[Berria.eus, Aitor Manterola]
Abila zen Xabier Eizagirre patroi getariarra olatu artean trainerua eramaten. Besteak beste, 2001eko Kontxako bigarren igandean erakutsi zuen, Paternina-Indaux taldearekin hirugarren eginda, biharko antzeko baldintzetan. «Ez da patroiaren lana bakarrik, denena da», esan du.
Xabier Eizagirre artxiboko irudi batean (Aritz Mutiozabal)Badira urte batzuk hau gertatu zenetik. Kontxarako sailkatze estropada bat zen, eta itsasoa zegoen. Donostiako arranplaren gainean zebilen Xabier Eizagirre (Getaria, Gipuzkoa, 1978), Zumaiako patroia. Distira berezia begietan zuela, «itsaso honekin, zuzenean ohorezko txandara», esan zuen. Gozatu egiten zuen olatu artean Eizagirrek, eta, adituen arabera, gutxi izan dira Eizagirre bezain abilak olatu handietan traineruari eta baldintzei etekina ateratzen. Gozatu handienetako bat 2001ean hartu zuen, Kontxako bigarren igandean, Paternina-Indaux traineruko patroi zela, Getariak eta Zumaiak elkarrekin osatu zuten taldean. Gutxi-asko, biharko iragarrita dagoen itsasoa eta haizea azaldu ziren orduko hartan ere, eta Eizagirrek eta bere arraunlariek hirugarren egin zuten bigarren igandean. Estropada hartakoa da Castrok Orio badia barruan gainditu eta bandera irabazi zuenekoa, Jose Luis Korta patroi zuela. «Egokia zegoen olatuen alde egiteko arraunean, eta baliatu egin genuen; gozatu ederra hartuz, gainera», oroitu du ordukoa. Bihar ere etorriko zaio gogora, estropada ikusten badu behintzat, eta akordatuko da halako giroarekin patroiek izaten duten aparteko arduraz:«Sortzen du erantzukizun berezi bat, eta bihar ere nahiko lan patroiek. Baina garbi utzi nahi dut halako baldintzetan trainerua ondo eta zuzen joatea talde osoaren lana izaten dela». Xehetasunak ematen hasi da segituan: «Patroiaren lana da trainerua zuzen eramatea, eta horretan asko laguntzen du ondo gogortuta joatea ontzia. Horretarako, arraunean ahalik eta ondoen egin behar da».
Artikulua osorik irakurtzeko Berria.eus-en.