Uxue Alberdi Getariako bizilagunak atzo aurkeztu zuen Donostian Kontrako Eztarritik saiakera, Susa argitaletxearen eskutik. Hamabost emakume bertsolariren lekukotzak jaso ditu, galdera bakar baten bueltan: "Emakume modura irakurria izateak eragin al dizu? Eta eragin badizu, nola eragin dizu bertsotan egiteko orduan?". Hala, emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten 22 mekanismo jaso ditu idazleak.
Garai eta adin ezberdinetako bertsolarien ahotsak bildu ditu Alberdik. Haren hitzetan, "lagin garrantzitsua" da, eta emakume bertsolarien kontakizuna jasotzen du. Zehazki, Amaia Agirre Arrastoa, Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo, Maialen Akizu Bidegain, Miren Amuriza Plaza, Maider Arregi Markuleta, Miren Artetxe Sarasola, Maddalen Arzallus Antia, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Iguaran Barandiaran, Ane Labaka Maioz, Alaia Martin Etxebeste, Eli Pagola Apezetxea eta Jone Uria Albizuri dira elkarrizketatuak. Alberdik emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten 22 mekanismo identifikatu ditu elkarrizketa horietan. Azpimarratu du literaturaren eta artearen esparruan ere aurrez identifikatuak izan direla.
Liburua bertsolaritza bere burua "birpentsatzen eta berregiten" ari den unean heldu dela iruditzen zaio idazleari. Zentzu horretan, Alberdik uste du genero borroka erdigunera eramaten asmatu dutela emakume horiek.