Getariako Guraso Eskolak garrantzia nabarmena eman dio haurren jaio eta hasierako urteei, izan ere, garai horretan "norbanakoaren garapenak eta heldutasunak hainbat forma hartuko ditu ikasitakoaren arabera eta honetarako izandako prozesuaren arabera". Hau kontuan izanik, elkarteak ikastaroak antolatu ditu haur gazteen gurasoei zuzenduta. Prebentzio-lanak hasierako urteetan garapen eta bizipen egokiak izaten lagunduko duela ziurtatu dute: "Honek guztiak haurren garapenean zutarri diren bi erakunderekin lan egitea dakar: familia eta eskola. Horregatik, gurasoek eta irakasleek haurren hezkuntzari dagozkion hainbat kontzeptutan eta helburutan bat egitea komeni da".
Ikastaroak 0tik 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta daude. Guraso Eskolak azaldu duen moduan, metodologiak ezin du "azalpen hutsa" izan. "Aldaketak ez dira arrazoi bidez bakarrik egiten, horregatik metodologiak parte hartzailea behar du izan, irekia", gehitu dute eskolako kideek. Helburuak betetzeko guraso taldearen izaera kontuan hartu behar dela azpimarratu dute, beraz talde lan dinamikoa izango da metodologiaren oinarria.
Jorratu daitezkeen gaien zerrenda zabala da, hala nola, lotura afektiboak, haurren arteko gatazken kudeaketa, garapen psikosomatikoaren deskribapena, elikadura, mugak eta zigorrak, heriotzaren bizipena eta sexualitatea.
Taldeak mugatuak izango dira, gutxienez zortzi pertsona beharko dira taldea osatzeko. Guztira bederatzi saio egingo dituzte, ordu eta erdikoak. Hauek ostiraletan izango dira, 14:30tik 16:00ra; lehenengo saioa urriaren 4ean izango da eta bertan finkatuko dituzte hurrengo egunak. Saioak Harremanak elkarteak zuzenduko ditu, psikologian eta sexologian adituak diren pertsonek, hain zuzen. Ikastaroak Iturzaeta ikastetxean izango dira eta izena emateko gizartekintza@getaria.eus helbidera idatzi daiteke.