Erpinik eztitu beharrik gabe deskribatzen ditu Amaia Lasa Alegria idazleak (Getaria, Gipuzkoa, 1948) euskal kulturgintzan 1960tik gaur egunera arte izandako hamaika gatazka Jakin aldizkarian. Joan Mari Torrealdaik 1977an argitaratutako Euskal idazleak, gaur liburuan gertatutakoa hartzen du akordura, esaterako. «Arantxa Urretabizkaia eta biok aipatu gintuen lan horretan, idazle garaikide gisa. Gizonezko idazleak, berriz, argazki eta guzti atera zituen. Eta kexatu ginenean, burla egin ziguten. Betikoa da. Idazten utzi ez, eta idatzi dugunean gure literatura intimista dela esan izan dute, sinplea dela ere bai, gutxiesteko. Ez dakit nik zer daukaten txarretik intimitateak eta sinpletasunak. Eta sinpletasuna eta sinplekeria ez dira gauza bera». Hain zuzen ere, Amagoia Gurrutxaga kazetariak egindako elkarrizketa da maiatz eta ekaineko zenbakiko artikulu nagusia.
1969an eman zituen argitara bere lehen poemak Lasak. Idazle fundazionaltzat izendatu du horregatik Koldo Izagirrek XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman hari eskainitako liburuxkan, eta rara avis bat izan zela esana du hari buruz Mariasun Landa idazleak ere. Eta, hain zuzen, literatur bizipenei buruzkoa da Jakin aldizkariak argitaratutako elkarrizketaren parte handi bat, eta behin baino gehiagotan aipatzen ditu emakume izateagatik jasan behar izandakoak ere.
Horiez gainera, euskara batuak eragindako tentsioak, feminismoa, sexualitatea, Nikaraguako iraultza, irakaskuntza, Ez Dok Amairu, abortua, ETAren bereizketak eta poesiari buruzko hamaika gogoeta ere badakartza artikuluak. Lasak guztiak ezagutu baititu bertatik bertara, eta, kontatzen duenez, esaterako, Jose Angel Irigarai eta Joxean Artzeren arteko tirabirak izan ziren Ez Dok Amairu puskatu zuten faktoreetako bat.
Ezer goxatu beharrik gabe mintzo da idazlea Artzerekin izandako ezkontza bizitzari buruz ere. Elkarrekin urte batzuk zeramatzatela gertatutakoa du gogoan, besteak beste. «Proposatu zidan bera idaztera bakar-bakarrik jartzea eta ni lan egitera eta idaztera». Onartu egin zuen Lasak, eta damu puntu batez gogoratzen du pasartea. «Neuk ere poesia buru-belarri idazten hasi nahi nuenez, nork ekarriko zuen ogia etxera? Hortik sortutako eztabaidaren haritik, gure arteko maitasuna hautsi egin zen, eta etxetik alde egin zuen».
Liburugintza aztergai
Ez da zenbakiko artikulu bakarra, ordea. 2020ko liburugintza ere aztertu du Xabier Eizagirrek. Joan Mari Torrealdai zenak 1976az geroztik abian jarritako metodoari jarraitu dio horretarako, eta, ondorioztatu duenez, 2019an baino %11,4 titulu gehiago argitaratu zituen euskal liburugintzak urte hartan. Guztira, 2.569 titulu zenbatu ditu Eizagirrek, aurreko urtean baino 262 gehiago, analogikoak eta digitalak kontuan hartuta, eta, egilearen arabera, esanguratsua da igoerari buruzko datu hori, kontrakoa izan baita joera Espainiako zein Frantziako liburuen ekoizpenean. Han %9 egin duelako behera paperean argitaratutako titulu kopuruak.