5.564.334 euroko aurrekontua izango du Getariako Udalak datorren urtean

Mireia Galarza Bastida 2024ko aza. 27a, 15:38

EH Bilduko kideak aurrekontuen alde bozkatzen, atzoko udalbatzarrean. (Mireia Galarza Bastida)

Iaz baino milioi eta erdi urte gutxiagoko aurrekontua izango du Getariako Udalak. Beherakada horren arrazoia da, EH Bilduko Eneko Miralles Ogasun zinegotziaren esanetan, "aurten ez daudela Zarautz Jauregiko dirulaguntzak". Aurkeztutako proiektuen artean dago kiroldegiko estalpea, 750.000 euroko aurrekontuarekin. 

Getariako Udalbatzak, EH Bilduren aldeko sei boto eta EAJren kontrako bost botorekin, atzo arratsaldean egindako udalbatzarrean onartu zituen 2025rako udal aurrekontuak. Guztira, 5.564.334 euroko diru partida izango du Getariako Udalak datorren urtean, iaz baino milioi eta erdi urte gutxiago. Beherakada horren arrazoia da, EH Bilduko Eneko Miralles Ogasun zinegotziaren esanetan, "aurten ez daudela Zarautz Jauregiko dirulaguntzak". 

Sarreren artean, arruntak 4.322.334 euro izatea aurreikusten dute, eta horietatik zati handiena Gipuzkoako Foru Aldundiko Foru Funtsetik jasoko lukete, 2.553.098 euro, hain zuzen ere. "Mutualisten afera kontutan hartuta, positiboki baloratzen dugu hurrengo urterako jasoko dugun kopurua gehiago izatea", gehitu du Mirallesek. Beste sarrera handia, "mailegu bitartez" lortu nahi dute, iaz aurreikusi zuten kiroldegiko estalpeko proiektua egin ahal izateko. Horretarako, 750.000 euro bideratu nahi dituzte: "Saiatu gara proiektu hori garatzeko dirulaguntza Eusko Jaurlaritzari eskatzen, baina ezezkoa jaso dugu. Dena dela, mailegua eskatuta ere, gastu horri 15 urtetan aurre egiteko moduan ikusten gara", diote.

Gastuak, askotarikoak

Irabaziez gain, diru hori non erabiliko duten ere gehitu zuen Mirallesek. Hain zuzen ere, udaleko langileen soldata %2 igoko dute, eta 18.000 euro bideratuko dituzte bertako langileen lanpostuen balorazioa egitera. Berdintasun arlora 21.000 euro bideratuko dituzte, iaz baino 7.000 gehiago -berdintasun plana garatzea, horren aldeko ekimenak garatzea eta Getariako emakumeek historian izan duten lekua aztertzeko beka deialdia martxan jartzea dira bertako ekintza nagusiak-. 

Euskara arloan 8.500 euro inbertituko dira hurrengo urtean, eta kulturan gastatzeko ere diru gehiago erabiliko dute. Zehazki, Salbatore jaietarako 85.000 euro izango dituzte, herri identitatea zehaztea helburu izan duen plana egikaritzeko 10.000 eta Izan arrantzale! belaunaldi berriak arrantzara gerturatzeko ekimenean 4.000 euro erabiliko dituzte.

Hirigintzako proiektuetan nagusiena izango da kiroldegiko estalpea, eta bertan 750.000 euro erabiliko dituzte: obren exekuziorako 730.000, zuzendaritza lanetarako 18.000 eta koordinazio lanetarako 3.000. Argiterian 55.000, biodibertsitate arloko proiektuetan 15.000, parketan 40.000 eta auzobideak egokitzeko lanetan 46.000 euro aurreikusi dituzte. Azken hori iazko partidaren bikoitza baino gehiago dela zehaztu dute, "auzokideekin hitz eginda garrantzizko lana dela ondorioztatu ondoren". Hirigintza arloan kokatu dituzte, aldi berean, beste hainbat gastu ere. Santanapeko bidea zabaltzeko proiektua idazteko 18.000 euro erabiliko dituzte, eta kopuru bera erabiliko dute etxebizitza beharren azterketa egiteko. 

Herrerieta eta Balentziaga kaleak elkartuko dituen igogailuko proiektua idazteko 33.000 euro erabiliko dituzte. "Garrantzitsutzat" jo zuen EH Bilduko zinegotziak horrekin aurten hastea, "laister" hasiko baitira Eskualtxeta inguruko etxeak eraikitzen. 50.000 euro bideratuko dituzte HAPOa idaztera, 350.000 euro portuko jardueretara, 30.000 euro Aldamar parkeko konponketetara, 224.000 euro Gaztetxe berriko beharrak zehazteko prozesura, eta 13.000 euro musika eskolako langileen egoera hobetzeko dirulaguntzetara. 

Gorabeherak

Iosu Mugika EAJko bozeramaileak adierazi zuenez, beraiek azaroaren 12an aurkeztu zituzten proposamenak EH Bilduk egindako planteamenduaren gainean, eta horiek guztietatik bost bakarrik hartu ditu kontutan udal gobernuak. Gainera, gehitu zuen proposatutako gastuen %20a hartu duela kontutan bakarrik udal gobernuak. 

Proposamenak zeintzuk ziren ere aipatu zuen Mugikak: eskolako aurrekaldea berritzea, bertako bizikletentzako aparkalekua, Santanapeko paseoaren irisgarritasuna eta segurtasuna, Zarautz aldera joateko autobus geltoki parean dauden lokalen egokitzapen lanak, Zumaiara joateko markesinaren hobekuntza, Malkorbe eta Bistaona lotzen dituen igogailuaren planaren idazketa, pisu turistikoen gaineko ikerketa eta udalaren lokal hutsetan gazteentzako alokairuko etxebizitzak sortzeko proiektua, besteak beste. 

Mirallesek, bere aldetik, erantzun zion EAJk zehaztutako proiektu guztietatik zazpi markatu zituela lehentasunezkotzat, eta horietatik bost kontutan hartu dituztela. "Beste batzuk, garbi geratu zen ez zirela gure eskumeneakoak". Diru kantitateari buruz, honakoa adierazi zuen EH Bilduko zinegotziak: "EAJk egin duen ia milioi erdiko proposamenetik 300.000 euro inguru lokal huts horietan etxebizitzak egokitzera bideratu nahi izan du, eta gure ustez etxebizitzaren beharrei erantzuten diegu Eskualtxetako alokairuko etxebizitzekin". 

EAJko kideak aurrekontuetan ezezkoa bozkatzen. (Mireia Galarza Bastida)

Adostasuna, aparkalekuetan

Aurrekontuak bozkatuta, udalbatzak aparkalekuen ordenantzari egindako aldaketaren bozketa egin zuen. Zehazki, bi puntu onartu zituzten ahobatez. Bata, Malkorbera doan bidearen hasieran lau aparkaleku egoliarrentzat izatea.

Bestea, aldiz, jarduera ekonomikoak dituzten negozioentzat -ostalaritza, komertzio, museo eta horrelakoak salbu- identifikazio txartelak sortzea. Negozio bakoitzak hiruna txartel eskatu ahal izango ditu, jarduera profesionalaren ordutegian bezeroek erabil ditzaten, gehienez ordu eta erdian. 30€-ko kostua izango du txartel bakoitzak urteko. Horrekin, bezeroek egoiliarren eremuan aparkatu ahalko dute ibilgailua. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide