Aitor Urresti: "Herrigintzan herritarrentzako eta elkarlanean egin behar da lan, beren ongizatea bermatzeko proiektuak garatuz"

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko mai. 14a, 10:15

Hauteskundeetara "ilusioarekin eta talde sendo baten babesarekin" aurkezten dela aitortu du Aitor Urrestik. Sei ardatz nagusiko udal programa zabala osatu du Getariako EAJk.

Aitor Urresti (Getaria, 1993) EAJren zinegotzia eta udal bozeramailea izan da bukatzear dagoen agintaldian. Zientzia politikoetako ikasketak eginda ditu, eta urte hauetan guztietan "herritarrengana moldatzen" ikasi duela nabarmendu du. Getariarekiko duen "atxikimenduarengatik eta maitasunarengatik" eman du alderdi jeltzailearen Getariako alkategai izateko pausoa.

Azken udal agintaldi honen zein balorazio egiten duzu?
Inprobisazioaren agintaldia izan da. Momentu askotan gauzak berandu iritsi dira, eta ez dugu jakin zehazki nondik. Aurrekontu gabeko proiektu asko izan dira, eta hor igarri da udaleko kutxatik nola joan den dirua ateratzen. Gainera, betetzen ez ziren konpromisoak hartu dira. Bi alderdien arteko harremana ona izan da, baina informazio falta antzeman dugu eta gure aportazioak askotan moztuak izan dira. Gardentasuna ahotan erabiltzen dute, baina momento batzuetan ez da egon, eta alboratuak sentitu gara.

Zer erronka ditu Getariak datozen lau urteei begira?
Erronka nagusia Elkano 500 egitasmoa da. Hiru urteko proiektua da; agintaldi ia osoa hartuko duena. Dagoeneko hasita dago, baina planifikazio eza kritikatzen dugu. Gipuzkoan eta Euskal Herri mailan hasi dira ekintzak antolatzen, baita nazioartera begira ere, National Geographic aldizkariak zenbaki berezi bat aterako du. Gauza asko aktibo daude, baina gurera etorrita, Getariara, askok ez dute jakingo irailean izango dela espedizioa hasi zeneko 500. urteurrena. Herri mailan ez dago oraindik prestakuntza askorik. Proiektu horrek Getaria munduaren erdigunean jarriko du inbertsioa erakartzeko, proiektu asko garatzeko… Jendea ere ekarriko du, noski, eta bide horretatik turismo planifikatu bat landu behar dugu. Oraindik ez dakigu zer garatu nahi dugun arlo horretan, beraz, goazen aukera hau baliatzera eta gauzak egitera.

Azken aldian Elkanoren figurak kritika zorrotzak jaso ditu.
Elkano ez dugu bakarrik pertsonaia bezala ikusi behar. Elkanok ematen zituen baloreak ere ikasi egin behar dira. Ez da kasualitatea getariar bat, euskaldun bat izatea lehenengoa munduari
bira ematen, eta bera inguratuzuen kultura, baloreak eta abar landu egin behar dira etorkizuneko beste zenbait erronka hartzeko. Herrian egiten den lehorreratzeaz haratago joan behar gara, eta askotariko ikuspegiak landu. Ados nago historiarekin kritikoak izan behar garela, eta gertaerak aztertu, ulertu eta ikasi egin behar direla. Hala ere, iruditzen zait ez garela kapaz batzuetan duela 30-40 urteko historiaren autokritika egiteko, eta ari garela eskatzen orain dela 500 urtekoa egiteko. Elkanok egin zituen giza eskubideen urraketei buruzko azterketa egin behar da, jakina, baina garaiko testuinguruan jarri behar gara. Elkano Fundaziotik datozen hiru urteetan bultzatuko dira mahai inguruak, eztabaidak… eta horietan Elkanoren figura berraztertuko da.

Zeintzuk dira Getariako EAJren proposamenak datorren udal agintaldira begira?
Oso programa zabala osatu dugu eta sei ardatz nabarmendu ditugu: gizarte politikak, ekonomia eta garapena, hirigintza eta azpiegiturak, zerbitzuak, gobernu ona eta gobernantza eta, amaitzeko, nortasunaren inguruko hausnarketa. Horien barruan proiektu ezberdinak ditugu, eta horietako bat da Meagako bidea konpontzea. Kostako errepidea ixten den bakoitzean alternatiba hori hartu behar izaten dugu. Ibilgailu guztiak joaten dira bertatik, eta ez dago egoera onean. Zortzi milioi euroko inbertsioa eskatzen du errepide hori hobetzeak, eta diputazioarekin hitz eginda, badirudi  lanak faseka egin daitezkeela. Esan daiteke Meagako bidea agintaldi honetan hasiko dela konpontzen. Bide beretik, herriko kaleen berritzea ere aurreikusita daukagu. Irisgarritasuna ez da egokia leku batzuetan, beraz hori konpondu beharra dago uste dugu.

Herritarrak erdigunean dituen programa aurkeztu duzue.
Bai hala da. Etorkizun hurbilean dugun erronka nabarmenetako bat gizartearen zahartzea da. Ezinbesteko da zahartzaro aktibo eta osasuntsu bat bermatzeko egitasmoak garatzea. Noski, gizarte politika unibertsalak, inor alboan uzten ez dutenak, dira udalgintzaren erdigune. Bide horretan Gizarte Zerbitzuen mapa bere osotasunean betetzeko pausuak emango ditugu. Eta hori askotan elkarte ezberdinen bitartez bideratzen da ere. Beren lana ezinbesteko da, eta elkartegintza sustatu eta indartzen jarraituko dugu. Bi alor horietan jardungo dugu: gizarte osoaren ongizatearen bermea eta hori bermatzeko erronkei heltzea. Azken finean, herrigintzan herritarrentzako eta elkarlanean egin behar da lan, beren ongizatea bermatzeko proiektuak garatuz.

Getarian futbol zelaia eraikitzea ere proposatu duzue udal programan.
Keta taldea sendotu egin da herrian, eta talde ezberdinak ere sortu dira. Gazteek kirola egin eta aisialdia sustatzeko bide ona dela iruditzen zaigu futbol zelaia egitea, baita herriko afizioa egonkortzeko ere. Getarian hazi, hezi eta bizi: hori da gure helburua.

Turismo Plan baten beharra ere aipatu duzu. Zergatik?
Turismo jasangarria bultzatu nahi dugu. Askotan hitz egiten da herrian turismo masifikatu bat dagoela, baina konturatzen gara hori Kale Nagusian gertatzen dela. Alternatibak begiratu behar dira, eta Askizu, Meaga eta San Prudentzio auzoek duten erakargarritasuna bultzatu, adibidez. Turismo arloak azterketa bat behar du eta herritarrei sortzen dizkien eragozpenak jakin behar dira.

Etxebizitza turistikoen eskaintza hazten ari da herrian.
Gazteei zuzendutako alokairurako etxebizitzak behar direla ikusten dugu; alegia, alokairu soziala sustatu behar dela. Getarian ez dago etxebizitza alokairurako eskaintza askorik, eta egia da gero eta etxebizitza turistiko gehiago daudela. Beraz, hori ere aztertu beharko da, eta, esaterako, etxeak merkaturatzeko pizgarri fiskalak jarri.

Auzoetara begira jarri zarete.
Aiako eredua jarraituta, auzoetara joateko autobusa jartzea proposatzen dugu. Erraztasunak ematea da gure nahia, eta bide beretik, herrian aparkatzeko arazoari irtenbidea ematea. Herritarrei eta bertan lan egiten dutenei aparkalekua bermatu behar zaie, eta horretarako egoiliarren sistema hobesten dugu.

Herri nortasunaren inguruko hausnarketa EAJren udal programako ardatzetako bat da.
Getariako izaera galtzen joan dela uste dugu. Euskal izaera ongi errotuta daukagu, baina Getariako parte diren ekintzak eta baloreak galtzen joan dira. Lehen Arrantzale jaiak egiten ziren, eta jendea arrantzalez janzten zen, orain, ordea, hori galdu egin da pixka bat. Lehengo erroak berreskuratu nahi ditugu: ur jolasak, txalupa txikiak… Gure nortasuna eta identitatea mantendu nahi dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide