Euskal gizartearen 'impasse'-ez hausnartu du Joseba Zulaikak

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 22a, 14:30

Joseba Zulaika antropologoa erdian, asteazkeneko liburu aurkezpenean. (Alberdania)

Aberriaren inpasea saiakera argitaratu berri du Getarian bizi den antropologoak. Euskal Herriko egoeraz hausnartu du, kanpoan bizi izan den baten ikuspegitik.

Egungo euskal gizarteari buruzko saiakera mardula argitaratu du Getariako bizilagun Joseba Zulaika antropologo itziartarrak (Deba, Gipuzkoa), hainbat hamarkadaz sorterritik kanpo bizi izan den baten ikuspegitik. Asteazkenean aurkeztu zuen Aberriaren inpaseak liburu berria, Alberdania argitaletxearen eskutik, Donostian, eta haren tesiaren ardatza da euskal politika eta gizartea impasse garaian daudela. Ez aurrera eta ez atzera egoteak sortzen duen ezinegon horretatik abiatuta idatzi du Zulaikak aipatu saiakera.

Alberdaniako editore Gorka Bereziartuak azpimarratu zuen "debaterako liburua" dela, baina ez sare sozialetan gako diren eztabaidetarako, baizik eta beste abiapuntu bat duela. "Impasse-aren aterkia" duela zehaztu zuen, eta gai askotan sakotzen duela: euskara, politika, historia, feminismoa, literatura eta kapitalismoa, esaterako. "Impasse horiek beste modu batera ikusten ditu; biharko gizartea irudikatzeko beste ikuspuntu bat dira harentzat", esan zuen editoreak.

Era berean, Bereziartuak argi utzi nahi izan zuen Zulaikak ez dituela behin betiko erantzunak ematen liburuan. "Orain arte ulertu ditugun gauzak beste ikusmolde batzuetatik begiratzeko tresnak ematen ditu".

Zulaikak adierazi zuenez, Aberriaren inpaseak bere impasse-ak dira: "Nire segurtasun ezaren impasse-ak". Euskararena nabarmendu zuen lehenik eta behin; Renoko (AEB) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Gunean 40 urtez lanean aritu da duela bost urtera arte. "Kanpotik etxera itzultzen den euskaldun baten ikuspegitik hainbat galdera egiten hasi nintzaion neure buruari", esan zuen pentsalariak. Euskarak "aurrerapauso ikaragarria" egin duela uste du, baina baikor agertzea gaur egun "tabu handi bat" dela dio. "Larrialdian" edo "hilzorian" dagoela dioten baieztapenek arriskua sor dezaketela uste du, "profezia bihur" daitekeelako.

Naufrago bat

Politika bezalako gai potoloa ere jorratu du Zulaikak: "Gurea ETAren belaunaldia izan zen, eta hura amaituta, euskal subjektu politikoen erantzuna ezberdina izan daiteke gaur egun. Horregatik, ondo dago impasse-ak eta porrotak aztertzea". Horretarako, anakroniaren zentzua erabiliz, Elkanoren mundubiraren 500. urteurrena jarri zuen adibide gisa: "Getarian bestelako lanketa bat egin zuten Elkanoren figurari buruz eta munduari emandako lehen itzuliaren inguruan. Azken finean, naufrago baten lehorreratzea izan zen, eta ikuspegi hori ontzat hartu du herriak".

Genero ikuspegitik ere egin du ekarpena, eta alardeari egin zion erreferentzia. Emakumeen parte hartzearekin tradizio impasse-a gertatu da, baina baita "antagonismoa" ere; izan ere, feminismoaren gorakadak gizonezkoen "gureak egin du" pentsaera ekarri du. Egilearen arabera, "garai bateko [alardeko] gizonezko heroi horiek arerio izatera pasatu dira, baina garai berri baten aurrean gaude, non euskal subjektu berriak sortzen ari diren".

Euskal Herriak orain impasse horiek bizitzeak ez du esan nahi "krisian" dagoenik, baizik eta "duela hamarkada batzuk baino egoera konplexuago batean" bizi dela, antropologoaren iritziz. Konplexutasun horretan murgilduta, hark bere egoeratik Euskal Herriaz dudan ikuspegia "baikorra" da, oro har, "euskararen, gizartearen eta politikaren inguruan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide