Euskara Plan berriak Getarian "euskal hiztun kontziente eta aktiboak" izatea du helburu

Julene Sorarrain 2024ko urr. 19a, 10:00

Ezkerretik hasita, Maddi Agiriano Emun Aholkularitzako kidea, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Intza Gurrutxaga eta Goizane Arana UEMAko teknikaria. (Julene Sorarrain)

Helburu nagusi honen aurrean, hiru erronka finkatu dituzte. Lehena, hizkuntza portaera kontzienteak dituen komunitate bizia sortzea da. Bigarrena, euskara inklusiorako bidea bihurtzea, eta hirugarrena, bisitariek nabaritzea herrian euskaraz bizi dela.

Azken hilabeteetan ondutako Euskara Plan berria aurkeztu zuten ostegun arratsaldean Getariako udalbatzar aretoan. Haritz Alberdi alkateak zehaztu zuenez, lau urtero egiten duten euskararen erabilpena sustatzeko planaren jarraipena da oraingo hau. Aroa. Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa izendatu du. Alberdik azpimarratu du "etengabeko borroka" dela euskararen sustapena, eta "ezinbestekoa" dela planarekin aurrera jarraitzea.  

Profil ezberdinetako herritarren ekarpenekin osatu nahian plana, otsailetik uztailera, hainbat taldetan banatuta egin dute lan. Hain zuzen, hiru egitura bereizi dituzte: prozesu osoa koordinatu duen talde eragilea, diagnosiaren eta planaren behin behineko diseinua baloratzeko kontraste taldea eta ekarpenak egiteko herriko eragileak eta bizilagunak.

Haiek egindako saioetan irten ziren euskararen erabileran nabarmen eragiten duten hiru egoera: euskaldunen kontzientziazio falta; bizilagun berriak, hau da, kanpotik datorren jendea euskarara erakarri beharra; eta Getaria herri turistikoa izanik, zerbitzuetan, euskararen presentzia bermatzeko ezinbestekotasuna. 

Lanketa horretatik abiatuta, helburu nagusi bat hartu du planak: Getaria euskal hiztun kontziente eta aktiboak dituen herria izatea, euskararen erabilera handitzeko. Helburu nagusi honen aurrean, hiru erronka finkatu dituzte. Lehena, hizkuntza portaera kontzienteak dituen komunitate bizia sortzea da. Bigarrena, euskara inklusiorako bidea bihurtzea, eta hirugarrena, bisitariek nabaritzea herrian euskaraz bizi dela.

Goizane Arana UEMAko teknikariak azaldu zuenez, hiru erronka horiei begira, "herritarrak aktibo eta ahaldunduta egotea da. Horrekin batera, Getarian euskara inklusiorako tresna izan dadila. Eta azkenik, erakutsi euskaraz bizi garela. Erakusteko izan gaitezen euskaldunak. Herria ahaldunduta badago, bisitariek ikusiko dute Getaria euskaraz bizi den herri bat dela". 

Hizkuntza irizpideak berritu dituzte aurten ere eta proiektua aurrera eramateko, "ostalaritza eta merkataritza eremua euskaratzen" jarraitu behar dela azpimarratu du Aranak. Administrazioaz gain, herritarren partehartzea funtsezkoa dela ere gehitu du: "Nahiko genuke herria aktibo egotea, eta herrian euskaraz bizitzeko nahai bat sumatzea. Akuilu lana egiteko prest dauden herritarrak ongietorriak dira". 

Datorren urtera begira, herritarrak aktibatzen jarraitzeko proiektuz aritu da Arana: "Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era izango da eta agenda markatuko du. Getarian ere mugimendua sortuko du horrek. Erronka horiei erantzuko balio dezala, eta erakutsi dezala hemen euskaraz bizi nahi dugula". 

Iturzaeta Herri Eskolan martxan dute Euskara eta kulturartekotasuna aipatu zuen. Helburu du euskara "erdigunean" jartzea, familia guztien parte hartzea bermatuz. "Erronka hor daukagu, euskara ez dakitenen parte hartzea ere garrantzitsua da". Helburu horretarako, ulermena ziurtatzeko tresnak, parte-hartzea sustatzeko dinamikak eta markoa partekatzeko formazioak eskaini eta Getariako hizkuntzei presentzia emango zaiela aurreratu zuen.

Akuilu lanak, herritarrek

Prozesuan kontraste taldean aritutako hainbat kidek, aurrera begira euskararen inguruan jarduteko taldea osatzeko lehen urratsak eman dituzte. Intza Gurrutxaga da kideetako bat eta azaldu zuenez, “orain arte lan asko egin da. Hala ere, urte osoko jardun iraunkorrean erreferente izango zen talde baten falta nabaritu genuen. Kontraste taldean gaudenok bilerak egin ditugu talde motor bat sortzeko, zubi lanak egingo dituena, eta herritarrak aktibatzen saiatuko dena".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide