Datorren igandeko udal eta foru hauteskundeen harira ekitaldia egin zuen atzo, igandea, EH Bilduk Getariako frontoian. Haritz Alberdi alkategaiak eta Larraitz Ugarte alderdikideak hartu zuten hitza, eta ekitaldia girotzeko, zuzeneko musikaz gain, bi sare jostaile aritu ziren josi eta josi, bihotz formako arrantza sarea osatzeko. Maite duzun Getaria leloa ere idatzi zuten herritarrek ekitaldian zehar –hauteskunde hauetako koalizioaren leloa horixe da: Maite duzun herria–.
Ugartek hiru ideia nagusi partekatu zituen frontoian bildu ziren herritarrekin: batetik, "Madril aldetik zarata eta lokatz asko" datorrela iritzi zion, eta bere ustetan horren arrazoia zein den azaldu zuen: "EH Bilduren aurka ultraeskuinak eta fatxak gogor dabiltza EH Bildu indartsu dagoelako".
Bestetik, Ugartek esan zuen "denbora kontua" dela EH Bilduk instituzioetan gobernu ardurak eskuratzea. "Hazten ari den indarra da EH Bildu, eta gainera, modu hegemonikoan. Toki batzuetan lau urte beharko ditugu, beste batzuetan zortzi, eta beste batzuetan hamabi, baina denbora kontua da guk ere instituzio nagusietan gobernu ardurak eskuratzea". Dudarik ez zuen egin igandean Getarian alkatetza berretsiko dela, eta EH Bilduk jarraituko duela gobernatzen.
Azkenik, Ugartek esan zuen koalizioa "lasai" dagoela "etxeko lanak eginda" iritsiko delako igandeko bozetara: "Harro egoteko moduko gauzak egin ditugu instituzioetan". Etxebizitza Legea eta pentsio ez kontributiboetan %15eko igoera lortu izana aipatu zituen, baita EAEko Hezkuntza Legea eta akordioa ere. Udaletan EH Bilduk egiten duen kudeaketa eredua ere goraipatu zuen, herritarrengan "konfiantza" sortzen duelako. Amaitzeko, EH Bildurentzat botoa eskatu zuen Ugartek.
Haritz Alberdi, zehaztasunak ematen
Haritz Alberdi alkategaiak eta Getariako egungo alkateak ere hartu zuen hitza atzoko ekitaldian. EAJri hainbat kritika egin zizkion; esaterako, herrian hauteskundeei buruzko mahai ingururik egin ez izanaren erantzukizuna egotzi zion: "Ez dago mahai ingururik EAJk nahi izan ez duelako. Pena bat, herriari, herritarrei, eztabaidarako eta kontrasterako aukera kendu zaizuelako. Estilo kontua da. Balore kontuak dira. Politika egiteko era da. Hitzari, elkarrizketari eta eztabaidari beldurrik ez izatearena, gardentasunez jokatzearena, gaiak aurrez aurre tratatzearena", esan zuen.
Gazteen gaia ere izan zuen mintzagai: "Beraien [EAJ] gazte batek esan du udalak lau urtean ezer ez duela egin gazteen alde. Bada, historian lehen aldiz gazteentzat alokairua ordaintzeko dirulaguntza berriak sortu ditugu, Sahatsaga Goian proiektatuta zeuden etxe libreen %75 babestuak izatea lortu zen eta gainera, 41 etxe horietatik 29 gazteei tokatu zitzaizkien, eta Euskaltxetan alokairu sozialeko etxeak eraikitzeko urratsak eman ditugu, eta %40 zuzenean gazteei zuzenduta egongo dira", esan zuen. Zerrenda luzeagoa bota zien herritarrei.
EH Bildu orainari baina, bereziki, etorkizunari begira dagoela esan zuen Alberdik, eta esan zuen agintaldiko azken udalbatzarrean bi puntu "oso garrantzitsu" onartuko dituztela: "Batetik, akordio hitzarmena Aizarnazabalekin eta Zestoarekin, behar duten herritarrei eta familiei arreta psikosoziala emateko; eta bestetik beharrak dituzten 65 urtetik gora pertsonei laguntza berriak".
Hitzartzea eskaera bat eginez amaitu zuen: "Gutako bakoitza bihur dadila aktibo bat eta aktibatu ditzagula lagunak, seme-alabak eta bizilagunak EH Bildu bozka dezaten igandean".