Idazlea

Amaia Lasa: "Beti askatasunaren atzetik doan bizitza izan da nirea"

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 12a, 10:50

‘Poema Bilduma’-ren 50. urteurrenaren harira, Getariako Udalak Kaiuaren Hegaldia ekimena antolatu du Amaia Lasa Alegriaren (Getaria, 1948) omenez, haren ibilbide oparoa aitortzeko asmoz.

Inor ez omen da profeta bere sorterrian, baina...
Baina poeta bada. Gogoan dut Federico Felliniren Amacord pelikula, eta hor adierazten zuen berak gehien-gehien desiratzen zuena bere herriko poeta izatea zela. Beraz, horrekin gogoratu naiz denbora guztian. Profeta izatea zailagoa izango da, kar-kar-kar!

Zuri hiru egunetako omenaldia egingo dizute. Getarian maite zaituzten seinale, ezta?
Beno, hori ez dakigu horrela esan dezakegun. Maitatua edo, azken finean, onartzen da nire poesia. Maitasunaren istorioa konplexuagoa dela esango nuke. Ni gehiago sentitzen naiz onartua, baita nire poesia ere, eta hori Getaria bezalako herri txiki batean ez da gutxi.

Nola etorri da aitortza hau?
Berez, omenaldi honetan anaia Mikelek ere egon beharko luke. Kontua da duela 50 urte anaiak eta biok Poema bilduma idatzi genuela, 1971n, eta, hasiera batean, aitortza biontzat zen, baina berari ez omen zaizkio halako kontuak gustatzen. Gonbidatua izan den arren, ez du parte hartu nahi izan ekitaldian. Nolabait esateko, oroimen horren harira dator omenaldia.

Kaiuaren hegaldia izenburua jarri diote omenaldi asteari. Zer da zuretzako portuan bueltaka aritzen den itsas txori hori?
Gehien maite dudan animalietako bat da. Libre bizi da, ni neu bezalaxe. Kaio argenta deitzen zaie, zilar koloreko lumak dituztelako. Nik diot ez dudala kaio gabeko paradisurik nahi. Izan ere, gu hemen jaioak gara [Getariako bere etxeaz ari da], eta hau kaioz ingururatuta dago. Horrek [leihotik seinalatuz] Txoritonpea izena du, eta garai batean, arratsaldeetan, itsasoko hegaztiz betetzen zen. Antxoaz beteriko putzuzulo asko sortzen ziren, gainera. Beraz, kaioz inguratuta bizi izan naiz beti.

Eta bere hegaldiari buruz zer esango zenuke, mende erdia ez baita nolanahikoa izan eta?
Hori metafora bezala erabilita, nik hegan egiten jarraitu nahi dut. Esan behar dut kaioak hegaldi oso ederra duela eta, batez ere, haizea dagoenean batetik bestera joaten dela. Hegoak zabaldu eta haizearen norabidean ibiltzen dela, alegia.

Zure ibilbidean hegoak zabaltzen ahalegindu al zara?
Hegaldi bat egin dut momentuz nire bizitzan, baina jarraitu nahi dut hego sendoekin hegan egiten. Baina kaioak kontatu beharko luke bere hegaldiaren gorabehera... Badakizu 40 urte inguru bizi direla kaioak? Bizitza luzea dute, bai. San Anton mendian habia asko daude, eta ikusi izan ditut arrautzak ere. Aske ibiltzen dira han-hemenka. Beti askatasunaren atzetik doan bizitza izan da nirea. Askatasun sakon baten bila, eta hori oso garrantzitsua da denerako.

«Kaiuaren begiak begiratu nituen, arratsalde brumatsu, hits hartan, begi biribil haietan erantzun bat aurkitu nahian». Aurkitu al duzu erantzun hori?
Zaila izaten da poetak poesian agertzen duen gogo hori hala izatea. Baina esan behar dut erantzunen bila jarraitzen dudala oraindik. Ni bizirik nago, bizirik sentitzen naiz, eta, zentzu horretan, erantzun ezberdinen bila nabil. Galdera asko daude oraindik, eta erantzunak asko dira. Interesa ez da sekula galdu behar.

Euskal literaturaren lehen emakumea omen zara.
Hori Koldo Izagirrek eta horiek esan zuten, baina izango dira lehenagokoak ere. Ez dakit... Horiek beste batzuek esan beharreko gauzak dira; nik, behintzat, ezin dut baieztatu. Zeruko Argian idazten hasi nintzen garaian, eta batik bat poesiagintzan, nahiko nire airera bizi nintzen ni.


Kontziente al zinen euskaraz idazten zuen emakume bakarra zinela?
Ez, ez nintzen kontziente. Baionan ospatu zen I. Euskal Idazleen Bilera, eta han ni izan nintzen emakume bakarra. Orduan ez nintzen konturatzen, ezta gutxiago ere. Nahiko lan neukan onartua izatearekin. Literatura gizonen mundua izan zen ordura arte Euskal Herrian behintzat, nahiz eta baziren aurretik Bizenta Mogel bezalako egileak.

Literatura garaikidetik eta poesiagintzatik begiratuta, oso bestelakoa zen zure ekarpena.
Baionako biltzar hartan denak gizonezkoak ziren, eta ez ninduten gaizki hartu, baina pixka bat arraro ikusten ninduten. Gaiari dagokionez ere, Jaungoiko guztiak ukatzen dituen emakume bat naiz zioen nire poesia batek, eta garai hartan Euskal Herria oso erlijioso katolikoa zen. Orain ere asko izango dira sentimenduz, baina beste sinismen mota batzuk ere badaude. Garai hartan ere bazeuden gizon fundamentalista katolikoak, eta anaiarekin batera Poema Bilduma kaleratu genuenean, kritika txarrak jaso genituen fundamentalista horien aldetik. Batzuek, gainera, zera esaten zuten: «Eta neska da okerrena!».

Une hartan, Rosa Luxembourg-en gauzak irakurtzen eta itzultzen hasita nengoen, eta idazle batek ez zidan esan ba ea zergatik ez nuen aukeratu Santa Teresa Jesusena. Erlijioarekin kokoteraino geunden, guztia debekatzen zuelako. Zera itzuliko nuen hura!

Egungo egoera bestelakoa da.
Feminismoa indartu den neurrian emakumea ahaldundua sentitzen da. Baita baloratua ere. Horrek ez du esan nahi idazten dudana gizonek ez dutela onartuko eta ez zaiela gustatuko. Baina argi dago lehen bezain baztertuak ez garela geratuko. Hamazazpi urterekin hasi nintzen idazten, eta hogeitaka urte nituenean ezagutu nuen feminismoa mugimendu bezala.

Sortze prozesuari dagokionez, zer unetan aurkitzen zara?
Idazten jarraitzen dut, baina sekula ez dut izan denbora guztia horretarako. Lana egin behar izan dut, eta irakaskuntza oso inportantea izan da nire bizitzan. Urtean poema on bat egitea izan da nire erronka, eta orain jubilatuta nagoela jarraitzen dut poliki-poliki. Ez nau kezkatzen argitaratzeak, presarik gabe ari naiz. Iaz Balea Zuriak ateratako antologian hartu nuen parte, eta aurten Hatsaren Poesia bildumara poema berri bat bidali dut.

 

Kaiuaren Hegaldia, egitaraua:

Gaur, maiatzak 12:
18:30. Amaia Lasa Alegriari omenaldia: aitortza bere ibilbideari. Ekitaldia udal aretoan izango da.

Bihar, maiatzak 13:
18:30. Amaia Lasa Alegriaren poetika eta pentsamendua aztertuko dituzte Lorea Agirre, Hedoi Etxarte eta Itxaro Bordak, Iturzaeta aretoan. Uxue Alberdi ariko da gidari lanetan.

Etzi, maiatzak 14:
18:30. Herritarrek haren poemak irakurriko dituzte musikaz lagunduta, Iturzaeta aretoan. Ezustekoak ere izango dira.

*Gonbidapenak Turismo Bulegoan eskuratu daitezke.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide