Udalean zinegotzi izan zara azken hiru urteetan, eta alkatetzarako pausoa eman nahi duzu orain. Zergatik?
Alderdiko buru izatea eskaini zidatenean egokia iruditu zitzaidan, edo arduratsua, neuk ematea pausoa neuk eskatzen nuen hori martxan jartzeko. Nork beretik haste horretan sinesten dut nik.
Nola baloratzen duzu zure alderdiak, EAJk, oposizioan egindako lana agintaldi honetan?
Uste dut oposizio arduratsua egin dugula; beti saiatu izan gara herrigintzarako edo herriarentzat onenak iruditzen zitzaizkigun ideiak helarazten udalari, gero ahalik eta gehien exekutatzeko.
Eta udalaren lana?
Ziur nago beraiei iruditzen zaien ondoena egin dutela. Gauza batzuk aurrera eramateko erlazio zuzena izan dugu, beste gauza batzuetan guk ez dugu inolako partaidetzarik izan eta beraiek egin dituzte beren kabuz, edo hasieran izan dugu partaidetza baina ez erabakiak hartu behar zirenean... Guk egin duguna izan da ideiak partekatu edo negoziatu herriaren onerako.
Hauteskunde programa prest duzue; zer lehentasun markatu dituzue?
Gure programaren berezitasuna izan da 118 bilera egin ditugula herriko hainbat eragile, pertsona eta enpresarekin, ahalik eta programa herrikoiena osatzeko eta etxe guztietara sartzeko, ez bada proiektu batekin, beste batekin. Etorkizunera begirako programa da, ez soilik datozen lau urteei begirakoa.
Ideia zehatzetara joz, zuen proiektuetako bat da Meagako bidea hobetzea, eta beste bat, Musika Etxea indartzea, esaterako.
Guretzat puntu garrantzitsuena etxebitzarena da, etorkizunari begira eta gazteei begira behar handi bat delako. Getarian, zoritxarrez, alokairurako etxe gutxi ditugu, egin diren etxebizitza berriak 2008an hasitakoak dira, hainbat fasetan egiten joan direnak, eta Getarian bizi direnek eta Getarian jaio garenok nahi dugu Getarian bizitzen jarraitu. Eta, horretarako Getariak hazi egin behar badu, ahal den neurrian, hazi egin behar du. Puntu nagusia da orain ditugun arau subsidiarioak, HAPO, eguneratzea. 2015etik ari gara eguneraketa eskatzen zaharkituak gelditu zaizkigulako eta hemendik urte batzuetara zer nahi dugun izan erabakitzeko edo hazten joateko, horiek ezinbestekoak direlako.
Meagako bidean zer egin nahi duzue?
Zoritxarrez, bai olatuengatik, bai luiziengatik, hainbat aldiz Meagatik ibili behar izaten dugu Zumaiarantz nahiz Zarautzerantz joateko. Landu gabeko bidea da, eta hori hobetzea ez da herrira begirako zerbait bakarrik; herria osatzen duten auzoak eta auzotarrak ere kontuan hartu behar dira, ahalik eta azpiegitura hoberenak izan ditzaten herrira joan-etorria egiteko.
Programan Gaztetxe berria ere aipatzen duzue.
Egia esan, kezkatzen nauen gaietako bat da. Kirol mundutik nator, gaztez betetako inguru batetik. Jakin genuen Eskualtxetako lur eremua Jaurlaritzari utzi ziola udalak alokairu sozialeko hainbat etxe egiteko. Ez dakigu zenbat etxe egingo dituzten eta zer hedadura hartuko duen. Baina badakigu bertan dagoen Gaztetxea tokiz mugitu beharko dela. Gaztetxearekin, SOS Getariarekin eta hainbat gazterekin bildu eta gero, esan digute gune bat prestatuko lieketela eremu horretan. Guk ez dugu gune horretan sinesten, hor etxebizitzak doazelako eta Gaztetxea soinuagatik arazoa delako bizilagunentzat. Guk beste inguru batean dagoen gune bat prestatu nahiko genuke.
Gune egoki hori zein litzatekeen pentsatuta daukazue?
Bi gune baditugu buruan, baina ezin da ezer eskaini eta ezer agindu, ez dakizunean estruktura aldetik nola dagoen. Arkitekto batek esan beharko luke egin daitekeen ala ez.
Musika Etxerako ere ideiak badituzue, ezta?
Musika Bandarekin eta Musika Eskolarekin bildu gara, baita txistulariekin eta hainbat elkarterekin ere. Ikusi dugu getariar asko ibiltzen direla musikaren bueltan, eta ez dutela nahikoa espazio; hobekuntzak behar ditu.
EAJk zer arazo, zer behar ikusten ditu herrian? Zer lehentasun?
Lehen esan bezala, arau subsidiarioak martxan jartzea da gure ustez lehentasuna. Hortik aurrera, herri bezala zer izan nahi dugun norabide zehatza eduki behar dugula uste dut: herritarrak herrian bizitzea nahi badugu, etxebizitzen aldeko apustua egin behar dugu. 2008tik ez da promozio berririk sustatu, baizik eta aurrez proiektatutako etxeak joan dira egiten azken urteetan. Urteak behar direnez proiektuak aurrera eramateko, lehenbailehen hasi behar da gerora begirako aurreproiektuak egiten eta martxan jartzen.
Zuen programako beste zerbait gehitu nahiko zenuke?
Gure programa ez da hirigintzara mugatzen. Azpiegiturei dagokienez, begiratuta daukagu Getaria eta Zumaia lotuko lituzkeen paseoari buruz Madrilen egiten ari diren aurreproiektua –proiektua idazten ari dira orain– eta Santanape gunea hobetzea ere bada gure asmoa; gure apustuetako bat da. Toki oso arriskutsua da gaur egun, eta Getaria-Zarautz ibilbidea modu seguruan lotzeko falta den gune bakarra da. Gaur egun eskoratuta dagoen moilako gunea hobetzea ere garrantzitsua da guretzat. Gauza asko ez daude gure esku, ez dira gure eskumenak, baina proiektu horiek aurrera eramateko gure proiektuak bertan azaltzea, bai; hori gure ardura da. Eta oso argi dugu eremu horietan zer proiektu nahiko genituzkeen aurkeztu, eta zer ate jo beharko genituzkeen.
Moila biziberritzea garrantzitsua da EAJrentzat.
Moila Getaria gabe ezer ez da, eta Getaria moila gabe ere ez. Eta, tamalez, urte askoan moila abandonatuta dago: hor daukagu kofradia zaharra, hor daukagu Katrapuna, eta baita beste hainbat eremu ere. Eta jo beharreko ateak jo behar ditugu horiek eraberritzeko edo biziberritzen hasteko. Gai hori oso inportantea da guretzat, eta neuri, herritar bezala ere, pena ematen dit moilara joan eta hainbeste metro koadroko eremuak hesituta ikusteak. Ezinbesteko erronka da. Jo behar diren ateak jo, guk nahi ditugun proiektuak aurkeztu, eta erakunde desberdinek bat eginda, Getaria hobe edo berriagoa egin nahi dugu etorkizunari begira.
Eta hemendik lau urtera, nolako Getaria ikusi nahiko zenuke?
Getariarrentzat onena. Nahiko nukeena da ez lau urtera begiratzea, harago baizik. 2030era begira jarri, esaterako, eta norabide zehatza jarrita, herritarrari entzun, eta haiek kontuan hartuta aritzea. Proiektuak argi ditugu, eta ez dira lau urtera begirakoak, urte askora begirakoak baizik. Jakin behar dugu norantz goazen eta zer nahi dugun izan; hori argi edukita, nahiko nuke getariarrek nahi duten Getaria izatea, era batera edo bestera, baina getariarrek markatzea nolako Getaria nahi duten izan eta zer ezaugarri eduki beharko lituzkeen: irisgarritasun aldetik, adibidez, asko dago egiteko. Hemen ondoan [Balentziaga Museoaren kanpoaldean dago] ditugun eskailera mekanikoak bere garaian antinaturalak ikusten ziren, eta gaur egun, horiek ez baleude, edo igogailua ez balego, ez litzateke gure Getaria izango. Gaur egun ezinbestekoak direnak gaur ikusi behar ditugu, gerora ezinbestekoak izateko. Aurreproiektu bat jarri dugu portutik, Malkorbe aldetik, igogailu bat egiteko moila Bista Onarekin lotzeko. Hori da etorkizunari begira aritzea, eta horretarako, ezinbestekoa da herritarrei eta elkarteei entzutea.