Gaur aurkeztuko dute Iturzaeta ikastetxe parean sortu duten urmael berria

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 26a, 12:20

Sahatsaga Goiko etxebizitzen aurreko parkean sortu dute urmaela, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz. Bertan sortuko den ekosistema berria hezkuntzarako baliatuko dute.

Ikastetxeko guraso batzuen eta Sahatsagako zenbait auzotarren ideiatik abiatuta, urmael bat eraiki dute Getariako Iturzaeta ikastetxearen kanpoaldean. Sahatsaga Goiko bizilagunek auzolanean kudeatzen dute etxebizitzen aurrealdean dagoen parkea, eta han egokitu dute hezegunea. Gipuzkoako Foru Aldundiak ikastetxeetan jasangarritasuna sustatzeko proiektuentzat dirulaguntza deialdia jarri zuen abian 2021eko maiatzean, eta hori baliatuta murgildu da egitasmoan Iturzaeta. Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean idatzi zuten proiektua, eta elkarteko kideek lagundu zieten ikastetxekoei hezegunea sortzen.

Urrian, Aranzadik hondeamakinen bidez egin zuen urmaelaren zuloa, eta maila ezberdinetako ikasleen artean banatuta egin dituzte aurrerantzeko lanak. Oihal iragazgaitzarekin estali dute zuloa, ondoren lurrez bete dute ingurua eta euri urez bete da dagoeneko. Ikastetxeko familiek eta Sahatsagako auzotarrek hesiz inguratu dute urmaela, txakurrak-eta ez daitezen bertan sartu. Aurrerantzean, naturalki, ekosistema berri bat sortuko da putzuan.


Hezkuntzan bidelagun


Gaur, urtarrilaren 26an, Ingurumen Hezkuntzaren Munduko Eguna da, eta horren harira aldundiak antolatu duen ikastetxe jasangarrien online foroan parte hartuko du Iturzaetak. Abagunea baliatuko dute urmael berriaren nondik norakoen berri emateko.

Ekosistema berria sortzen hasi bitartean, Aranzadik formakuntza eman die ikastetxeko irakasleei egunerokoan ikasleekin gaia nola landu jakin dezaten. Horrez gain, urmaelak dituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako ikastetxeek ere hainbat jarduera partekatzen dituzte, eta Iturzaetakoen asmoa da jarduera horiek txertatzen joatea, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezuntzako seigarren mailaraino, ikasleek urmaelarekin lotutako ezagutza eta bizipenak barneratu ditzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide