BERRIAren Baionako egoitzara iritsi bezain laster eman dio albistea Intza Gurrutxagak (1996, Getaria) Gorka Torreri (1974, Baiona). Getariatik autobus bat beteko dute, eta Donostiatik ere beste bat betetzen ari dira igandean Baionan antolatu duten manifestazioan parte hartzeko. Euskal Herrian Euskaraz-eko bi kideek desobedientzia ekintza egin zuten abenduaren 3an Baionako Auzitegian. Teilatura igo, eta Justizia euskararentzat idatzi zuten. Frantziako Poliziak atxilotu zituen, eta apirilaren 11n epaituko dituzte.
Babes zabala jaso du igandeko mobilizazioak. Zeren erakusle da?
Intza Gurrutxaga: Hego Euskal Herrian, azken urteetan, euskalgintzan asko aipatu dugu euskararen kontrako oldarraldia; badagoela kontrako olatu erreakzionario atzerakoi hori. Uste dut horren aurka badagoela haserre bat, ezin bizi bat, eta nahi bat horri guztiari erantzuteko eta «geldi!» esateko; ez dugula atzerapauso gehiago onartuko. Eta nik uste gogo horri erantzuten diola sortu den giro honek. EHEtik berriz ere lehen lerroan jarri dugu euskararen aldeko borroka hori desobedientzia ekintzak sustatuz. Jendeak badu gogoa zerbait egiteko, eta euskararen aldeko borroka horri beste indarraldi bat emateko.
Gorka Torre: Azken hamarkadetan botere publikoek eta agintariek euskararen aldeko urrats txiki batzuk egin dituzte, baina pentsatzen dut jendea ohartzen dela hori ez dela batere aski; itxurakeria ekintzak direla. Badakite euskara egoera txarrean dela, eta botere publikoek ez dutela araberako erantzun bat ematen.
Zer iritzi duzue euskararen egoeraz?
G.T.: Inkesta soziolinguistikoek ongi azpimarratzen dute: euskara ahul da, ez ditu bitartekoak bere etorkizuna bermatzeko, eta, gainera, erasoak datoz bi estatuetatik. Egoera kezkagarria da, baina herri honek badu gaitasuna-eta nahikari hori iraultzeko; orain martxan ezarri behar da. Iruditzen zait jendea ohartzen dela egoeraz. Itxaropena dugu hori mobilizazio nahikari bilakatuko dela, indar harreman bat sortzeko.
I.G.: Iñaki Iurrebasok bere tesian aipatzen du Euskal Herrian bizitzeak oro har erdaldundu egiten duela. Badaude arnasgune batzuk, zeinetan euskaraz bizitzea erosoago den, baina erosotasun hori edonoiz urratua da. Era berean, bada pultsu nazionalaren ahultze bat. Gure lana hori aktibatzea eta lantzea da.
Jarraitu irakurtzen, honako lotura honetan.