Hainbat herritar eta interesdun gerturatu ziren herenegun Artzapek Getariako Berdura Plazan antolatutako mahai-ingurura. Herriko kostaldetik 3,7 miliatara jarri berri duten zimarroi haztegia izan zuten hizpide solasaldian, eta gaiaren inguruko nondik norakoak kontatzeko, zenbait aditu eta aritu gonbidatu zituzten.
Bertan izan ziren Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, Leo Belaustegi arrantzale ohia eta Ondarru 12 Milia elkarteko kidea, Lorea Flores Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzailea, eta Tomas Otamendi kirol arrantzalea eta Malkorbe amarratzaileen elkarteko batzordeburua, jendeak dituen kezkak, galderak eta zalantzak argitzen. Mater ontzi museo ekoaktiboko arduraduna den Izaskun Suberbiolak, ordea, ezin izan zuen ekitaldian parte hartu, arazo pertsonal baten ondorioz.
Arrantzaren aro berria
Mirene Begiristain aritu zen moderatzaile lanak egiten eta behin herritarrek beren eserlekuak hartuta, lehen galdera planteatu zien mahai-inguruko kideei: "Zein da zuen iritzia gaur egungo arrantza jardueraren inguruan?"
Galdera erantzuten lehena izan zen Azkue: "Jaurlaritzak ikusten du arrantzaren jardueraren inguruan, zorionez, Euskal Herrian arrantza flota ezberdina eta askotarikoa dugula. Ozeano guztietan arrantza egiten duen flota dugu, Indikoan, Pazifikoan eta, batez ere, Atlantikoan. Orokorrean, gure arrantzaleek, baxurakoak eta alturakoak, arrantzatzen dituzten espezieak oso egoera onean daude. Gainera, espezie nagusiak berreskuratzen gaude, antxoa esaterako". Hori horrela, gaur egungo erronka handiena gazteengan arrantzatzeko grina piztea dela jakinazari zuen: "Arrantzale izateko gogo hori da falta dena, hain zuzen. Nahiz eta eskolak beteta egon, gazteek ez dute arrantza aukeratzen lanbidetzat. Erronka horren aurrean saiatzen gaude neurri ezberdinak hartzen".
Jarraian, Floresek hartu zuen mikrofonoa. Greenpeaceko ordezkaria izanik, arrantza jarduerak ingurumenean eta biodibertsitatean duen inpaktua azpimarratu nahi izan zuen. "Gaur egungo arrantza jarduerak industrializaziorako joera du. Ondorioz, etekin ekonomikoa lehenesten duen eredu batera joaten ari da, epe motzeko begirada batekin. Erabaki honek, kalitatezko produktuei edo elikadura osasuntsuari garrantzia ez ematea eragiten du. Ondorioz, arrantzaleen eta kontsumitzaileen arteko harremana aldentzen ari da". Floresek gehitu zuen, industrializazioaren ondorioz, "lanaren prekarizazioa" datorrela eta lanerako baldintzak ez direla "erakargarriak". Horrek errelebo falta eragiten duela azaldu zuen. Bestalde, arrantzaren gaur egungo jarduerak ingurumenean "inpaktu larriak" sortzen dituela adierazi zuen: "Mundu mailan, arrantza baliabideen %35 baino gehiago gainustiatuta dago. Kontsumitzen ditugun elikagaien %70 inportatua da; %10 dator soilik artisau arrantzatik, eta %90, aldiz, industrializatutako arrantzan jatorria duen produktua da".
Floresen ondoren, Belaustegiren txanda izan zen. Euskal Herriko arrantzaren bilakaera izan zuen hizpide hark, eta azken hamarkadetan industria horrek jasan dituen aldaketak nahiz ondorioak azaldu zituen. “Gure arrantzak izan duen garrantzia eta bilakaera kontuan izanik, burua astintzea komeni zaigu. Horregatik, arrantzak Euskal Herrian izan duen bilakaera azaldu nahi dut. 1950. urtera arte, portuetan artisau-arrantza egiten genuen. 50eko hamarkadatik aurrera, ordea, industrializazioa etorri zen eta tresna berriak ekarri zituen. 1970eko hamarkadara arte, izugarrizko aberastasuna sortu zen gure portuetan". Baina gutxi iraun zuen, izan ere, 70eko hamarkadaren ostean "arazoak bakarrik" etorri ziren: "200.000ko auzia, 'bolantarik ez!' borroka, Prestige ontziaren hondamendia, antxoen debekua eta artisau arrantza kontuan izan gabe banatutako zimarroien kuotak" aipatu zituen Belaustegik
Galdera erantzuten azkena izan zen Otamendi. "Nik gai hau Getarian kokatu dut. Guk defenditu dugun arrantza beti izan da artisaua, arduraduna eta selektiboa. Guda gure arrantza sistemaren alde egin dugu, arrantza bizi forma bezala ikusten dugulako. Gure ikuspuntua beti izan da ezberdina beste arrantzaleekin alderatuz". Otamendik argudiatu zuen, nahiz eta prozesu batzuk "automatizatuta" egon, beraiek artisaua kontsideratzen dutela beren lanbidea. "Itsasontziak ondo prestatuta egon arren, guk atunak banan-banan harrapatzen jarraitzen dugu. Zer gertatu da? Aro berri baten atarian gaudela. Guk itsasoan utziko diogu semeari guri aitonak utzi ziguna. Semea falta da, ordea. Impasse horretan gaude, ez dakigu zer egin".
Zimarroi haztegien "argi-ilunak"
Bigarren galdera, berriz, zimarroi haztegien inguruan ikusten dituzten "argi-ilunetan" oinarritu zen. Otamendik "nabigazio oztopo asko" jarri dizkiotela gaineratu zuen. "Izan ere, aurrekoan gure itsasontzi batek seinalizatu gabeko buia batzuk jo zituen. Ez da posible gure herritik hiru miliatara kokatu berri duten haztegi baten inguruko informaziorik jaso ez izana. Ez dakigu hor zer dagoen". Aldi berean, adierazi zuen zimarroi haztegiak ez duela euskal arrantzaleek beti defendatu duten arrantza eredua islatzen. "Hori bada gure etorkizuna, ni behintzat kontra nago" esan zuen. Bestelako zalantzak ere aipatu zituen, besteak beste, salmentak, sortuko diren lanpostuak eta etekinak norentzat izango diren.
Belaustegik azaldu zuen, kuota banaketak direla eta, tresna txikiekin jarduten duten arrantzaleek ez dutela zimarroiak harrapatzeko aukerarik.
Floresek berriro ekarri zituen mahai gainera aldaketa klimatikoaren ondorioak, izan ere, proiektu hori "klima larrialdi eta biodibertsite galera egoeran" kokatu du. Ondorioen aurrean, egokitu beharra dagoela azpimarratu zuen, "inpaktu txikiagoak eragiteko". Horretarako, "ekosistema osasuntsuak eta biodibertsitate orekatua" beharrezkoak direla gehitu zuen. Akuikulturak, gaur egungo egoeran, zentzurik ez duela esan zuen, sortzen dituen inpaktuengatik. Horrelako proiektuak "jasanezinak" eta "itsasoko makroetxalde" gisa definitu zituen. "Horrelako azpiegituren ondorioa gainustiaketa da. Inguruan guretzat elikagai izan zitezkeen arrainak arrantzatu behar dira hegalaburrak gizentzeko. Zuzenean lehian sartzen da giza elikadurarekin".
Azkuek, beste hizlariek aurretik esandako guztia erantzun nahian, zimarroi haztegia "proiektu pilotu bat" dela argitu zuen. Balfego enpresarekin elkarlanean, Mediterraneoan egiten den jarduera bera Kantauri Itsasora ekartzea posible den egiaztatu nahi dute proiektu horren bitartez. Gainera, gehitu zuen Balfego enpresaren jabetzaren erdia Azti ikerketa zentroarena izango dela: "Aztiko zientzialariek aztertuko dute proiektuaren eboluzioa, eta beraiek ziurtatuko dute ea hegalaburrak gizentzen ari diren ala ez". Hori horrela, proiektuak ondorio positiboak baditu, Aztiren zatia arrantzaleen esku geratuko da, hau da, beraiek kudeatu ahalko dute zimarroiaren gizentze prozesua, eta etekinak izanez gero, horiek ere jasoko dituzte arrantzaleek, Azkuek azaldu zuenez.
Herritarren kezkak, galderak eta zalantzak
Solasaldia amaitzeko, hizlariek minutu pare bateko tartea izan zuten gaiaren inguruan azken mezuak partekatzeko. Azkuek hartu zuen mikroa, eta berriro errepikatu zuen proiektu pilotu baten aurrean daudela: "Proiektu honek funtzionatuko duen aztertu behar dugu. Gure sareekin arrantzatu daitekeen ikusi nahi dugu, eta behin arrantzatuta, zer hegalabur mota dugun ikusi".
Gainera, Otamendik lehenango esandakoari erantzunez, gehitu zuen euskal arrantzaleak beti egokitzen ari direla bai merkatuak eta bai munduak markatzen duten erritmora. "Arrantzatzeko moduak aldatu badira ere, euskal arrantzaleek Jaurlaritzaren babesa izango dute beraien erabakietan".
Floresek, gaur egungo egoera ikusita, itsasoak babestearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Izan ere, erreserbak jartzekotan, horiek "eraginkorrak" izan behar direla gaineratu zuen. "Orain dagoena egitan proiektu bat baldin bada, eta hainbat gauza aztertu behar baldin badira, ongi legoke ukatu dituzun ingurumen inpaktu horien gaineko benetako azterketa zintzo bat izatea", erantzun zion Eusko Jaurlaritzaren ordezkariari.
Belaustegik "gure itsasoak eta gure arrainak jasaten ari diren ustiaketa esku pribatuetan" dagoela adierazi zuen. "Izan ere, marrazo asko dabil gure portuetan. Arrainaren partez, dirua ikusten omen dute. Baina kontuan izan behar dugu itsasoan dagoen arraina hemen gauden guztiona dela, eta gu saiatzen gara arrain hori itsasotik ateratzen, gizakiei jaten emateko. Ezin da onartu diruzale batzuk etorri eta gure elikaduraz jabetzea. Arrantzatzeko ahalmenak publikoa izan behar du".
Amaitzeko, Otamendik azaldu zuen "artisau arrantzatik datozen eskubide historiko batzuk arrantza industriala egiteko aldatu baldin badaitezke, hori da administrazioa, legea eta atunaren lobbya eskutik doazelako".