Getariako zergek eta tasek %2,9ko igoera izango dute

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 26a, 12:30

Aho batez onartu dituzte 2025eko udal ordenantzak Getarian. (Aritz Mutiozabal)

Aho batez onartu dituzte aste honetan udal gobernuak 2025erako aurkeztutako ordenantza fiskalak. Herritarren gaitasun ekonomikoan oinarritutakoak dira.

Irailero hurrengo urterako ordenantza fiskalak onartu ohi dituzte, eta Getariako astearteko osoko bilkuran ere argi berdea jaso zuen EH Bilduk 2025erako eginiko proposamenak. Aho batez onartu zituzten zergak eta tasak, EAJ udal taldearen baiezkoarekin. Koalizioak aurkeztutako proposamenaren oinarri nagusia "herritarren gaitasun ekonomikoa" da; hau da, "progresibitatea –gehien duenak gehiago ordaintzea–, aberastasunaren ordainketa orekatua egiteko eta berdintasunera iristeko", Getariako Udaleko Ogasun zinegotzi Eneko Mirallesen esanetan.

Aurten, zerga eta tasen igoera orokorra %2,9koa izango da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako KPIaren igoeran oinarrituta; uztaileko Eustateko datuak hartu dituzte erreferentzia gisa horretarako. "Garrantzitsua iruditzen zaigu zergak bizitzaren kostuaren arabera proportzionalki igotzea. Azkenean, zergetatik jasotzen den diru sarrera hori da udal funtserako iturri nagusienetako bat", zehaztu zuen Mirallesek. Sarrerak eta gastuak proportzio berean ezarri ezean, "desoreka finantziarioa" sortzen dela gaineratu zuen, igoera arrazoitze aldera. "Bestela, udalak ez lituzke nahikoa baliabide ekonomiko edukiko zerbitzuak eta abar finantzatzeko".

Bestalde, foru funtsetik iaz baino kopuru txikiagoa jasoko du udalak, batez ere, jubilatuei eta erretiratuei mutualitateagatik ordaindu zaien kopuru altuengatik. Hori izaten da udalak duen diru sarrera handiena, eta horren jaitsierak inbertsioetarako gaitasuna murriztuko luke; oinarrizko zerbitzu publikoak ezingo lirateke hobetu eta ziurrenik ezingo litzateke orain arte emandako zerbitzuak ematen jarraitu. "Horregatik igo ditugu zergak eta tasak", aditzera eman zuen zinegotziak.

Hobariak

Igoerak ez diola herritar orori berdin eragingo azpimarratu zuen Mirallesek: "Diruz hobeto dabiltzan herritarrek gutxiago nabarituko dute igoera, justuago ibiltzen direnekin alderatuta". Horri aurre egiteko, hobariak aplikatuko dituzte; iaz indarrean zeudenak mantenduko dituzte, baina izango da berrikuntzarik. Aipagarria da, adibidez, %50etik %75era igoko diotela OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergen hobaria Bizigune programara gehitzen diren etxebizitza hutsei. Aldaketa horren xedea edo arrazoia da "herriko alokairuen merkatua biziberritzea edo martxan jartzea".

Trakzio mekanikoen inguruko zergari dagokionez, iaz hobari batzuk ezarri zituzten ibilgailu elektriko eta hibridoentzat, eta orain onuradunei gehienez ere hiru urtean behin aplikatuko zaizkiela erabaki dute. "Hobari horietara aurkezten den jendea eros ahalmen handia duena da, eta ez dauka logikarik geure ikuspegiarekin" argudiatu zuen zinegotziak. Era berean, iaztik mantentzen diren hobariak honako hauek dira: besteak beste, %90ekoa da eguzki energia erabiltzen duten etxebizitzentzat, eta %60 arteko hobariak dituzte Alde Zaharrean egindako edozein eraikuntzak, instalaziok edo obrak, ikuskizunak euskara hutsean egiten dituztenek eta familia ugariek, seme-alaba kopuruaren eta etxebizitzen balio katastralen arabera.

"Gure proposamenak hilabete hasieran helarazi genizkion EAJri, ekarpenak egin zitzaten. Hilaren 10eko infomazio batzordean adierazi ziguten ados zeudela, eta albiste pozgarria dela esan behar dugu, horrek erakusten baitu herria ordezkatzen dugun bi alderdiak hasieran adierazitako printzipioen alde gaudela", borobildu zuen Mirallesek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide