"Berdintasuna lantzea ez da berria, ez udalean, ez herrian"

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 6a, 09:00

Getariako Udalak amaitu berri du berdintasun diagnostikoa, eta azarorako prest egongo da I. Berdintasun Plana. Diagnostikoaren zertzelada nagusiak kontatu dituzte Ane Loidi (Usurbil, 1970) Ongizate zinegotziak eta Onintza Irigoien (Eibar, 1992) Emun taldeko berdintasun aholkulariak.

Getariako Udalak aurreneko aldiz izango du Berdintasun Plana, eta horren oinarria da osatu berri duzuen diagnostikoa. Hutsetik hastea bezala izan al da?

ONINTZA IRIGOIEN: Aurretik planak daudenean, horien balorazioa egin ohi da berria egin edo eguneratu aurretik. Guk hutsetik osatu dugu diagnostikoa, baina horretarako badaude tresnak. Errealitatea behatu dugu eta saiatu gara elkarrizketen eta galdetegien bidez egoeraren argazkia osatzen. Aurrenekoa izateak beste mota bateko lana egitea eskatzen du, baina ez dakar zailtasun erantsirik. Planak ekarriko du ekintza batzuk martxan jartzea, edo lehendik egiten ziren ekintza batzuk sistematizatzea edo logika baten barruan kokatzea, egituratzea. Izan ere, genero berdintasunaren lanketa ez da berria, ez udalean, ez herrian.

ANE LOIDI: Hori da. Zehaztuta ez dagoena da arlo guztietan zer pauso eta nola eman behar diren; ez daukagu ezer idatziz jasota eta ordenatuta. Daukaguna da asmoa, gogoa eta intentzioa, eta uste dugu I. Berdintasun Plana ondo etorriko dela gure bidelagun izateko.

Diagnostikoan zer elementu positibo aurkitu dituzue?

O.I.: Esaterako, egun zehatzen inguruan lanketak egiten dira eskolan, mugimendu feministan nahiz udalean. Salaketak ere egin izan dira. Adineko emakumeentzako ahalduntze taldea ere badago herrian, eta kirolaren bueltan ere ari dira emakumeak ikusarazteko ekintzak egiten, nahiz eta hastapenetan dagoen hori.

A.L.: Berdinbidean zerbitzuaren [Eudel] babesa badaukagu, ardatz bat hartuta badago, eta udalean arlo dezentetan ari gara berdintasuna lantzen; kirolean, euskaran, kulturan... idatziz ez bada ere. Askotan, garrantzitsuagoa iruditzen zait buruan txip hori edukitzea. Adibidez, pilota partida bat antolatzen denean, kontuan izatea badaudela emakumezkoak; edo bertso saio batean, orekatuta dagoela gizonezko eta emakumezko bertsolari kopurua. Lanketa hori ari gara egiten jada.
Udalean berdintasunaren gaia transbertsala dela, alegia.

O.I.: Bai, udalean landu dugunean genero berdintasuna transbertsalitatez aplikatzeak zer esan nahi duen, ikusi dugu bazegoela jarrera hori eta ez ginela ari ezer berria azaltzen. Tresnak izan dira berriak, eta marko teoriko sakonagoa eskaintzea.

Sinbolikoki ere landu da emakumeen presentzia muralen bitartez nahiz Musika Eskolari emakume izena jarrita.

A.L.: Herri sarrerako murala egitea udalari bururatu zitzaion, Espainiako Gobernuak genero indarkeriaren kontra egiteko ematen duen dirulaguntza erabilita. Musika Eskolari Pepita Enbil izena jartzea, berriz, Mariñak taldearen proposamena izan zen, eta udalaren babes osoa izan zuen, noski.
Diagnostikoan herriko puntu ilun batzuk ere jaso dira.

A.L.: Hirigintza plana eginda dago, eta hor ere kontuan hartu da herrian zer gune ilun dauden. Denborarekin, horiek zuzentzen joango gara, baina ezin da dena bat-batean egin. Jaurlaritzak moilako plana egin zuenean ere, guk eskatu genien kontuan hartzeko bai euskara, bai gune ilunen gaia.

O.I.: Diagnostikoan aipatzen diren gune ilunak moila eta Txorintopeko aldapa eta tunela dira, baita obretan egoten diren tokiak ere. Diagnostikoan identifikazio lana egin da, bai gune ilunekin, bai dauden erronkekin... Baina horrek ez du esan nahi denei erantzungo zaienik berehala edo aldi berean nahiz intentsitate berarekin.

Erronkak ere aipatu dituzu.

O.I.: Bai. Zerrenda luze bat egin dugu, baina horrek ez du esan nahi hurrengo lau urteetako planak ezinbestean horiei guztiei erantzungo dienik.

Zein da diagnostikoaren ondorio nagusia?

O.I.: Euskal gizartean bezala, Getarian ere identifikatu dira desberdintasunak arlo batzuetan, baita egin beharreko bide bat ere. Aldi berean, ikusi da gogoa badagoela, eta bidea urratzen hasita dagoela. Berritasuna da plangintza osatuko dela, baina genero berdintasunaren lanketa ez da orain hasiko Getarian; lantzen hasita dago. Egindako elkarrizketetan eta inkestetan ikusi dugu, bestalde, gazteen artean mantendu egiten direla genero estereotipoak, baita rol aldaketa nabaritu dela ere –batez ere emakume helduenak–. Sentsazio nahiko orokorra da aldaketa horretan jarraitu behar dela.

A.L.: Diagnostikoa egin aurretik, neuk pertsonalki banuen kezka, ez nekielako udalean norabide egokian ari ote ginen ala ez. Gure ustez ondo ari ginen, baina... Diagnostikoak eman dit lasaitasuna zentzu horretan. Badaukagu zer egina, dudarik gabe, eta horretan jarraitu nahi dugu, eta planak horretan lagunduko digu.

Bestalde, Berdintasun teknikaririk ez du udalak.

A.L.: Zoragarria litzateke Berdintasun teknikaria edukitzea, baina Getaria txikia da eta ez dugu aukerarik; Kirol eta Euskara teknikaririk ere ez dugu, eta horiek ere ondo etorriko lirateke. Aurrera egin behar da dagoenarekin, eta egin daiteke lan txukuna plangintzaren bitartez eta boluntarioekin.

Zer pauso emango dituzue orain I. Berdintasun Plana osatzeko?

O.I.: Diagnostikoa esku artean, plana definitzea eta diseinatzea da hurrengo pausoa. Metodologikoki zer urrats izango dituen ere orain zehaztuko dugu. Diagnostikoan, esaterako, herritarrei galdeketa pasa diegu, eta eragileekin elkarrizketak ere egin ditugu, baita udal langileekin ere. Ekarpen horiek oinarrizkoak izango dira planerako.

A.L.: Azpimarratu nahi nuke herritarren parte hartzea handia izan dela, eta egin diren ekarpenak ere interesgarriak. Gainera, Onintzaren aholkulari lana ere nabarmendu nahi dut, herritarrek ere hala esan didatelako.

O.I.: Kopuru aldetik parte hartzea txukuna izan da, eta ekarpenak ere bai; jendeak hausnartu du eta iritzia eman du gogotsu.

--------------------------------------------------------

DOKUMENTUA:

Getariako emakumeen eta gizonen berdintasun-egoeraren diagnostikoa:

Getaria_GB_DIAGNOSTIKO_txostena

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide