"Haitzezko pareta nola geratu den aztertu behar da orain", dio Getariako alkate Nika Lertxundik. Getariako Iribarren kaleko eraikin baten zati bat erori zen bart, eta orain "arriskua zenbatekoa den" jakin behar dela dio alkateak, eta horretarako, "ikusten ez dena baloratu, bistakoa bistan baitago". "Bizilagunen segurtasuna bermatzea da garrantzitsuena".
Geologo bat eta topografo bat eraikina barrutik aztertzen ari dira. Lertxundi, berriz, Viveros San Anton enpresako ordezkariekin dago bilduta, eta erakundeetako kideekin. Kontuak luze joko duela dio. "Etxearen zimenduak ongi daude, egiaztatu dugu. Baina higaduraren ondorioz, eraikinaren oinarria gero eta meheagoa da. Bart 20 metro petril erori zela uste genuen, baina gaur ikusi dugu labar zati bat ere jausi dela. Amildegitik 2-3 metrora dago orain eraikina. 20 bat kamioikada harri atera ditugu". Geologo bat eta topografo bat aurre azterketa bat egiten ari dira. Eta horren emaitzen arabera erabakiko dute ikerketa sakonago bat egin behar den edo ez.
Trumoia zelakoan
"Trumoi hotsa iruditu zitzaigun", dio Getariako Iribarren kaleko eraikin bateko bizilagunak. Alkateak, udaleko arkitektoak edo geologoak bere etxea nola dagoen esan zain dago, eta artean bart gertatutakoei buruzko sentsazioak ari da partekatzen kazetariarekin. "Ez zen ezer askorik ikusten, eta eguraldi aldaketa zetorrela pentsatu genuen".
Atzo 22:30ak aldera izan zen ezbeharra. Labar gainean, Gaztetape hondartzari begira eraikitako etxebitzitzen petril zati bat, 20 bat metrokoa, Viveros San Anton enpresara erori zen. Berehala bertaratu ziren suhiltzaileak, ertzainak, Getariako alkate Nika Lertxudi eta udaleko arkitektoa, kalteak bertatik bertara ikusteko. Ordubetez egoera aztertu ostean, diagnostikoa egun argiz egitekotan geratu ziren, eta eraikineko 9 eta 11 eskaratzetako bizilagunei ezingo zutela etxean lo egin jakinarazi zieten, segurtasunagatik. "Pertsonak dira garrantzitsuena", zioen Lertxundik. Hala, gehienak familiartekoen etxera joan ziren gaua pasatzera, eta bakan batek hotelean egin du lo.
Gaua ongi igaro dutela diote bizilagunek. Eta orain zain daude. Itxuran, etxebizitzek ez dute pitzadurarik. Baina prezintatuta jarraitzen dute, diagnostikoaren zain. Duela bospasei urte ere gertatu zen gisako ezbehar bat etxebizitza horietan. Haitz zati bat erori zen orduan mendialdetik. Baina bizilagunetako batek dio etxeak "ongi" daudela. Hala jakinarazi zieten duela sei bat hilabete, 50 urtetik gorako etxebizitzen egoera neurtzeko azterketa bat egin ostean.
Labar gainean eraikita dago kaltetutako eraikina, Gaztetape hondartzara begira. Itsasoaren higadurak zuzen-zuzenean eragiten dio, beraz.
Viveros San Antongo langile batek jakinarazi duenez, lanean ari dira, normaltasunez. Harri asko erori arren, animaliek ez dute kalterik izan.