Eskubide Sozialen Kartak iaz antolatutako hitzaldi bat, Iturzaeta eskolako aretoan. (Eskubide Sozialen Karta)
Iraultza boltxebikearen mendeurrena "data klabea" da Getariako Eskubide Sozialen Kartarentzat. Hori dela eta, gaur hasi eta azaroaren 25era bitartean, jardunaldi irekiak antolatu dituzte.
Gai ugari lantzen dute urtero. Iaz, esaterako, burujabetza politikoa eta soziala izan zuten hizketagai, Gure Esku Dagok gauzatu zituen herri galdeketak baliatuz. Ikasturtearen amaieran otu zitzaien iraultza boltxebikearen gaia lantzea, urteurrena baliatuz.
Aritz Alberdi Getariako Eskubide Sozialen Kartako kidearen iritziz, iraultza boltxebikeak egunerokoan eragin zuzena izan du. "Milioika pertsonentzat esperantza iturri bat" izan zela uste du, gizarte parekide eta demokratiko bat eraikitzera bidean. Iraultza boltxebikea gogoratu nahi dute, baina irakaspenak egungo errealitatera ekartzea da asmoa. Sei hitzaldietatik lauk dute lotura zuzena iraultza boltxebikearekin, eta perspektiba ezberdinetatik landuko dute gaia. Gaurko hitzaldian, esaterako, XXI. mendean iraultzak bultzatzeko gakoak izango dituzte hizpide, Arnaldo Otegiren eskutik.
Marcos Roitmanen hizketaldian, aldiz, iraultza boltxebikeak Hego Amerikako herrialdeetan izandako eragina aztertzeko tartea hartuko dute. Analista politikoa eta soziologoa da Roitman, eta Espainian bizi da, Augusto Pinocheten diktaduraren ondorioz, 1974ean ihes egin behar izan zuelako.
Alberdiren hitzetan, emakumeen papera "baztertua" izan da iraultza boltxebikean. Gaia lantzen hasi zirenean, getariar batek Josefina L. Martinezen artikulu bat erakutsi zien, emakumeek iraultzan jokatu zuten ezinbesteko paperaren ingurukoa. Historialaria da L. Martinez, eta besteak beste,
Cien años de historia obrera en Argentina liburuaren egileetako bat. Interesgarria iruditu zitzaien emakumeek iraultzan izandako papera aitortzea, eta idatzitako artikuluaren harira jarri ziren harremanetan L. Martinezekin.
Iñaki Gil de San Vicente pentsalari marxista ere izango da Getariako hitzaldi zikloan. Bestelako ikuspegi bat eskainiko du Gil de San Vicentek: iraultzak nazio zapalduetan izan dezakeen eragina landuko dute.
Ekonomian aditua da Xabier Arrizabalo. Duela 100 urteko irakaspenak hartu eta egungo errealitatean kokatzeko beta hartuko dute bere hizketaldian.
Alabaina, ez da urteurren bakarra izango iraultza boltxebikeearena. Karl Marxen Das Kapital liburuak 150 urte betetzen ditu, eta liburua aztertuko dute, mintegi batean. Azken saio honekin bukatuko dituzte jardunaldiak.
GAUR, URRIAK 19
-
XXI.Mendeko Iraultzak bultzatuz, Arnaldo Otegiren eskutik, 19:00etan, Iturzaeta eskolan.
URRIAK 25, ASTEAZKENA
-
Errusiako Iraultzaren eragina Latinoamerikan, Marcos Roitman hizlari dela. Gaztelaniaz. 19:00etan, Ulpiano etxean.
AZAROAK 8, ASTEAZKENA
-
Emakumeak eta Errusiako Iraultza; mundua irauli, bizitza eraldatu. Josefina L. Martinez ariko da hizlari. Gaztelaniaz. 19:00etan, Ulpiano etxean.
AZAROAK 9, OSTEGUNA
Iraultza boltxebikea eta herrialde zapalduen askapena, Iñaki Gil de San Vicenteren eskutik. Gaztelaniaz. 19:00etan, Ulpiano etxean.
AZAROAK 24, OSTIRALA
Errusiako Iraultzaren irakaspenak gaur egungo langileriarentzako, Xabier Arrizabalorekin, 19:00etan, Ulpiano etxean.
AZAROAK 25, LARUNBATA
El capital, 150. urteurrena, Xabier Arrizabaloren eskutik. 9:00etan, Ulpiano etxean.