Gazte getariarren aisialdi eta kultur beharrak herri mailan hausnartuko dituzte

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 20a, 08:00

Getariako Gaztetxean, ekitaldi bat.

Eskualtxeta eraikina bota egingo dute, eta herriko gazteen aisialdi eta kultur beharrizanak aztertzeko prozesua abiatuko du udalak. Bihar, larunbata, da bilera informatiboa, eta bertan parte hartuko dute Orioko eta Gernikako (Bizkaia) gaztetxekoek, beren esperientzia kontatzeko.

Getariako Udalak iragarri du herriko gazteen aisialdi eta kultura parte hartzailerako gune berri bat diseinatuko duela laster, eta horregatik, parte hartze prozesu bat abiatuko duela udazkenean. Prozesua abiatzearen arrazoietako bat da Eskualtxeta eraikina bota egingo dutela epe ertainean, bertan etxebizitzak egiteko. Gaur egun eraikin horretan daude, besteak beste, Gaztetxea, Artzape aldizkaria eta hainbat musika talde. Horiei kokapen berria eman aurretik nahi du udalak "herriko gazte eta eragileekin hausnarketa kolektibo bat abiatu", ondoren "herri akordio" bat lortzeko herriko gazte eta kolektiboen beharrizanetan oinarrituta egongo dena. Prozesua talde motore batek gidatuko duela azaldu dute, baita helburua lanketa urrian hasi eta otsailean amaitzea dela ere.

Aurreneko urratsak ematen hasiak dira jada. Batetik, bihar informazio saioa egingo dute Gazteak, aisialdia, kulturgunea. Espazio autogestionatua izenburupean. Hitzordua 10:30ean izango da, Ulpiano Etxean. Gaiarekiko interesa duen oro gonbidatu dute bertara, eta azaldu dute informazio saioan bi gaztetxe proiektutako kideek parte hartuko dutela beren esperientzia kontatzeko: Orioko Etxeluze gaztetxekoek, eta Gernikako (Bizkaia) Astra gaztetxekoek.

Bestetik, udalak galdeketa bat bidali du 16 eta 30 urteko getariarren etxe guztietara, haien iritziak biltzeko. "Prozesuaren abiapuntu moduan, herriko gazteen bizimodua zein aisialdi eta partaidetza ohiturak ezagutu nahi ditugu eta, horretarako, galdetegi bat zabaldu dugu", kontatu dute gutunean bertan. Galdetegia Aztikerrek prestatu du, eta emaitza ere haren bitartez ezagutuko da. Erantzunak "erabat anonimoak" izango direla eta hamar minutuan erantzutekoak direla gaineratu dute.

Gazteen parte hartzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu du udalak, eta galdetegia betetzera animatu ditu. Hori online egin daiteke –gutunean jarri dituzte helbidea nahiz QR kodea–, eta iritzia emateko epea urriaren 2an amaituko da.

Hurrengo pausoak

Parte hartze eta hausnarketa prozesua Tipi enpresak garatu du, eta berak dinamizatuko du. Helburu nagusia lortzeko "adoste prozesu publiko-komunitarioa" martxan jartzea proposatzen du, "herriko gazteen eta udalaren arteko elkarlanean oinarrituko dena". Prozesuaren edukiak talde motorean eztabaidatu eta adostuko dituzte, eta bertan herriko gazteek eta udal ordezkariek parte hartzea da asmoa: "Gazte Asanbladako ordezkariek, musika taldeetako ordezkariek, prozesuan parte hartzeko interesa eta konpromisoa duten bestelako gazteek, udal teknikariek eta udal arduradun politikoek parte hartuko lukete". Talde hori osatzeke dago, eta biharko saioaren ondoren ekingo diote horri.

Horrez gain, "herriko gainontzeko gazteen errealitatea, beharrak eta nahiak jasotzeko ekintzak" planteatu ditu Tipik, hala nola elkarrizketak, inkestak eta topaketak.

Prozesuaren pauso garrantzitsuenak honakoak izango direla aurreikusi dute: prozesua behin betiko diseinatzea eta egutegia adostea; sakoneko elkarrizketak egitea eta eragileen mapa osatzea; balizko espazio edo gune horren izaera eta helburuak zehaztea; antolaketa eta gobernantza eredua zehaztea; eta, azkenik, publikoki aurkeztea adostutakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide