XX. mende hasierara bidaia Getarian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko mar. 20a, 11:04

Hilaren 28an ‘Garai Bateko Ezkontza’ irudikatuko dute Getariako kaleetan zehar. 130 lagunek hartuko dute parte herri antzezlanean, eta azken ukituak ematen ari dira lantaldeak

Floren Iribarrek, Pedro Uzinek, Jon Belokik eta Manu Etxabek egin dute baserria. (Egilea: Aiora Larrañaga) Hilaren 28an getariarrek denboran atzera egingo dute. Teknologia berriak eta gailu elektronikoak alde batera utzi, eta XX. mendi hasieran murgilduko dira arrantzale eta baserritar baten arteko ezkontza irudikatzeko. Herritarrek duela 34 urte Getarian ospatu zen Euskal ezkontzaz zuten oroitzapen gozoak animatu du Getariako Udala Garai Bateko Ezkontza herri antzezlana antolatzera. «Herritarrek gogoan dute 1981ean Getarian egin zen Euskal Ezkontza, eta behin baino gehiagotan aipatu izan digute ideia polita izango litzatekeela berriz ere horrelako zerbait antolatzea», azaldu du Amaia Iribar Kultura zinegotzi eta antzezlanaren antolatzaileak. Gainera, uda sasoitik kanpora herria girotuko zuen egitasmoren bat antolatzeko gogoa ere bazuen udalak. Proposamena onartu eta 2014ko urriaren 1ean egin zuten arduradunek Garai Bateko Ezkontza antolatzeko lehen bilera. «Urriaren 22an Atondu Elkarteko kide Ane Albisu etorri zen Getariara. Albisu euskal jantzi tradizionaletan aditua da, eta aholku batzuk eman zizkigun» azaldu du Iribarrek. Behin ideia orokorra zehaztuta zutenean, azaroan egin zituzten lantaldeak eta buru-belarri lanean hasi ziren. Denera 130 lagun inguruk parte hartuko dute antzezlanean. «Getariarren erantzuna oso ona izan da. Herritarrengandik sortu den ideia izan denez, hasieratik ilusioz hartu dute eta elkarlanean aritu gara». Horretagatik, Iribarrek eskerrak eman nahi dizkie Getariako Udalaren izenean antzezlanean parte hartuko dute guztiei, baita antolaketa lanetan aritu direnei ere: «Zarauztik eta Lezotik aholkuak eman eta arropak utzi dizkigutenei, Ane Albisuri eta Getariako elizari, besteak beste. Guzti-guztiei, mila esker; izan ere, beraien laguntzarik gabe zaila izango litzateke ekimen hau aurrera eramatea». Hiru lantalde Iribarrek nabarmendu duen bezala, «elkarlana» izan da Garai Bateko Ezkontza-ren giltza. Hiru lantalde osatu dituzte, eta 130 herritarrak horietan banatu dira norberaren abilezia eta gustuen arabera. Alde batetik, Arropa taldea jantziez arduratu da. «Ane Albisuk emandako aholkuak jarraituz eta artxibo lana eginez, garai hartan nola janzten ziren ikertu dute. Gainera, herriko zenbait emakume jostunek tailer bat antolatu dute, antzezlanean parte hartu behar dutenei beren jantziak egokitzen laguntzeko». Bestetik, Atrezzoa taldeak gurdian joango den andregaiaren arreoa osatu du, eta Gure Txeruko lokalean arrantzale familiaren etxea girotu du. «Lan bikaina egin dute». Hirugarren taldea Dekorazioa izenekoa izan da, eta horiek egunean bertan frontoian jarriko den baserria egin dute. Laupabost lagunen artean egin dute baserri osoa, eta taldeko kideek azaldu dutenez, Eneritz Manterola altzari diseinatzaileak egin zizkien marrazkietatik abiatu dira. «Baserria egiteko materialaren bila genbiltzala getariar batek aipatu zigun horretarako aproposa zen materiala bazuela. Materiala ekarri genuen, eta forma eman ondoren, aldamioan muntatu genuen». Gehiena material birziklatuarekin egin dute. Taldeak «lan ederra» egin duela nabarmendu du Iribarrek. Dena dela, Garai Bateko Ezkontza ez da eskenatoki bakar batean antzeztuko, herriko txoko desberdinak zeharkatuko baititu: Akarregi gainean hasi, udaletxean, Gure Txeruko lokalean, elizan eta Artzapen geldialdiak egin, eta Elkano kalea zeharkatuta frontoian amaituko dute ibilbidea. Ezkontzaren irudikapenak irauten duen denboran parte-hartzaileek ez dute hitz egingo, eta arropek, dekorazioak eta keinuek berebiziko garrantzia izango dute. «Dantza tailerra ere egin dute azken hilabeteetan, garaiko dantzak ikas zitzaten», aurreratu du udal ordezkariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide