"Kanpotik dator jaten ditugun elikagaien %95"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 5a, 08:32

Egun indar handia duten elikadura eta ekoizpen sistemez, horiek dituzten mugez eta iraultzeko moduez hausnartu du Mirene Begiristainek ‘Normalitate berrirako agroekologia feminista’ artikuluan.

Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle eta ikertzaile da Mirene Begiristain (Andoain, Gipuzkoa, 1972) Getariako bizilaguna. Duela urtebete, konfinamendua indarrean zenean, Telesforo Monzon Laborategikoek jo zuten beragana, esku artean zebilkiten proiektu berrirako ekarpena eskatuz. COVID-19, eta ondoren zer? Gogoeta bat Euskal Herritik liburuan agroekologia feministaz idazteko eskatu zioten, eta Getariako bizilagunak unean bertan erabaki zuen onartzea proposamena. Azaldu du konfinamendu garaia «baliagarria» izan zela hein batean, gogoetarako denbora izan zuelako. Gogoeta horien fruituetako bat izan da Normalitate berrirako agroekologia feminista artikulua.

Normalitate berria jendarteak gero eta barneratuago daukan kontzeptua da, baina, zer da zehazki agroekologia feminista? Nola uztartzen ote dira kontzeptu horiek? Begiristainek eman ditu erantzunak. Agroekologiak aztertzen du nola aplikatu elikadura sistemetan eta ekoizpen sistemetan ekoizpen prozesu ekologikoak. Ekoizpen eredutik harago, ordea, kontuan hartzen ditu balio eta printzipio ekonomikoak, sozialak eta politikoak. Beraz, tokiko garapen sozioekonomikoan ere jartzen du arreta, baita prozesu horien dimentsio politikoan ere.


«Funtsezkoa da baserritarren mendeetako praktika, baita azken urteetan mugimendu sozialek agroekologiaren garapenean izan duten eragina ere», dio Begiristainek. Azken puntu horretan sartzen da, hain zuzen, feminismoa. Ikertzaileak azaldu du «lehen sektorean eta elikadura sisteman gertatzen diren arrakalak eta desorekak» azaleratu dituztela mugimendu feministak, emakume baserritarrek eta horien alde lan egiten duten eragileek. Begiristainen arabera, arrakala horiek hor daude, hein batean, elikagaien banaketa enpresa handien esku dagoelako. «Ekoizpen eredua beren interes partikularren menpe dago». Horrek bereziki kaltetzen ditu baserri eredu txikia duten ekoizpen proiektuak, eta «kontsumo eredu jakin bat» sustatzen dute.


Etxeko zaintza oro har emakumeen bizkar egon da, baita elikadura ere. Horren harira, agroekologia feministak egun emakume baserritarrek pairatzen duten «zapalkuntza bikoitza» seinalatzen du. «Baserriaren egunerokoari jarraipena emateko emakume baserritarrak funtsezkoak izan dira. Aldiz, lurren jabetzan, baserrien titulartasunean edota kotizazioetan ez dute presentziarik eduki. Horrek eragin du, adibidez, emakume baserritar askok pentsiorik ez izatea». Zapalkuntza, beraz, bikoitza da; emakume izateagatik (ardurak eduki, baina eskubiderik aitortu ez zaielako) eta baserritar izateagatik (ekoizpen eta kontsumo eredu ez jasangarrien mende daudelako). Hori deusezteko, elikadura sistema ikuspegi orokorretik aztertzen du agroekologia feministak, ekoizpenetik kontsumoraino.

Eraldaketarako bideak

Behin arazoa mahai gainean jarrita, konponbide bila dihardute bestelako ekonomia eta elikadura eredu bat sustatu nahi duten eragileek. Konfinamendu egoera nolabait baliagarri gertatu dela uste du Begiristainek. «Agroekologiaren ikuspegia duten baserritarrek eta mugimendu sozialek beren eskubideen defentsan ekimen anitz jarri dituzte martxan pandemia garaian». Adibide gisa jarri ditu tokiko azokak edo bertako elikagaiak erosteko egin diren deiak. «Ekimen gaitasun horrek prozesuak ekiteko beste logika bat erakusten du: lan dinamika horizontala, errespetuzkoa eta eraikuntza kolektiboa». Antolaketa eredu horiek «politizazioen eta eraldatze prozesuen ardatzak» dira Begiristainentzat.

Eguneroko kontsumoak «erabaki ahalmen garrantzitsua» ematen du ikerlariaren aburuz, norberak begira dezakeelako arretaz egunerokoan kontsumitzen dituen elikagaiak tokikoak eta ekoizpen eredu jasangarrikoak ote diren. Horri tiraka, azken urteetan abian jarritako proiektuak aipatu ditu: «Herriko kontsumo taldeak, tokiko elikagai jasangarriak eskaintzen dituzten herriko dendak, azokak…» 

Indibidualetik kolektibora jauzia egin, eta norberak parte hartzen duen espazioetan elikadurak duen presentzia eta izaera aztertzea proposatu du Begiristainek, izan lan eremuan, izan herri mailako beste taldeetan. Udalerrietan ere «ekintza asko» egin daitezkeela iritzi dio. «Ordenantzen edota hirigintza arau plan orokorren bitartez nekazaritza lurrak babestea ezinbestekoa da ekoizle berriak lehen sektorera erakartzeko». Horretarako bide eman dezake, Begiristainen ustez, nekazaritza proiektuak martxan jartzeko laguntzak emateak, elikadura estrategia lantzeak, turismoa eta merkataritza elikadurarekin lerrokatzeak, elikadura bankuko jakiak tokikoak izateak eta osasuntsuak diren irizpideen arabera banatzeak... «Erreferentziak baditugu Euskal Herrian: Baztanen, Urduñan, Azpeitian, Oiartzunen… Ekimen asko garatu daitezke, baina horretarako lehentasuna izan behar du, gure agendan egon behar du; bai pertsonalean, bai kolektiboan, bai politikoan. Tokikora itzuli behar dugu, komunitatera, eta elikadura ereduari begiratu».

Benetako funtsa, elikadura

Agroekologiaz jarduteko beste kontzeptu potolo bat ere mahaigaineratu du ikertzaileak: elikadura burujabetza. Bere arabera, elikadura burujabetzak dio eskubide gisa ulertu behar dela elikadura, eta aldarrikatzen du herri batek eskubidea duela «elikagai nutritiboak, kulturalki egokiak eta modu ekologikoan ekoiztuak» izateko, «edonorentzat eskuragarri», eta herriak berak duela hori erabakitzeko eskubidea. Zentzu horretan, Begiristainek uste du pandemian ikusi duela jendarteak «zer den
esentziala bizitzan». «Gaur egun, jaten dugunaren %95 baino gehiago kanpotik dator». Azken baieztapen horrek ondoko galderarako bide eman dio Begiristaini: «Euskaldunok elikagaiak inportatzeko dugun menpekotasuna sustatzen jarraitu behar dugu ala ez? Ez ote da zentzuzkoagoa gure elikadura burujabetzaren bidea behingoz jorratzea?». Pandemiari alde on gehiago ere ikusten dizkio Begiristainek. Beretzat, «aukera paregabea» izaten ari da «gure elikadura eta zaintza ereduari zintzoki begiratzeko».


Zintzoki begiratze horrek eraman dezake bat ikustera gizartearen metabolismo ekonomikoak eta sozialak dituen arazoak. «Dagoeneko atzera bueltarik ez duen» arazoa dela dio ikerlariak. «Aurrez aurre dugun erronka izugarria da, sakonera handiko arazo existentziala, esango nuke. Garrantzitsua da horretaz jabetzea». Baina, jabetzeaz gain, funtsezkoa da Begiristainentzat funtzionatzeko beste modu batzuk pentsatzea eta horietaz hitz egitea. Izan ere, ekoizpen eta kontsumo alternatibak garatzen hasiak gara eta horiek zabaltzeko erantzukizuna dugu. Haren arabera, agroekologian oinarrituta egin baitaiteke bidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide