Izaro Lestayo: "Eroso nago, taldekideek konfiantza erakutsi didatelako"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 13a, 15:30

Lehen aldiz, KAE 1 mailako Getariako taldekideen artean emakumezko bat ariko da. Izaro Lestayo patroi getariarra, hain zuzen. Aurreko denboraldian San Juanen aritu zen, eta getariarrek aurrez espero gabe deitu bazioten ere, «ilusioz» ekingo dio sasoi berriari.

KAE 1 ligan ariko da getariarra. (Utzitakoa)

Aurreko urtean San Juanen aritu zinen eta denboraldi honetan arrauna utziko zenuela erabakita zeneukan. Zer gertatu da?
Garbi nuen arrauna utzi egingo nuela. Getarian arraunlari txikiei laguntzen aritu naiz aurten trainerilletan, eta talde nagusiko entrenatzaileak deitu zidan denboraldirako nirekin kontatu nahi zuela esanez; ez ordezko moduan soilik, ligarako ere bai. Kuadrillako batzuk baditut mutilen traineruan, eta esan zidaten proba egin nahi zutela nirekin. Entrenatzen hasi nintzen beraiekin, eta esan nion entrenatzaileari berez ez nuela arraunarekiko lotura oso esturik nahi. Halere probak egiten jarraitzeko esan zidaten, beste patroiari zerbait gertatuz gero ere. Horrez gain, nik hala nahi badut, esan dit entrenatzaileak ligan ateratzeko aukera ere izango dudala.

Nola jaso zenuen egindako proposamena?
Berezia izan zen. Neskekin denboraldia bukatu nuenean amaitutzat eman nuen nire ibilbidea arraunean, eta mutilekin lehiatzea eskaini zidatenean ilusioa egin zidan, ez nuelako espero. San Juanen nengoenean ere entrenatu nuen mutilekin, baina lehiatu inoiz ez.

Desberdina al da nesken aldean mutilak zuzentzea?
Bai, nire sentsazioa da neskekin txalupa egonkorrago dagoela eta errazago kontrolatzen dela. Mutilekin traineruak abiadura handiagoa hartzen duenez, ezegonkorragoa da, orduan, kontu gehiagorekin eraman behar da, eta indar handiagoa behar dela uste dut.

Aurten KAE 1 ligan lehiatzen ikusiko zaitugu, beraz.
Uste dut ligan nahiko ondo ibiliko direla, eta orain, beste patroia dabil entrenatzen. Nahi izanez gero, ordea, esaten didatenez, izango dut aukera ligan lehiatzeko. Nik beraiekin entrenatzen dut, eta liga aurrera doan heinean, nahi izanez gero, lasai esateko esan didate. Nik uste, ez baldin banaiz ateratzen ez dela entrenatzaileak ez duelako nahi, nik ez dudalako nahi baizik. Entrenatzaileak esan dit arazorik gabe atera naitekeela.

Ze itxura hartzen diozu aurtengo denboraldiari?
Neguan dezente sufritu dute arraunlariek taldea osatu ezinik ibili direlako, baina orain pare bat probako estropada egin ditugu, eta ikusi dugu gai garela sailkapen taularen goiko aldean egongo diren gainontzeko taldeekin lehiatzeko. Nik ikusten dut Getaria azkenengo tandan banderaren bila joaten.

Beste hainbat elkartetan ez bezala, herritarrez osatu duzue taldea ia osorik.
Aurreko urtean, denboraldia amaitutakoan arraunlari askok utzi zuten elkartea. Getariako jendea arraunera animatzea zen gure itxaropena. Duela urte batzuk ere denak getariarrak ginen, gero kanpotik etorri zen jendea eta ikusi dugu, azkenean, bertan geratzen direnak azkenean herrikoak direla. Lehen arraunean ibili ziren getariar haiek itzuli dira orain, beraz, taldea aspaldikoa da.

Ia guztiok getariarrak izateak eragina dauka gure arteko konfiantzan. Eroso nago taldean, beraiek ere nigan konfiantza handia dutelako, Mutrikuko estropadan erakutsi zidaten moduan. Ezin naiz kexatu. Lehen aldiz mutilekin duela bi urte atera nintzen, San Juanekoekin. Bazegoen ezagutzen ez nuen jendea traineruan, eta orduan okerrago pasatu nuen. Aurrekoan, getariarrekin atera nintzenean ziurtasun handiagoarekin aritu nintzen, eta taldekoek konfiantza handia erakutsi zidaten lehen minututik. Etxean nago, eta asko igartzen da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide