Getariako San Prudentzio auzoa herritarrez, bisitariz eta salerosketarako produktu anitzez bete da gaur goiz-eguerdi partean Ekoizle Txiki eta Jasangarrien San Prudentzioko I. Azoka dela eta. Getariar asko izan dira eguraldi ona aprobetxatu eta auzorako txangoa oinez egitera animatu direnak. Haurrak, gazteak nahiz adinekoak ikusi dira bide bazterrean tipi-tapa, batzuk azokarantz, beste batzuk jada aldapan behera, etxerantz.
San Prudentzioko auzo elkarteak eta Biolurrek antolatu dute azoka, eta plazan hemezortzi postu jarri dituzte guztira. Giro aparta sortu da. Saltzaileak gogotsu ziren denbora askoan ezin izan dutelako azoketan parte hartu, eta herritarrak ere bai, arrazoi beragatik. Getariarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere ibili dira, zarauztarrak, oriotarrak eta azpeitiarrak, besteak beste. Postuak jarri dituzten batzuk Getariakoak eta inguruetakoak ziren –Zaraukoak eta Beizamakoak, esaterako–, eta beste batzuk urrunagotik etorritakoak, Olaberrikoak nahiz mugaz bestaldekoak, esaterako.
Postu gehienetan mugimendua nabari zen eguerdi partean, baina bateren bat azpimarratzekotan, tortilla mexikarraren postua aipatu behar, ilara luzea sortu baita haren inguruan. Belarretan nahiz ermitaren inguruan hartu dute mokadua bisitariek, gehienek eguzkitik babestuta.
Ermita barruan, gainera, postua jarri duten ekoizleetako hiruk beren proiektuak aurkeztu dituzte: Ametsola Etxalde Ekologikoak, Biba Ardoak ardo ekologikoaren markak, eta Euskal Lupuloak.
Hiru postu oso desberdinetako arduradunek beren iritzia eman dute azokaz, eta hirurak pozik agertu dira salmentekin:
KARAMVOLA
Izar de la Hoz gazteak (Getaria, 1999) lehenengo aldiz hartu du parte gaur azoka batean, eta pozarren zen, poltsa eta eraztun asko saldu dituelako. Postuan bertan aritu da poltsetan marrazkiak egiten, "etorri orduko hasi naizelako saltzen eta ia batere gabe gelditu naizelako". Batez ere haurrek gustura ikusi dute lanean.
Postuan txarteltxoak ere bazituen Instagrameko bere helbidearekin, eta honako mezua zeukaten txarteltxoek: "Parte hartu, eta zabaldu mezua poltsa erabiliz, politak gea ta". Hain zuzen, azaldu du berak marrazten dituen poltsetan emakumearen gorputza irudikatzen duela "azken urteetan sare sozialetan gehien kritikatzen diren gorputz atalak modu polit batean irudikatuta: titiak, izterrak...".
BEHIEKO GAZTAK
Olaberritik etorri da Behieko Gaztak gaztandegia daraman familia. Hamar behi dituzte, eta hainbat motatako gazta ekologikoak egiten dituzte. "Eguraldi zoragarria egiten du eta gustura gaude, giro oso polita dago. Gainera, gu behintzat aspaldi ez ginen joan azoka batera, eta pozik".
Getariakoa bezalako azoketan ez, baina Ordiziakoan astero izaten dira, eta azaldu du han hartzen dituzten osasun neurri berak hartu dituztela gaurko azokara begira ere: alegia, "eskuetarako gela edukitzea postuan eskuragarri, probatzeko gazta zatirik ez jartzea jendearen eskura, distantziak mantentzea eta musukoa erabiltzea, eta halakoak".
Jendea "kontsumitzeko gogoz" dagoela iruditu zaie olaberritarrei; beraiek behintzat saldu eta saldu ibili dira.
KALE O BALE
Hodei Esteban, Itsasne Iñarra, Miren Aranguren eta Ander Silvan zarauztarrek Kale o Bale marka sortu dute, eta eskuz egindako elastikoak ekoizten dituzte. San Prudentzioko azokan postua jarri dute gaur. "Zarauzko Putzuzulo gaztetxean hasi ginen elastikoak egiten Gaztetxekoentzat eta gure musika taldeentzat, eta iaz, pandemia hasi aurretik, erabaki genuen proiektu hau martxan jartzea: elastikoak egiten ditugu euskara eta hemengo esaerak erabiliz esaldietarako, eta hemengo erreferentziak hartuta irudietarako", azaldu du Estebanek.
"Iruditzen zitzaigun gaur egungo kamisetetan iruditeriak beti direla kanpokoak, eta orain sortu ditugu batzuk, adibidez, Aupa Maurizia diotenak [trikitilari bizkaitar ezaguna] eta hemengo hitz joko eta erreferentziak dituztenak".
Orain arte kaleobale.eus webgunearen bitartez saldu dituzte produktuak, baina azoketan parte hartzeko asmoa ere badute. "Hau gure aurreneko azoka izan da, eta oso pozik gaude; elastiko pila bat saltzen ari gara. Eguraldiak ere lagundu digu", kontatu du Estebanek.