‘Artzape’ babesteko euskara elkartea sortu dute Getarian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urr. 18a, 16:14

Ezkerretik eskuinera, Uzkiza, Iribar, Kamio, De la Hoz, Uzin eta Larrañaga, Artzape Euskara Elkartearen aurkezpenean, herenegun.(Amaia Ventas/Hitza) «Ez da oraingoa euskara talde baten beharra herri honetan. Aspalditik genbiltzan ideia honi bueltaka, eta azkenean errealitate egin dugu». Hala sortu dute Monika Uzkiza, Aritz Iribar, Jon Ander De la Hoz, Izaskun Larrañaga, Izaro Uzin, Nerea Kamio, Josune Urresti, Izaskun Urbieta eta Eider Iribarrek Getarian Artzape Euskara Elkartea. Elkarte horren helburu nagusiak udalerrian euskara bultzatzea eta izen bereko herri aldizkiariari babes osoa ematea izango dira aurrerantzean. Beste elkarteek herrian egingo dituzten euskararen aldeko ekintzei ere «babes osoa» emango diete, eta eurek ere egingo dituzte halako ekitaldiak, «hizkuntza sustatzeko». Herenegun egin zuten elkarte berri horren aurkezpena bederatzi kideetatik seik, eta bertan adierazi zuten duela bi urte inguru herri aldizkaria «egoera larrian eta babesik gabe» zegoela,   Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaitsi zirela eta. Garai batean 6.000 euro inguru ematen zion erakunde horrek Artzape herri aldizkariari, eta murrizketak medio, bi urteren buruan 2.000 eurora jaitsi ziotela laguntza hori. Egoera horri aurre egin nahian, besteak beste, inguruko herri aldizkariak aztertzen hasi ziren elkarteko kideak orduan. Hala konturatu ziren euskara elkarte sortu berriko bederatzi mahaikideak argitalpen gehienek  hura sostengatu edota indartuko zuten euskara edo kultur elkarte bat zutela atzean. Horrez gain, Getarian euskararen alde egiten diren askotariko ekimenak—Korrika eta Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak, esaterako— antolatzeko organismo finkoren baten falta nabaritu zuten herritar horiek. Hori guztia kontuan izanda Artzape Euskara Elkartea sortzea erabaki dute. Bi proiektu Euskara elkartearen asmoetako bat Artzape aldizkaria bultzatzea bada ere, aurkezpenean argi utzi zuten bi proiektu direla. «Nahiz eta aldizkariak elkartearen babes osoa izan, bi proiektu ezberdin dira». Aldizkariak bere horretan jarraituko duela jakinarazi zuten; hau da, hilabetero kaleratuko dute, eta bazkideen artean banatu. Euskara elkarteak, berriz, ez du bazkiderik izango. Hala, zuzendaritza bederatzi mahaikide horiek osatuko dute. Horrez gain, herritarren laguntza, proposamenak, ideiak eta bestelakoak onartuko dituztela nabarmendu dute. Interesa dutenek artzape.euskara.elkartea@gmail.com helbide elektronikora idatz dezake zalantzak argitu edota iradokizunak egiteko. Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 3a gerturatzen ari dela kontuan izanda, egun horren inguruan antolatuko ditu elkarteak lehenbiziko ekintzak. Herritarrak proposamenak egitera antimatu dituzte, beraz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide