Azken mendean Getarian izan diren naufragioak dokumentatuko dituzte

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 23a, 10:30

Aranzadiko kideekin elkarlanean, Getariako urperatzeen bizipenak jaso nahi ditu udalak. Getariarren ahoz ahoko istorio horiek dokumentu idatzietan jasotzea da asmoa

Getarian azken mendean izan diren urperatzeak aztertzeko prozesua abiatu du udalak. "Ahoz aho jakin dugu naufragio batzuk izan direla, baita hildakoak ere, baina hori ez daukagu inon jasota", azaldu du Nika Lertxundi Getariako alkateak. 70 eta 80 urte bitarteko adineko jendea dago Getarian horrelako istorioak bizi izan dituena. "Kalean topatu nuen duela gutxi herritar bat, eta ni gaurko egunean berriz jaio nintzen esan zidan. Istorio horiek, ordea, herritar horien memorian soilik daude", adierazi du Lertxundik. 1900tik 1935 ingurura arte izan diren urperatzeen berri bildu nahi dute, gutxi gorabehera. Datozen hogei urtean informazio hori jasotzeko ezer egiten ez badute, ordea, istorio guzti horiek galdu egingo dira. Hori horrela dela ikusita hartu dute Aranzadiko Ana Maria Benito eta Javier Mazpule Aranzadi zientzia elkarteko kideekin elkarlanean aritzeko erabakia. Jasoko dutena zehaztu gabe dute oraindik: "Gorabehera bat dugu istorio horiek dokumentatzeko orduan.  Oraindik ez dakigu Getarian hildakoen edo Getarian eta inguruetan hildako getariarren berri jasoko dugun. Jasotzen joan ahala erabakiko dugu nola landu". Behin dokumentazioa amaituta, herrian bertan itsas istripuetan hildakoak gogora ekartzeko idazki bat jartzeko asmoa ere badute, haien omenez. Kostaldeko urperatzeak Getariako naufragioen lanketa aurkeztearekin batera, Txertoa argitaletxeak plazaratutako Naufragios en la costa vasca 1976-2016 Ana Maria Benitoren eta Javier Mazpuleren liburua izan zuten hizketagai. Azken 40 urteetan euskal kostaldean izandako naufragioak biltzen ditu liburuak, eta 43 itsasontziren zerrenda osatu dute. Hondoratzeak "itsas ondarearen parte" dira, esan dute Aranzadikoek. Prentsako hemerotekak, kofradiak eta artxiboak aztertzeaz gain, naufragio erreskateetan izandako lekukoekin ere egon dira. Izenburuak dioenaren kontrara, ez dituzte urperatzeak bakarrik bildu liburuan. Garrantzia handiagoko edo txikiagoako "itsasoko zoritxarrak" jaso dituzte. Arrainontziak eta merkantzia ontziak dira gehientsuenak, baina ferryren bat ere bada tartean. Irizpide bakarra erabili dute Benitok eta Mazpulek dokumentaziorako: Bizkaiko golkotik Baionako barrara arteko uretan hondoa jo edo hondoratu izana. Bestetik, naufragio horien arrazoietara ere gerturatu nahi izan dute egileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide