Getariako Balentziaga Museoko irregulartasunak ikertzeko auzia hamabi urtez zabalik egon ondoren, 2019an iritsi zen sententzia: Mariano Kamio Getariako alkate ohiari (EAJ) –Balentziaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarteko kudeatzailea ere izan zen– lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Lurralde Epaitegiak kudeaketa desleialagatik eta merkataritza agiriak faltsutzeagatik. Helegitea jarri zuen Kamiok, eta joan den astean zigorra nabarmen murriztea erabaki du epaitegi berak auzia bidegabe luzatu izanagatik batetik, eta bestetik, orain errugabe jo duelako merkataritza agiriak faltsutzeari dagokionez.
Lau urte eta erdiko kartzela zigorra zena hamar hilabetekoa izango da azkenean, eta zigor ekonomikoa ere, erdira jaitsi dizute. Nola baloratzen duzu?
Fiskalak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen hasieran; pentsa zer astakeria. Epaiketan lau urte eta erdikoa gelditu zen, baina nire buruan ez zen kabitzen kartzelara joateko posibilitatea, jakinda ez zirela egiak epaiketan esandakoak. Urte ikaragarri txarrak pasatu ditut. Norberak daki egin duena eta egin ez duena ; delituak egin izan banitu neure gain hartuko nituzkeen. Baina kontua da ez nituela egin. Nahiko nukeen froga bat ikusi epaiketan, froga zehatzak, baina ez da egon ezer, dena susmoak eta interpretazioak zirelako.
Dena den, ez zaituzte absolbitu.
Ez naute absolbitu, beraiek barregarri ez gelditzearren. Izan ere, kasu hau Espainia osoan atera zen, eta orain errugabe jotzea gehitxo izango zatekeen. Ezin dut azken epai hau errekurritu, hamar hilabeteko zigorra, baina legalki aukerarik eduki ez arren, nik, pertsonalki, jendeari helaraziko diot nire iritzia. Pozik nago, bere txarrean, nahiz eta berez errugabe jo behar nindutela argi daukadan. Azken epaiak adierazten du esan ziren astakeria haiek guztiak ez zirela egiak.
Baina irregulartasunak egon egon ziren... Esaterako, museoa eraikitzeko diru kopuru bat aurreikusi zen, eta lauzpabost bider gehiago kostatu zen, ezta?
Dena gezurra da, manipulazioa. 2001ean egin genuen ikerketa finantzieroan agertzen zen hamabost milioi kostako zela. Kontua da arkitektoari egindako kontratuan jartzen zuela gure aurrekontua, "gaur-gaurkoz", zela bost milioi ingurukoa. Alegia, ez du esan nahi hura zenik museoaren aurrekontua, une hartan guk geneukan dirua, baizik. Gauza guztiak nahastu dira, eta nire ustetan, apropos.
Zeinek, eta zergatik nahastu ditu gauzak?
Interes asko zeuden tartean. Horrela utziko dut. Baina, garai hartan, Getariako Udaleko alkatea EAJkoa zen, eta aldundian eta Jaurlaritzan ere EAJ zegoen agintean. Inoiz ez didate deitu galdetzeko ea zer gertatzen zen. Normala da nirekin hitz egin gabe, kasua fiskalaren eskuetan jartzea? Hiru aldiz eskatu nuen azalpenak eman ahal izatea, baina ez zidaten onartu. Interes asko elkartu ziren batera, eta gainera, neu ez nengoen ondo. Krisi pertsonal handi batean, zulotik ezin aterata nengoen. Orain bezala egon izan banintz...
Irregulartasunik ez zen egon, hortaz, zure ustez.
Ez da egon, ez. Eta ikusi nahi duenarentzat, esku artean ditut froga guztiak.
Cristobal Balentziagaren zapiekin ere egon zen iskanbila.
Hori ere ezerezean gelditu zen. Zergatik? Bada, niri pertsonalki oparitu zizkidalako Balentziagaren lagun mina zen Ramon Esparzak. Are gehiago, 1987an oparitu zizkidan, Balentziaga Fundazioa sortu baino lehenago, fundazioa 1999an sortu baitzen. Hortaz, zapienak ez zeukan ez hanka ez buru. Zinegotzien emazteak [Kamiok haiei oparitu zizkien] banaka-banaka joan ziren Ertzaintzara zapiekin, eta ertzainek esan zieten soilik argazkia atera nahi zietela zapiei eta eramateko berriz etxera. Eta etxeetan dauzkate, Iñaki Txuekaren bikotekideak izan ezik; hark museoari eman zion dohaintzan. Museoarenak izan balira, nola ez zituen konfiskatuko Ertzaintzak?
Zurekin batera inputatu zituzten Julian Argilagos eta Rolando Paciel Gonzalez arkitekto kubatarrak. Azken hori errugabe jo zuten, baina Argilagos ez zen epaitegira aurkeztu.
Hemendik gaixorik joan zen, eta itzuli zen, baina auzia asko atzeratu zen, eta erabaki zuen berriz ez etortzea. Nik, petsonalki, argi dut ez dela erruduna, baina hori berak erakutsi behar du.
Isuna erdira murriztu dizute, baina 200.000 eurotik gorakoa da ordaindu beharko duzuna.
Ez dago eskubiderik; oraindik ez dut pentsatu nola ordainduko dudan, ez baitaukat dirurik. Abokatua ere ofiziokoa da [Leticia Eizagirre zarauztarra] dirurik gabe gelditu nintzelako. Oso eskertuta nago hari, lan zoragarria egin duelako; kristoren marroia zen nire kasua, eta erakutsi du zenbat balio duen.
Akusazio partikularraren barruan Getariako Udala egon da.
Bai, eta oso minduta eta haserre nago. Berroeta Aldamar soziedadean [Balentziaga Museoa kudeatzeko] daude Getariako Udala, aldundia eta Jaurlaritza. Akusazio partikular gisa agertu ziren, eta fiskalarekin bat eginda, eskatu zuten bederatzi urteko kartzela zigorra. Jaurlaritzak eta, tira, baina Getariako Udalak egitea hori... Nire bizitza eman dut herriagatik: hamasei urtez izan nintzen alkate, beste hainbat urtez zinegotzi.... Ez dago eskubiderik. Ez zuten nirekin hitz egin nahi izan, ni prest egon arren zalantzak argitzeko. Gailendu dira interes ekonomikoak eta interes politikoak. Penagarria izan da guztia, eta nire familiak ikaragarri sufritu du, batez ere amak... Gajoak 95 urte zituen.
Getarian babesik sentitu duzu?
Bai, lagun onak ditut herrian, eta orain jende askok zoriondu nau. [Hondarribian bizi da orain] Hori bai, pentsatzen dut udalak barkamena eskatu beharko lidakeela. Udal gobernu bat baino gehiago egon da Getarian hau hasi zenetik, eta denek jarrera bera izan dute. Aralarko Aintzane Ezenarro ere aipatu nahi dut [Getariako zinegotzia orduan]. Hura ere atera zen akusazioak eginez, baina gero ez dira frogatu. Politikan guztiak ez du balio.
Azken epaiarekin, amaitutzat ematen duzu hau guztia?
Judizialki, bai. Baina orain abokatuarekin nahi dut zigor horren zergatia aletu banan-banan. Dena ondo aztertu, eta emango ditut nire azalpenak epaiaz.