratsuak izan dira, ia kuota agortzeraino; ontzi txikiek amuekin egindakoak, berriz, apalak, 537.000 kilo". Hau da, baimenduta zuten kopuruaren % 14.