Euskararen Eguna da gaur. 2024an, hizkuntza hori zer egoeratan iritsi da bere egunera?
Euskalgintzaren Kontseilua orain hasi da euskara "hizkuntza larrialdi" egoeran dagoela adierazten. Izan ere, ez da gauza berria larrialdi egoera hau, baina noizbait jarri behar zaio izena, klima larrialdiarekin gertatu den bezala.
Alde batetik, Iñaki Iurrebasoren Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek? ikerketaren ondorioetako bat izan da hizkuntza gaitasunean ahultasun garrantzitsua dugula. Euskararen ezagutzan igoera egon da, baina hizkuntza gaitasuna da gaur egun ahultasunik handiena. Hark aipatzen dituen datuen artean dago, besteak beste, gaur egun euskaraz erosoago hitz egiten duten biztanleen kopurua soilik %8 dela.
Bestalde, gaur egungo gizartean, globalizazio eta kapitalismo basatiak hizkuntza gutxituen aurkako indarra eragiten du. Homogeneizazio prozesu bat dago, eta hegemonia duten hizkuntzak globalizazio eta kapitalismo prozesu horrek elikatzen ditu, baina, aldiz, euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzat aurkako indar garrantzitsua da.
Azken hilabeteetan euskararen kontrako epai asko egon dira. Zer irakurketa egiten du EHEk?
Oldarraldi judiziala sozializatu da azkenaldian. Espainiako eta Frantziako konstituzioek marko bat ezartzen digute, eta euskararen aldeko politika garatzeko garaian, oztopo bat dira. Euskararen normalizazioa sustatzen duten neurrietan atzerapausoak eman nahi dituzte. Epai horiek oldarraldi horien barruan daude, euskararen biziberritze prozesua oztopatu nahian.
Azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazio erraldoia egin zuen Bilbon, eta 70.000 lagun elkartu ginen oldarraldi hori salatzeko. Oldarraldia epaitegietatik datozen epai ugariak dira, hizkuntza eskakizunen aurkakoak eta euskararen normalizazio prozesua oztopatzen dutenak, hain zuzen. Marko zabalago batean ere ulertu behar da, hau da, oldarraldi politiko eta mediatikoa ere badago. Indar politiko eta diskurtso batzuk zabaltzen ari dira, epai horiez gain, euskararen aurka.
Ni getariarra naiz, eta Getariako datuei helduz gero, 2021. eta 2023. urteen bitartean, %8 jaitsi da euskararen kaleko erabilera. Ez gaude osasun beteko egoera batean; eremu euskaldunetan ere, Getaria bezalako arnasguneek erasoak jasaten dituzte.
Euskararen aurkako joera bat dago, eta garrantzitsua da gure herrietan euskaldunen kontzientzia piztea. Ez da ikuspegi katastrofiko bat. Azkenean, aktibazioa lortu behar dugu. Egoera ez da inondik ere euskaldunok lasai egotekoa, baizik eta aktibatzekoa. Azken hamarkadan geldialdia egon da euskararen garapen prozesuan, eta geldialdi horretan goranzko edo beheranzko joera hartu dezakegu.
Zer aldarrikapen nagusi ditu EHEk gaur-gaurkoz?
Euskal Herrian Euskaraz elkarteak manifestazio nazionala antolatu du abenduaren 7rako, Durangon [Bizkaia]. 18:00etan abiatuko da mobilizazioa, Landako gunetik. EHEk orain dela bizpahiru urte aldarrikatu zuen bere burua eragile independentista gisa, barne hausnarketa prozesu baten ondorioz, independentzia ezinbesteko ikusi zelako Euskal Herri euskaldun bat eraikitzeko. Beraz, hartu dugun aldarria euskararen errepublika izan da. Durangon euskararen errepublikaren alde aterako gara kalera. Izan ere, Espainiako eta Frantziako estatuen menpeko garen bitartean, ez ditugu mekanismo eta tresna nahikoa izango euskaraz eroso bizitzeko eta gizarte bat eraikitzeko.
Harrotze Astea antolatu zenuten apirilean, euskararen aldeko tokiko borrokak berpizteko ariketa kolektibo bat. Zer balorazio egiten duzue?
Balorazio positiboa egin dugu. Harrotze Astean hainbat aldarri kalera ateratzea lortu genuen, baita euskararen aurkako oldarraldia eragiten ari diren erantzuleak seinalatzea eta, tokian tokiko aldarrikapen zehatz horiek eginez, euskaldunak aktibatzea ere. Erronkak hor segitzen du, baina euskaltzaleak martxan jarraitzea eta komunitatea indartzea lortu dugu.
Urola Kostan euskararen aldeko taldeak desagertuz joan ziren pixkanaka, eta azken urteetan berriz antolatzen hasi dira.
Oldarraldiaren egoeran gaude, eta urte askotako borrokaren ostean, larrialdi egoeran jarraitzen dugu, baina egindako lana izugarria izan da. 1950eko hamarkadan euskara desagertzear egon zen, eta euskararen aldeko herritarrei esker, izugarrizko gorakada etorri zen. Hilzoritik indarberritzera igaro zen, herritarren ahaleginari eta borrokari esker. Orain, ordea, geldialdi batean gaude, eta oldarraldi honekin lortu diren eskubideetan atzerapauso batzuk egin nahi dituzte. Baina, aldi berean, aktibazio bat sortu da.
Testuinguruari erantzunez, hainbat euskara elkarte sortu dira, atzerapauso batzuk emateko arriskua dagoela ikusi dutelako. Nik uste dut egoerak berpizte bat ekarri duela, eta horren ondorio izan daiteke Urola Kostan euskararen aldeko hainbat elkarte sortu izana.
Euskal gizartea, euskal komunitatea, erakundeak... zertan ari dira ondo, eta zertan gaizki?
Uste dut ezinbestekoa dela kontzientzia piztea eta gure egoeraz jabetzea. EHEko kideok argi dugu marko egoki batean kokatu behar dela egoera, hau da, bi estatu zapaltzaile ditugula eta bi estatu horiek euskara zapaltzen dutela, eta, ondorioz, euskaldunok zapaltzen gaituztela. Beraz, EHEko kideok dugun zeregina da kontzientziak piztea eta zapalkuntza horretaz ahalik eta herritar gehien ohartzea. Zapalkuntza gainditzeko, gure eginkizuna ahalik eta herritar gehien aktibatzea da.